INFO

Madres Mercedariasen itxieraren aurka Laudioko eliza okupatu dute

Orozkoko Madres Mercedarias zentroko langileek Laudioko eliza okupatu dute igande honetan Bizkaiko Foru Aldundiak zentroa itxi eta 116 pertsona kaleratzeko mehatxua salatzeko. Arratsaldean zehar hainbat hitzaldi eta mahainguru egin dituzte.

Manifestariak elizara sartzeko unean. (SOS Aiaraldea)

Aniztasun Funtzionala duten pertsonentzako Orozkoko Ibarrako Madres Mercedarias zentroa ixteko eta, ordorioz, 116 langile kalean geratzeko arriskuaren aurrean. Hori salatzeko asmoz Laudioko San Pedro eliza okupatu dute igande honetan.

Aiaraldeko Greba Batzordeak Twitter bidez jakinarazi duenez, ehundaka pertsona sartu dira elizan arratsaldeko ordu biak aldera, ‘Mercedarias ez itxi’ lelopean. Geroago zabaldutako ohar batean, ekintza «giro lasaiean» burutu dela adierazi du, eta helburua lortuta amaitutzat eman dute.

Itxialdian zehar, gainera, hainbat ekintza egin dituzte. Hasteko, Aiaraldeko eskola publikoaren egoerari buruzko mahainguru bat egin dute, Zabaleko, Lamuza, Orozko, Mediko eta Aretako eskoletako zenbait gurasoren parte-hartzearekin.

Ondoren, Aiaraldeko Mugimendu Feministaren txanda izan da, zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko borrokaren aurkezpenarekin, 17.00etan.

Arratsaldea amaitzeko, hitzordu nagusia 17.30etan izan da, Madres Mercedariaseko, Apdemako, Gaudeko eta Gorabideko hainbat langileren arteko mahainguru batekin. Ondoren, asanblada egingo dute. Gainera, itzulpen zerbitzua eta haurren zaintza zerbitzua antolatu dituzte.

Aiaraldeko Greba Batzordeak oharrean gogorarazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundia da zerbitzuaren titularra eta azken erantzulea, baina hitzarmen batek kudeaketa eta finantzaketa Madres Mercedarias Kongregazioaren esku uzten du.

Greba baten ostean

Iazko maiatzean Madres Mercedariaseko langileek greba egin zuten zuzendaritzak inposatutako murrizketen aurka protesta egiteko. Abenduan, Kongregazioak komunikartu instituzional baten bidez aurtengo abenduan zerbitzua utziko zutela jakinarazi zien langileei. Inork hartzen ez badu, zentroa itxiko dute eta hainbat mobilizazio egin dituzte.

Igande honetan errepikatu dutenez, «egoera oso larria da, ez bakarrik guretzat, baita zaintzen ditugun emakumeentzat ere. Emakume horientzat, egoitza-zentro hori, haien etxea da, batzuek urte asko daramatzatelako zentroan. Horregatik, egoera horren erantzule zuzena egiten dugu, eta konpromiso argia eta baldintzarik gabekoa eskatzen dugu Ibarrako zentroa mantentzeko».