INFO

Adegiren egoitzara sartu da LAB, Gipuzkoako Metalean «mugarik gabeko» negoziazioa bultzatzeko

Adegik Donostian duen egoitzara sartu da LAB, patronalari exijitzeko Gipuzkoako metalgintzaren sektorean «mugarik gabe» negoziatzera prestatu dadila.

Adegiren egoitzara sartu dira LABeko hainbat kide. (LAB)

Gipuzkoako metalgintzan hitzarmen duina eta «mugarik gabeko» negoziazioa aldarrikatzeko helburuz, LAB sindikatuko hainbat kide Adegik Donostian duen egoitzan sartu dira.

‘Metalean hitzarmen duina. Antolatu eta borrokatu’ idatzita zuen pankarta erakutsi dute ekintza egin bitartean, eta egurrezko listoiak jarri dituzte patronalaren egoitzaren sarrerako atean. Barruan, dozenaka eskuorri bota dituzte.

Sindikatuak nabarmendu du dagoeneko sei bilera egin dituztela Adegirekin, baina honek artean ez duela «proposamen osorik» mahaigaineratu. «Haiek erabakitzen dute negoziaketan zertaz eta noiz hitz egin behar den eta hau onartezina da. Bada garaia behingoz benetako negoziaketari ekiteko eta beraien proposamena mahai gainera ekartzeko», deitoratu du LABek ohar batean.

Sindikatuak «mugarik gabeko» negoziaketa baterako prest egon dadila galdegin dio patronalari, izan ere, gogoratu du Gipuzkoako metalgintzaren sektoreko datuak «onak» direla: «Enpresek irabaziak izan dituzte eta dibidendu banaketak ere egon dira».

Hortaz, akordio «duin» bat eskatzen du LABek, gutxienez «sortutako aberastasunaren banaketa bermatuko duena, KPIa bermatuko duena, lanaldi murrizketa, aldi baterako ezgaitasunen osagarriak eta baimenetan aurrera pausoak jasoko dituena eta malgutasunari mugak jarriko dizkiona».

Hau guztia lortu arte borrokan jarraituko duela eman du jakitera, eta mobilizatzeko gonbita luzatu die gainerako sindikatuei ere.