INFO

Athleticek bere eskuetan dauka denboraldiko helburua bete eta Europara itzultzea

Zuri-gorriek Vila-realen eta Betisen kontra neurtu behar dituzte indarrak Liga amaitzeko geratzen diren azken zortzi jardunaldietan eta sailkapenean seigarren eta bosgarren postuan dauden taldeekiko aldea puntu bat eta bitara murriztu du.

Williams anaiak Nicok Almerian egindako gola ospatzen taldekideekin batera. (@AthleticClub)

Athleticek inork uste baino hobeago erreakzionatu du Kopan jasotako kolpearen ostean. Osasunak finaletik at utzi zuen San Mamesen eta zuri-gorriek Ligako hurrengo hiru partidak jarraian irabazita erantzun dute. Espanyol, Reala eta Almeria itxura ona emanez eta nagusitasunez gainditu dituzte.

Azken jardunaldia borobila izan da Athleticentzat. Garaipena lortzearekin batera, Europarako lehian aurkari zuzenak diren Vila-realek eta Betisek galdu egin dute. Seigarren postua puntu bakar batetara dago eta bosgarrena bira. Zortzi jardunaldi geratzen dira txapelketa amaitzeko eta Athleticek ez dauka aurkarien emaitzak itxaroten egon beharrik. 

Vila-reali egingo dio bisita maiatzaren erdialdean eta Betis San Mamesera etorriko da hurrengo astean. Egutegiari begiratuta baikorrak izateko itxaropena berpiztu da. Tamalez, azken urteetan Athleticek huts egin izan du goiko postuetan sartzeko aukera izan duenean eta zalantza, edo kezka, horiek hor egongo dira.

Azken zortzi jardunaldiak

Ostegunean Mendilibarren Sevilla hartuko dute zuri-gorriek etxean. Bolada bikainean datoz andaluziarrak eta sailkapenaren erdialdean kokatu dira. Europa Leagueko finalerdiak jokatzeko ere sailkatu dira Manchester United kanporatu ondoren.

Maiatzaren 1ean berriz, Mallorcan jokatuko dute zuri-gorriek. Javier Aguirreren taldeak maila mantentzeko helburua erdietsita daukala esan daiteke. Hilaren 4ean Betis egongo da San Mamesen eta gero etorriko da Vila-reali bisita. Celta etxean eta Osasuna kanpoan izango dira hurrengo partidak. Amaitzeko, ziurrenik, ezer jokoan edukiko ez duen Elx San Mamesen eta Real Madrili bisita azken jardunaldian. Ekainaren lehen asteburuan bukatuko da txapelketa.

Jon Uriarteren Zuzendaritza Batzak entrenatzailearekin eta jokalariekin batera adostutako helburua betetzea bere eskuetan dauka talde zuri-gorriak. Bost urte igaro dira Europan jokatzeko sailkapena lortu gabe eta klubarentzat beharrezkoa da prestigioa berreskuratu eta diru iturriak handitzea.

Une honetan, Athleticek ez du Kopako garailea zein izango den begiratu behar. Hala ere, Real Madrilek irabaziz gero, Ligako zazpigarren taldea Conference League jokatzeko sailkatuko da. Zuri-gorriek tartea ireki dute postu horrengatik dauden taldeekiko. Osasuna bost puntutara geratzen da eta Rayo eta Mallorca sei puntutara daude.

Williams anaiak, Herrera eta De Marcos

Williams anaiek erabakigarriak izan ari dira azken partidetan. Nicok denboraldiko bederatzigarren gola egin zuen Almerian. Sei egin ditu Ligan eta hiru Kopan. Iñakik ere bederatzi daramatza. Zortzi Ligan eta beste bat Kopan. Taldeko golegile nagusiak dira. Bederatzi zenbakia atsedenaldian aldatu zuen Valverdek, baina teknikariak ziurtatu zuenez ez dauka arazo fisikorik.

Bestalde, ikusteke dago Muniain prest egongo den Sevillaren kontra jokatzeko. Vesga eta Zarraga zigortuta daude. Dani Garcia itzuliko da eta Herrerak beste aukera bat izan dezake zelai erdian. Hamaikakoan sartu zen Almerian eta ordubete bat jokatu zuen. Akatsen bat egin arren, maila egokia eman zuen eta ondo moldatu zen. Lesioak ahaztea lortzen badu, jokalari garrantzitsua izan daiteke azken txanpan.

De Marcosek gola egin zuen Almerian. (@AthleticClub)
De Marcosek gola egin zuen Almerian. (@AthleticClub)

De Marcosek ere zeresana eman zuen. Gola egiteaz gain, datorren denboraldian jokatzen jarraitzeko erabakia hartu gabe daukala aitortu zuen. Valverderentzat lehen aukera izan da defentsaren eskuin hegalean jokatzeko eta maila ona eman du. 34 urte egin berri ditu eta ez du arazo fisiko larririk izan azken sasoian.

Balenziagaren agurraren ondoren eta Arabarrak bere zalantzak azaleratu ostean, Athleticek Iñigo Lekueren berrikuntza ofiziala egin zuen hurrengo egunean. Deustuko mutilak 30 urte egingo ditu maiatzean eta ezker zein eskuin hegaletik jokatzera moldatu daitekeela erakutsi du.

Azkenik, Zuzendaritza Batzako kide batek dimisioa aurkeztu du. Adolfo Plaza diruzainordeak, hain zuzen ere. Laborak Kutxako presidentea izateko proposamena jaso du eta uko egin dio erantzunkizunari «arrazoi profesionalengatik».