INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

Espetxeratutako kazetariekin bi neurri ezberdin erabiltzea aurpegiratu dio Iñarrituk Sanchezi

Jon Iñarrituk (EH Bildu) Pablo Gonzalezen egoera salatu du asteazken honetan Kongresuan, eta Espainiako Gobernuak duen jarrera kritikatu du. Izan ere, Polonian espetxeratua dagoen euskal kazetariak Kontsulatuaren laguntza izan du, baina ez du «laguntza politikorik», eta beste kasu batzuetan, bai.


Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak asteazken honetan salatu du Espainiako Gobernuaren jarrera Pablo Gonzalezen kasuan. Duela 15 hilabete atxilotu zuten euskal kazetaria eta Polonian segitzen du preso.

Iñarrituk Kongresuan ohartarazi duenez, egunero 23 ordu igartzen ditu ziegan, Guantanamoko kontzentrazio esparruarekin parekatu daitekeen egoera batean. «Egoera hori ez da onargarria, ezta deliturik txarrenagatik kondenatua izan den pertsona batentzat ere», adierazi du.

Gonzalez ez dela epaitua izan gogoratu du, eta gogor kritikatu du Espainiako Gobernuaren jarrera, beste kasu batzuetan Kanpo Arazoetarako ministroa den Jose Manuel Albares hartutako neurriak gogoratuz.

Iñarrituren esanetan, Iranen atxilotua izan den espainiar hiritar baten kasuan Albares berak hitz egin zuen Teherango agintariekin, eta ministerioak agiri bat argitaratu du Errusian espetxeratua izan den Evan Gershkovich kazetariaren askatasuna aldarrikatzeko.

Pablo Gonzalezek izan du Kontsulatuaren laguntza, baina ez du «laguntza politikorik» jaso. Gainera Madrilgo Gobernuaren ordezkariek euskal kazetariaren errugabetasun-presuntzioa urratu dutela kritikatu du Iñarrituk. «Ez duzue jarrera berdina izan, hori argi dago», gaineratu du.

Espainiako presidentea den Pedro Sanchezek auzia instrukzio fasean dagoela adierazi du, eta beraren Gobernuak adi dagoela nabarmendu du.