INFO

Ortuzarrek «eskumen urraketa nabaritzat» jo du Etxebizitza Legea, EAJren kanpaina aurkezpenean

Andoni Ortuzarrek EAJk hauteskunde kanpainan erabiliko duen leloa eta Sabin Etxean jarri duten lona aurkeztu ditu Bilbon. EH Bilduk, ERC-k eta Espainiako Gobernuak adostutako Etxebizitza Legearen aurka agertu da, «eskumen urraketa nabaria» dela argudiatuz.

Juan Mari Aburto, Andoni Ortuzar eta Elixabete Etxanobe, aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta alkategaiak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaiak lagunduta aurkeztu du Bilbon Andoni Ortuzarrek EAJk hauteskunde kanpainan erabiliko duen leloa, ‘Aurrera, batera! Euskadi mira al futuro’, eta Sabin Etxean jarri duten lona. Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak azpimarratu du «sobera ezagunak» direla bi hautagaiak eta programa «sendoa» aurkeztu dutela.

EH Bilduk, ERC-k eta Espainiako Gobernuak adostutako Etxebizitza Legeaz ere mintzatu da, eta EAJren ezetza justifikatu du legea «eskumen urraketa nabaritzat» joz. Isabel Rodriguez Madrilgo gobernuko Lurralde Politikako ministra eta bozeramaileak Bilbon PSOEk egindako ekitaldi batean adierazi du estatu mailako Etxebizitza Legeak «erabat» errespetatzen dituela eskumen autonomikoak eta, EAJ aipatu gabe, gaineratu du «zaila» izango dela ezetza justifikatzea.

Ortuzarrek azaldu du EAJk legea irakurri eta bi ikuspuntutatik aztertu duela, autogobernuan duen eragina kontuan hartuta eta edukiari berari erreparatuta. Lehen puntuaren inguruan irmoki adierazi du «eskumen urraketa nabaria» dela: «‘Eskumen esklusiboei kalterik egin gabe’ dioen klausulatik aurrera, gainontzeko guztiak legea betetzera behartzen gaitu». Halaber, gaineratu du hau justifikatzea zail daukaten alderdiak dira haien burua abertzaletzat dutenak direla, euskaldunak zein katalanak. Ildo beretik, Rodriguezi eskatu dio «eskumenak urratu nahi ez baditu EAJrekin negoziatu dezala, niri azalpenak eskatu beharrean».

EBBren presidenteak EAEn indarrean dagoen Etxebizitza Legea goraipatu du, EAJk arlo horretako lehen legearen aurka bozkatu bazuen ere, eta Madrilen adostutakoa baino hobea dela baieztatu du. Hala ere, onartu du badagoela zer egin: «Euskadin arazo larria daukagu etxebizitzarekin».

Legearen edukiari helduta, Ortuzarrek Espainiako Gobernuarekin hitz egiteko prestutasuna agertu du, legeak badauzkalako alde onak, «alokairuen prezioaren topearekin zerbait egin behar da». Hala ere, kezka agertu du etxebizitza turistikoen inguruan: «Juan Mari (Aburto), baina bereziki Eneko Goia gehien kezkatzen duten gauzetako bat da eta, nik dakidala, ez da asko aipatzen».

Rodriguezen PSOEren Bilboko ekitaldian adierazi du herritarrei «gutxi axola diela eskumena non dagoen, arazoak konpontzen badira», eta baieztapen horrekin erabateko desadostasuna agertu du Ortuzarrek, azalduz eskumenak ez direla «kontzeptu etereo» bat eta garrantzitsua dela «hemen hartzea, ez diputatuen kongresuan». Rodriguezen adierazpenekin jarraituz EBBko presidenteak gaineratu du, «asko errespetatzen dut ministra bozeramailea, baina batzuetan hobe da isilik egotea».

Moncloan ez, hemen

Kanpainaren inguruan Ortuzarrek adierazi du badirudiela maiatzaren 28an «Moncloan nor eseriko den erabaki behar dela, nahiz eta jokoan dagoena gure zerbitzu publikoak, gure azpiegiturak... diren». EAJren «gertutasuna» azpimarratu nahi izan du EBBko presidenteak, adieraziz «jendearen alderdia» direla esatea gustatzen zaiela. Horrela, politikarekiko atxikimendurik eza sentitzen duten horiei EAJ bozkatzeko deia egin diete, «etorkizuna irabazteko gure lidergoa jartzeko prest» daudelako.