Euskarari hats berria emateko hizkuntza politika ausarta galdetuz
Berdin azkeneko inkesta soziolinguistikoak utzitako datuak zein Euskararen Erakunde Publikoak kudeatzen dituen diru-funtsaren izozteak agortze sintoma bezala har daitezke. Egoera iraultzeko hizkuntza politika ausarta aldarrikatzeko karrikara joko du larunbatean euskalgintzak Baionan.
Azterketak euskaraz galdetzeko soilik ez euskarari hats berria emanen dion hizkuntza politika aldarrikatzeko mobilizazioa iraganen da apirilaren 22an Baionan.
Orain arte martxan eman den markoak erakusten dituen agortze sintomei buruz oharra eginez, egungo egoerari zein etorkizuneko erronkei erantzuteari begira joko-eremu berria zehazteko ordua badela uste dute Euskal Konfederazioaren babespean indarrak batzeko deia egin duten eragileek.
«Euskarak bizi behar du» lelo hutsa ez dadin bilakatu zangoak lurrean jartzea lagungarria izan daiteke.
Zer nolako egoeran dago euskara ofiziala ez den lurraldean? Zer bilakaera izan du hizkuntzak urtero-urtero 5.000 biztanle berri erakartzen dituen lurraldean?
Nafarroako eta Lakuako gobernuekin elkarlanean bost urtean behin sustatzen duen VII. Inkesta Soziolinguistikoak Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin utzitako datuak plazaratu zituen iragan martxoaren 31n Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) Baionan.
«Baxoaren nota sistema baliaturik, euskarak ozta-ozta gainditu zuela erabileari buruzko neurketak, aipamen berezirik gabe, erran daiteke».
Hizkuntzari buruzko neurketak 300 euskaldun gehiago kontatu zituen azken bost urteetan hiru lurraldeetan, orotara 51.500 euskaldun direla Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherean zehaztuta.
Denbora tarte horretan, hizkuntza hartzaileen, hau da hizkuntza ulertzen badute ere euskaraz hitz egiteko gai ez diren herritarren kopurua emendatu zen.
700 euskara hartzaile gehiago daude, orotara 24.000 herritar biltzen dituen kategoria horretan, inkestaren arabera.
Baikortasun moderatua inkestaren aurrean
Baikortasun moderatu batekin hartu behar dira aipaturiko datuak, hizkuntza koofiziala ez den heinean erronka demografikoaren aurrean lehia zaila duelako euskarak Ipar Euskal Herrian.
Azken bost urteetan populazioaren hazkundea %2,6koa izan da. Hots, 5.500 erdaldun gehiago bizi dira hiru lurraldeetan.
Garapen Kontseilua bezalako egiturek eskainitako aurreikuspenen arabera, hamarkada batean 50.000 biztanle irabaziko ditu Ipar Euskal Herriak.
Oso bestelako eremuetan hizkuntzaren garapenaren ikuspegitik bere politika propioak garatzeko eskuduntza eskas dituen lurraldean orekak atxikitzea erronka handia izanen da.
«Hazkunde demografikoak badu eragina. 1996an %26,4koa zen euskaldunen proportzioa, iaz %20,1ekoa zen»
Hots, beherako joera baieztatzen da, nahiz eta baikortasunez hartu daitekeen azkeneko neurketan galera ozta-ozta bada ere malgutzea. Egun euskaldunen batezbestekoa %20,1ean kokatzen da.
Adinaren irizpideari jarraituta, euskararen erabilera soilik 16 eta 24 urtekoen artean emendatu da azkeneko inkestaren arabera (+%0,7) eta kontrako ispiluan galera handia izan da 65 urtekoen artean, adin tarte horretan zazi puntuko beherakada izan duelako.
Euskararen etorkizuna ikasgeletan dagoela entzuten da sarritan erabakitzaile politikoen ahotan.
Hezkuntza eredu ezberdinetan euskarak duen garapenari begiratzea ez da, beraz, soberan.
Horri buruz galdetuta, VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera euskarazko murgiltze eredua da herritarren %18,6ren hautua eta, betiere hamarkada baten ibilbidea aintzat harturik, frantsesa eta euskara tartekatzen dituen eredu elebidunaren alde egin duten herritarrak %37,5 dira.
Murgiltze ereduaren eremutik, euskaraz jarduten duten irakasle eta ikasleendako bermeak galdetzeak bultzatzen du gehienbat Seaska heldu den larunbatean Baionan egingo den martxan parte hartzera.
Aurten, borroka luze baten ondorioz, ikastolek brebet azterketa osoki euskaraz egitea lortu badute ere, lizeoaren azken urtean egiten den baxoari dagokionez (selektibitatearen antzekoa) lerroak ez dira oraindik ere mugitu.
