INFO

Alice Divak atea itxita eta Arcos eta Marianek arerioarena zulatuta, Bera Bera finalerdietan da

Bera Berak Kopako finalerdietarako txartela lortu du Elx (36-24) garaitu ostean. Lehen zati oso txukuna egin du (12 goleko errenta izan dute), garaipena bideratuta utziz. Larunbat honetan jokatuko dute finalerdia, 21.00etan, Atletico Guardesen aurka –20-27 irabazi dio Motive.co Gijon taldeari–.

Mariane Fernandesek 8 golekin amaitu du partida. (J.L.Recio | RFEBM)

Pamela Rodrigues atezainaren aurpegia Mariane Fernandesen jaurtiketa indartsu eta geldiezinaren aurrean, markagailuan 28-17 zegoenean... Ez dago partidako erakusle argiagorik aurpegi hori baino. Etsipenarena, nahi eta ezinarena, ezinegonarena... menderatua izan zarenaren adierazle.

Gutxik espero zuten moduan garaitu du ostiral honetan Bera Berak Elx taldea, Kopako finalerdietarako sailkapena lortzeko. Alacanteko taldea arerio zorrotza izan da gipuzkoarrentzat, batez ere kanporaketei dagokionez –2021eko Superkopako finalean eta 2021 eta 2020ko Kopako partidetan, esaterako–. Partidaren atarikoan ere ohiko galdera bilakatu zen baina Imanol Alvarezek zein jokalariek ondo esan bezala, beraiek egin zezaketena ondo eginez gero, asko izango zuten irabazteko. Eta bai egin ere. Bikaintasuna lortzea –bikaintasuna zer den ez dakigunean– nekeza da baina Bera Bera oso gertu ibili da 5. minututik 20.enera.  

Defentsa sendoa eta korrika egin. Halaxe, bi minutuan, 5-0ko partziala ezarri (7-3) eta garaipena ederki bideratu dute donostiarrek, Alice Fernandesen ezinbesteko laguntzarekin. Jokalari asko izan dira protagonista gaurko partidan baina atezain brasildarra oso fin aritu da –ez soilik bere atea defenditzen baita bestea zulatzen ere, gol bat egin baitzuen–. 10 minutuan Alacantekoak golik ezin eginda ibili dira (11-3, 15. minutuan) eta bitartean, Imanol Alvarezen taldeak erasoan baloirik galdu gabe jarraitu du. Alegia, bikaintasunetik oso gertu. Ate aurrean, Paula Arcos eta Mariane Fernandes nabarmendu dira; orotara, 9 eta 8 gol eginda, hurrenez hurren. «Pistan zoriontsu» izatea bilatzen zuen brasildarrak, atarikoan NAIZi onartu legez, eta ederki lortu du. Honek irribarre egiten duenean, gauzak ondo doazenaren seinale izaten baita.

Taldean hutsunerik ez

Fernandesen irribarrea oso da kutsakorra eta Elke Karstenek hori ongi nabaritu zuen. Argentinarra hasieratik aritu zen –Arrojeria beranduago sartu zen jokoan, eta a ze erakustaldia honena ere– eta golak bakarrik ez, jokoa ere zuzendu du. Polonio eta Gavilanen kide perfektua bilakatu da. 

Sarraskia handiagoa izan zitekeen, 17-5eko markagailua ezarri baitute lehen zatia bukatzeko bost minuturen faltan. Eraso batzuk «gehiegi luzatzea» eta defentsan «leunago» ibiltzearen ondotik –Alvarezek hutsartean erabilitako hitzak–, 0-4ko partziala jaso dute eta apur bat gerturatu dira Elxekoak (17-9).

Aldea gehiegizkoa zen bigarren zati osoa geratzen bazen ere. Katastrofe handiegia gertatu beharko zitekeen –2017an Rocasaren aurkako finalekoa baino handiagoa–. Bera Bera oso fin zebilen: lau jokalarik jaurtiketetan %100eko estatistikarekin bukatu dute, beste hiruk %65etik gora... Bien bitartean, Elxeko Van Zijl, Guilabert, Andreu eta Do Nascimentok %50etik behera bukatu dute. Horra hor Bera Beraren garaipen handia deskriba dezakeen datua.

Super Amara Bera Bera: Alice (1); Louis (2), Karsten (3), Arcos (9), Fernandes (8), Polonio (2), Erauskin (3). Aalla (o.a.), Gavilan (2), Arrojeria (4), Loidi, Cavo (1), Hernandez (1), Etxeberria, Boada.

Atticgo Elx: Morales; Flores (1), Guilabert (1), Mendez (2), Zhukova (1), Bernabe (5), Do Nascimento (4). Rodrigues (o.a.), Van Zijl (3), Andreu (1), Gasco (1), Benitez (1), Martinez (2), Wolfs (2).

Epaileak: Macias de Paz eta Ruiz Vergara. Bera Beratik, Louis eta Loidi kanporatu zituzten; Elxetik, Bernabe.

Markagailua: 22-3, 6-3, 9-3, 11-3, 16-5, 17-9 –atsedenaldia–; 21-13, 25-16, 27-17, 29-19, 32-23, 36-24.