INFO

Sebas Etxaniz, Kolektiboko helduena, baldintzapean aske 20 urte eta erdi preso eman ondoren

80 urte betetzear da Sebas Etxaniz elgoibartarra, eta 20 urte eta erdi daramatza preso. Baldintzapean aske gelditu da. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen artean helduena da.

Iragan urtarrilaren 7an presoei ezartzen zaizkien salbuespen politiken aurkako manifestazioa Bilbon. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Etxeratek jakitera eman duenez, baldintzapeko askatasuna eskuratu du Sebas Etxaniz Alkorta elgoibartarrak. 80 urte beteko ditu aurten eta 20 urte eta erdi daramatza preso.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kiderik beteranoena da Etxaniz eta 2020ko uztailetik zegoen hirugarren graduan.

Kartzelan eman zituen azken urteak borroka judizial luze batek markatu zituen, presoek legezko bidetik egindako apustuaren aurrean epaileen ebazpen zentzugabeen sinbolo bihurtuz.

Behin baino gehiagotan ukatu zitzaion hirugarren gradua, aurrez tarteka ateratzeko baimenik izan ez zuelako, eta baimenak, berriz, hirugarren graduan ez zegoelako ukazen zizkioten.

Aurretik, baina, iheslari ibili zen Etxaniz. 1994an Nikaraguako agintariek kanporatu egin zuten, eta espainiar Estatuaren esku utzi. Hilabete batzuk espetxeratuta egon ostean, epaileak aske utzi zuen, eta Venezuelara jo behar izan zuen gero, eta berdina gertatu zitzaion han: 2002ko abenduan herrialdeko inteligentzia zerbitzuek atxilotu eta Estatu espainiarraren esku utzi zuten berriz. Orduan hasi zuen 20 urte eta erdiz luzatu den espetxe zigorra.

Aitzol Etxaburu, Lannemezanetik Martutenera

Beste berri bat ere eman du Etxeratek astearte honetan: gaur arte Lannemezango espetxean preso egon den Aitzol Etxaburu ondarroarra Martutenen dago jada, Estatu frantseseko agintariek espainiarren esku utzi eta gero.

Hamalau urteko zigorra bete du Estatu frantsean Etxaburuk.