Horrendako, apirilaren 22ko deialdira batzeko orduan Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak azterketak euskaraz ezin pasatu izana «gure hizkuntzak bizi duen zentzugabekeriaren beste adierazle bat» dela adierazi zuen, euskalgintzako beste ordezkari batzuekin batera eginiko agerraldian.
«4,2 puntu hazi da hezkuntza elebidunaren aldeko hautua. Kasu horretan ere herritarren nahia eta erakundeena ez datoz bat»
Zeren jakin behar da hezkuntza eredu hori hautatzen duten gurasoentzat euskara ez dela eskubide bat, baizik eta borondate anitzen uztarketa konplexu baten ondorioa. Kasurik onenean, akordio sistema horrek eskola edo gela elebidun berria irabaztera eramaten du.
Alta, ohikoa bilakatu da Hezkuntza Nazionalak oztopoak ezartzea azken unean, nahiz eta eskola batek prozesuak eskatzen dituen baldintza guztiak bete.
Aurten bere 40. urtemuga ospatzen du sare giristinoan euskarazko irakaskuntza bultzatzen duen Euskal Haziak elkarteak.
Christelle Pucheuk argiki laburbiltzen du zein den egoera. Hezkuntza sare publikoan jarduten duen Baga Biga elkarteak bezala larunbateko manifestazioa babesten duen Euskal Haziak-eko kideak deitoratu zuenez, «haur bakar bat aski da eskola frantses hutsean segurtatzeko; euskaraz izan dadin, berriz, burasoen, irakasleen, herriko etxeen eta Hezkuntza Ikuskaritzaren baimenak lortu behar dira».
Ama eskolan aitzinamendu nabarmenak eman badira ere, horrek ezin du ezkutatu kolegiora, eta are gehiago, lizeora igarota euskarak jasaten duen ezabatze prozesua.
«Elebidun sareak ez ditu ikasle elebidun egiten»
«Elebidun sareak ez ditu ikasle elebidun egiten». Ahots bilorik gabe mintzatu da Euskara Geroan sarea. Salaketa hori sustatzekoko agiri batean azaldu duenez, «aurten akordiorik gabe, ikasleen zertifikazio helburua kolegio bukaeran, 3.enean, B2 mailatik B1 mailara pasa da».
Irakasle euskaldunak biltzen dituen sareak azaldu duenez, lizeoari buruzko azken erreformak elebidun saila «opzio bat» gisa arautu du lizeoan. «Euskara ez denez hizkuntza ofiziala Frantzian, ezin da LV1 edo lehen hizkuntza gisa hautatu», zehaztu du sareak.
Zer esanik ez frantziar Estatuan unibertsitaterako norabide prozesua kudeatzen duen Parcoursup plataformaren baitan, hor elebidun saila ez da agertu ere egiten.
«Seaskak brebetarentzat euskaraz pasatzearen deretxoa berreskuratu badu, aukera ez zaie elebidun saileko ikasleei ideki», oroitarazi du elkarteak.
Hain zuzen, Biga Bai eta Euskal Haziak elkarteekin batera gutuna izenpetu du Euskara Geroanek. Eskutiz horretan, Pap Ndiaye Hezkuntza ministroari galdetu diote sail elebidunetan ikasten duten ikasleek aukera izan dezaten brebetaren zientzietako froga euskaraz idazteko.
«Ikasleek euskara ikasi nahi dute baina gaur egungo hezkuntzako baldintzek ez dute hori ahalbidetzen, euskararen kontrako politika linguistiko bat indarrean delako» deitoratu ondotik, sare elebidunean jarduten duten eragileek larunbatean, arratsaldeko 17.00etan, Baionako Suprefeturatik abiatuko den martxara batzeko deia egin dute.
Hogei bat ikasle Bordeletik Baionara bizikletaz
Alta, lehenagotik heldu diote martxari Estitxu Robles kolegioko hogei bat ikaslek.
Hain zuzen azterketak euskaraz galdetzeko Hezkuntza Errektoretzaren egoitza duen Bordeleko hiria eta Lapurdi hiriburu arteko distantzia bizikletez beteko dute.
Azterketak Euskaraz: Seaskako ikasleak bizikletaz abiatu dira Bordeletik @seaskaikastola #azterketakeuskaraz https://t.co/VRQMUd1itX pic.twitter.com/ZeyRgCS3tn
— kazeta.eus (@kazetaeus) April 18, 2023
Beste alor batzuetan ere prekarietatea
Era berean, euskarari etorkizuna emateko oso bestelako eremuetan pedalkadak egunero ematen dituzten beste hainbat alorretako eragileek pairatzen duten prekarietatea salatzeko balioko du larunbateko mobilizazioak.
«AEK-k izan zen alarma gorria piztu zuen lehena. Prekarietatearen kexa bere egin dute ondotik, hainbat elkartek, Uda Lekuk kasu».
