INFO

Etxez etxeko salmenta aurretiaz hitzartzera behartuko du EAEko Kontsumitzaileen Estatutuak

Gasteizko Parlamentuan Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren lege berria onartu dute, EAJ, PSE, Elkarrekin Podemos-IU eta PP+Cs alderdien babesarekin. Besteak beste, arauak enpresak derrigortuko ditu etxez etxeko salmentarako hitzordua aurretiaz jartzera.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua. (IREKIA)

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren lege berria onartu dute Gasteizko Parlamentuan. Javier Hurtado Lakuako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak azaldu duenez, erabiltzaile ahulenen eskubideak indartuko ditu, salmenta oldarkorren aurkako babesa areagotuko du eta Kontsumobideri baimena emango dio enpresei bidegabe kobratutakoa itzuli dezaten eskatzeko. Halaber, etxez etxe jarduera komertzialak burutu ahal izateko hitzordua aurretiaz jarri beharko dute enpresek.

163 artikulu eta bost xedapen biltzen ditu arauak eta EAJ, PSE, Elkarrekin Podemos-IU eta PP+Cs alderdien babesarekin onartu dute. EH Bilduk eta Voxek aurka bozkatu dute. EH Bildu kontra agertu da, Itxaso Etxebarriak azaldu duenez, legeak erabiltzaileen eskubide batzuk hobetzen baditu ere, modu eskasean eta «garrantzi gutxirekin» egiten duelako, eta «babes eta berme gehiago» eskatu ditu, besteak beste, ikuskatzaile gehiago izatea.

Gaur onartutako arauak 2003tik indarrean dagoena ordeztuko du, eta aurrekoak arautzen ez zituen arlo batzuk ere barnebilduko ditu, kontsumo arloko eskubideak eta saltzeko ohiturak eta moduak nabarmen aldatu direlako urte horretatik aurrera. Europako Batasunean aplikatutako azken araudietara ere egokitzen da.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak azaldu du araua Ganberaren osoko bilkuran, eta nabarmendu du legea «modernoa, aitzindaria eta aurreratuenetakoa» dela eta kontsumitzaileen eskubideak gehiago babesten dituela, batez ere kalteberenak, eta Kontsumobideren eta bitartekaritza eta arbitraje zerbitzuen zeregina indartzen duela.

Legearen xehetasunak

Etxez etxeko salmentetarako, batez ere adinekoei eragiten dien praktika izanik, aldez aurretik 48 orduko baimena eman ondoren hitzartu beharko dira hitzorduak, eta enpresaren eta saldu nahi den produktuaren datuak eman beharko dira, baita bisita egingo duen pertsonaren datuak ere.

Legez kontrakotzat joko dira kontsumitzaileak aukeratzeko duen askatasuna muga dezaketen merkataritza jardunbide oldarkorrak, hertsapena, jazarpena edo eragin bidegabea edo neurrigabea erabiltzea, bezeroak erakartzeko eta produktua merkaturatzeko, telefonoaren, bitarteko telematikoen, etxez etxeko bisiten edo beste edozein bitartekoren bidez.

Era berean, legez kontrakotzat jotzen dira kontsumitzaileak merkataritza komunikaziorik jaso nahi ez duela adierazi ondoren haren nahiari jaramon ez egitea. Nahitaezkoa izango da edozein eskaintza, salmenta baldintza edo kontratu aldaketa idatziz aurkeztea, eta, Interneten kasuan, webguneek ikusgai izan beharko dituzte enpresaren informazioa eta eskaintzaren baldintzak.

Lege berriak Kontsumobideri ahalbidetuko dio enpresei kontsumitzaileei bidegabe kobratutako zenbatekoak itzultzeko eskatzea, baita eragindako kalte-galerengatik kalte-ordainak eman behar izatea ere. Orain arte, erakunde horrek egiten zuen zehapen horietarako prozedura, baina kontsumitzaileak jo behar izaten zuen auzibidera. Kontsumobideren betebeharrei honakoak gehitu dizkio legeak: ikuskapena eta kontrola, gatazkak konpontzea, kontsumitzaileen asoziazionismoa sustatzea eta udal bulegoei aholkuak ematea. Gainera, erreklamazioak modu presentzialean egiteko aukera bermatu beharko dute.

Informazioarekin lotutako eskubideak ere indartzen ditu legeak. Adibidez, interes orokorreko zerbitzuetan, hala nola uraren, elektrizitatearen, gasaren, telefonoaren edo Interneten horniduran, enpresek, justifikatutako arrazoiren batengatik zerbitzuak eten aurretik, hilabeteko epea eskaini beharko diote kaltetuari arazoa konpontzeko. Halaber, doako telefono zerbitzua jarri beharko dute bezeroen eskura.

Merkataritza iraunkorra

Kontsumobidek bidezko merkataritzako, merkataritza iraunkorreko, hurbileko eta sasoiko ondasunen kontsumoa sustatu beharko du, baita material plastikoen eta erabilera bakarreko beste ontzi batzuen inpaktua murrizten laguntzen dutenena eta berrerabil daitezkeen edo birziklagarriak diren materialak erabiltzen dituztenena ere. Braille sistema etiketetan sartzea ere sustatuko du.

Elikagaiak xahutzea saihesteko, jatetxeek iturriko ura eskaini beharko diete bezeroei kontsumorako, kobratu gabe. Era berean, kontsumitu ez dituzten elikagaiak eramateko aukeraren berri eman beharko diete bezeroei, modu argi eta agerikoan, kartaren edo menuaren bidez, edo ahoz.

Halaber, ezin izango zaie prezio desberdina jarri produktu edo zerbitzu berdinei, hartzailearen generoaren arabera.

Prezioak argi

Hemendik aurrera, kontsumitzaileek prezioak «argi eta garbi» ikusteko eskubidea izango dute, eta aplikatutako zergak eta errekarguak edo deskontuak barne hartu behar dituzte, baita erakusleihoetan ere. Hizkuntzei dagokienez, administrazioek bi hizkuntza ofizialen erabilera sustatu beharko dute, eta euskara integratzera berariaz bideratutako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek kontsumitzaileek haiek nahi duten hizkuntza ofizialean erantzun behar izango diete.

Arau-haustetzat hartuko dira, besteak beste, produktuak ontziratzeari, markatzeari, etiketatzeari eta aurkezteari buruzko arauak ez betetzea, edo publizitate edo sustapen komunikazioak posta elektroniko bidez bidaltzea, baldin eta hartzaileak aldez aurretik eskatu edo berariaz baimendu ez baditu.

Legeak zehapenen zenbatekoak arautzen ditu, larritasunaren arabera: 150 eurotik milioi bat eurora bitartekoak. Era berean, ikuskatzaileei baimena emango die beren burua ez identifikatzeko, beren jardueraren helburua zapuztu badaiteke.