INFO

80ko hamarkadan Hiru Erregeen Mahaitik desagertu zen Frantzisko Xabierkoaren burua agertu da

Hiru Erregen Mahaian zegoen eta 80ko hamarkadaren erdialdean desagertu zen Frantzisko Xabierkoaren burua agertu da. Euskal mendizaletasunaren memoria gordetzen duen EMMOA fundazioak jaso du, era anonimoan.

Gaur egun Hiru Erregeen Mahaian dagoen Frantzisko Xabierkoaren estatua. (MENDIAK.EUS)

1985ean desagertu zen Frantzisko Xabierkoaren estatuaren burua Hiru Erregeen Mahaiko gailurretik. Bandalismo ekintza bat izan zela uste da; dekapitatu egin zuten santua. Bildumagile batek eraman ote zuen ere zabaldu zen garai hartan, eta orain itzultzea erabaki duela.

Bada, Euskal-Nafar Mendizale Federazioa bere mendeurrena betetzeko gertu dagoela (2024an), Frantzisko Xabierkoaren burua agertu egin da: EMMOA fundazioak jaso du, norbaitek era anonimoan bidalita. Hala baieztatu dio Txomin Uriarte fundazioko presidenteak Ser irrati kateari.

«Pakete bat jaso dugu, ireki eta santu baten burua zen. Ikertu dugu, eta jakin gabe zein bide egin duen, Frantzisko Xabierkoaren burua zela jakin dugu, Nafarroako patroia, Hiru Erregeen Mahaian zegoena», azaldu du.

Uriartek esan duenez, EMMOA fundazioak gorde eta erakutsiko du duela 38 urte ostu zuten burua. «Seguru asko arrakala, erreka edo antzeko lekuren batean agertu da», erantsi du. Tolosako Arkauteko txaletean euskal mendizaletasunaren museoa irekitzen denean, han jarriko dute erakusgai Frantzisko Xabierkoaren burua. Izan ere, Euskal Herriko mendirik garaienak badu gaur egun santuaren beste estatua bat.

Museoa ireki arte, EMMOA fundazioaren kolaboratzaileen esku jarraituko du buruak, Iruñean.

EMMOAk euskal mendizaletasunaren historia eta memoria gorde eta babestea du helburu. Hala, euskal alpinistek, eskalatzaileek, eskiatzaileek eta abarrek sortutako milaka argazki, dokumentu eta kirol material gorde eta herritarrek kontsultatu ahal izateko moduan jarri nahi ditu. Museoa 2024rako prest egotea espero dute, mendeurrenarekin bat. Beste ezustekorik gertatzen ez bada, Frantzisko Xabierkoari ostutako burua ere han izango da.