INFO

Belaguako lurrak «egoera egokian» itzultzeko proiektua uztailerako prest eduki nahi du Madrilek

EAJko Joseba Andoni Agirretxeak galdetuta, Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak baieztatu du Belaguako lurzorua «egoera egokian» itzuliko diola Erronkaribarko Batzorde Nagusiari. Proiektua uztailerako prest egotea espero du minsitroak.

Belaguan dagoen kuartela. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak baieztatu du Erronkaribarko Batzorde Nagusiari «egoera egokian» itzuliko diotela 1980an Belaguako portuan utzitako lurzorua, eta, horretarako, proiektua «intentsitate handiz» lantzen ari direla. Ministroak proiektua uztailerako prest izatea espero du.

Roblesek horrela erantzun zion Espainiako Kongresuko Osoko Bilkuran Joseba Andoni Agirretxea EAJko diputatuak Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia betetzeko eman diren pausoei buruz egindako galderari. Epai horren arabera, Ministerioak bere egoera naturalean itzuli behar du Erronkarbarko Batzorde Nagusiak babeslekua eta eskola militarra eraikitzeko lagatako lurzorua.

Roblesek azaldu duenez, «intentsitate handiz» ari dira lanean proiektu horretan, eta litekeena da uztailean prest egotea, instalazioak eraitsi aurretik auzitegiko aretoan aurkezteko moduan, aurtengo urtarrilaren 20ko autoak ezartzen duen bezala.

«Erronkariko Ibarreko Batzorde Nagusiak zeresan handia izango du», gaineratu du ministroak. Behin Auzitegi Nagusiak oniritzia emanda, «aurrekontu-zuzkidurari eta kontratazioari dagokion guztiarekin aurrera jarraituko dugu», zehaztu du.

Roblesek deitoratu egin du 2013tik lehen epaia eman zenetik «akordiorik lortu ez izana», baina adierazi du ez duela beste batzuek egin ez zutenaren erantzukizunik bere gain hartuko, eta berretsi du «bide onetik» doazela eta «denoi lasaitasuna eman behar diguna kontrol judiziala» dagoela.

«Autoa bete egingo dela berma diezazuket», erantzun dio Roblesek Agirretxeari, «eta horretarako daude epaitegiak, betetzen dela zaintzeko, eta proiektua idazten ari garela esaten dizut, baita gure borondatea dela ere, Defentsa Ministerioarentzat ez baitu inolako baliagarritasunik».

Agirretxeak, bere aldetik, ministroaren erantzuna baloratu du, eta gogorarazi du Garrido Jeneralaren Aterpe Militarra Belaguako portuan (Nafarroa) eraiki zutela, erabilera militarrerako, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak Defentsa Ministerioari lursaila laga ostean. Orduan, baldintza bat ezarri zen: Ministerioak behar ez zuenean, Batzordeari itzuliko ziola. Batzordeak 2008an formalki eskatu zuen itzultzea, interes militarrik gabeko bezala deklaratu ondoren.

Defentsa Ministerioak eskaera ukatu zuen 2010ean, eta Batzordeak gora jotzeko errekurtsoa jarri zuen, baina atzera bota zuten. Horren ostean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen, «eraikinen egoera txarra zama edo arazo bihur ez dadin». Horren ondorioz, 2013an Erronkariren aldeko epaia eman zen, eta Auzitegi Nagusiaren autoak horren jarraipena egin zuen.