Geroztik beraiek bezala kexu diren beste egituretako hainbat ordezkari mintzatu dira.
Aisialdiaren eskaintza euskaraz bermatzen duen Uda Leku elkartea da horietako bat.
Azaldu duenez, «herri ezberdinetako harrera guneak beteak dira eta animazio arloko eragile gehienak zailtasunetan dira animatzaileak ezin aurkituz eta ondorioz familien beharrei ezin erantzunez».
Elkarte bereko kide den Maddi Bordagarayk gehitu duenez, «egiazko hizkuntza politika publiko bat balitz, ez genituzke bost aisialdi zentro euskaldun, baizik eta 22, guttienez kantonamendu bakoitzeko bat».
Alta, funtsezko garapen hori ezin da egikaritu gaur indarrean dagoen finantzamendu sistemaren bidez.
Ibarbourek zehaztu duenez, iaz Uda Leku elkarteak 64 herritako haurrak hartu zituen, baina soilik hamalau tokiko erakundek babesten dute diruz elkartea.
Ondorioz, Uda Lekuk herriko etxeetatik jasotzen ez dituen diru-laguntzak Euskararen Erakunde Publikoak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sustaturiko diru-funtsetatik jasotako
179.000 euroekin behar izan zuen estali iaz diru gabezia hori.
«Dirurik ez, animatzailerik ez, lekurik ez», kezkaz mintzatu da elkartea, eta AEK-ko langileek eginiko oharra bere eginez soldata «militanteak» kobratuz ezin dutela bizi ohartarazi du.
«Txaloak jasotzen dituzte euskaraz jarduten duten eragile eta langileek Ipar Euskal Herrian, baina bere egoera zaurgarria da»
Ximun Carrerek baitezpadakotzat jotzen du frantses prentsari esleitzen zaion diru kopurua euskarazkoari ere ematea.
Euskara transmititu eta euskal hiztun osoen kopurua areagotzeko bidean komunikazio alorra saihetsezineko eragilea dela azpimarratuz, finantziazio iraunkorra galdeginen du Euskal Hedabideak elkarteak.
Horrendako, elkartea osatzen duten bost hedabideek –Kazeta.eus, Kanaldude, Euskal Irratiak, ‘Ipar Euskal Herriko Hitza’ eta ‘Herria’ astekaria– agiria plazaratu dute beren irakurle, ikusle eta entzuleei deia luzatuz apirilaren 22ko martxara bertaratzeko.
Euskara sustatzeko diru-funtsa, izozturik
Izan ere, Zuberoa, Nafarroa Behera eta Lapurdin euskaraz jarduten duten eragileek beraien lana aurrera eramateko premiazkoa duten diru-funtsaren kopurua ez da emendatu azkeneko bost urteetan.
EEPk kudeatzen badu ere, Lakua zein Nafarroako gobernuek diru ekarpena egiten dute.
«Gure aurrekontuak ez direnez aldatzen ez dago epe luzerako diru-laguntzak ekartzeko gaitasunik» gogora ekarri zuen laster bere postua utziko duen Antton Curutcharryk, aurten funts horren bidez banatuko diren ekarpenen bilduma aurkezteko agerraldian.
Ipar Euskal Herrian hizkuntza politikaz arduratzen den egiturak orotara 1.930.000 euro kudeatuko ditu aurten. Azkeneko bost urteetan 400.000 euroko ekarpena bermatu du, hala nola, Gasteizko Gobernuak, euskalgintzako eragileek behar dituzten aldeko baliabide gehiago mobilizatu gabe.
Euskal Konfederazioren izenean galdera pausatu du horren harira Sebastien Castetek: «Hizkuntza politika bera bizirauten duten elkarteek ez badute nahikoa baliabide, zer geroa du politika horrek?».
«Euskarak murgiltzea behar du»
Herritarrek euskarari agertzen dioten atxikimenduari erantzuteko eta, horrekin batera, egunerokotasunean euskarari hauspoa emanez jarduten duten egitura eta langileen premiak estaltzeko, egungo sistematik «hizkuntza politika ausart» batera igarotzeko tenorea dela aldarrikatzeko apirilaren 22an Baionako karrikak betetzeko deia egin du euskalgintzak.
Ipar Euskal Herriko eragile sozial eta politikoetatik heldutako sostenguari, besteak beste, Ikastolen Elkartea, Kontseilua, ikasle mugimenduak zein Hexagonoan hizkuntza gutxituetan jarduten duten 188 ikastetxe biltzen dituen Eskolim sareko kideen aldetik heldutako babesa gehitu behar zaie.
Oroimenean badira urte bi 10.000 lagun bildu zituen «Euskarak murgiltzea behar du» martxak».