INFO

Argi, Lur eta Sua, txakurren euskal izen ezagunenak

Hego Euskal Herrian, Estatu espainiarrean bezala, izen ezagunenak Max, Thor, Coco, Kira edo Luna diren arren, lehenbiziko hamar izen erabilienen zerrendan Argi, Lur eta Sua izen euskaldunak sartu dira.

Filmetako protagonistak dira txakur-jabeek buruan dauzkaten izenak. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Deitzeko modu bat baino askoz gehiago da gure txakurraren izena. Esanahi garrantzitsua du izen batek, eta gure txakurrentzat aukeratzen ditugun izenek gehien axola zaizkigun gauzak islatzen dituzte, baita inguratzen gaituzten pertsonak ere.

Izen horien atzean dagoen esanahia hobeto ulertzeko, Rover enpresak –maskotak zaintzeko produktuen online dendak– milioi bat maskota jabek baino gehiagok osatutako datu-basean arakatu du, eta 2022an gehien erabili ziren txakur izenen zerrenda prestatu du.

Datu-base honen ezaugarrietako bat da bilaketa autonomia erkidegoaren arabera egin daitekeela. Gisa horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan izen erabilienak Max, Bruno, Thor, Argi eta Lur dira (ordena horretan) txakur arren artean, eta Nala, Kira, Luna, Lola eta Sua, emeen artean.

Nafarroan, antzeko izenak erabili dituzte 2022an, baina ordena aldatuta: Coco, Thor, Argi, Lolo eta Rocky (arren kasuan) eta Luna, Kira, Lia, Lola eta Aria (emeen artean).

Estatu espainiarrean ere antzeko izenak dira aukeratuenak: Coco, Thor, Max, Simba eta Leo, alde batetik, eta Kira, Luna, Nala, Lola eta Bimba bestetik.

Luna, Kira edo Lola bezalako izen klasikoez harago, zalantzrik gabe marrazki, telesail eta film gogokoenetako protagonistak dira txakur jabeek buruan dauzkaten izenak. Horrela, Disneyko Leon Erregea da izena aukeratzeko orduan pelikularik inspiratzaileenetako bat (Nala laugarren postuan eta Simba zortzigarren postuan). Baina, zalantzarik gabe, Pixar estudioetako Coco animazio pelikula da ranking orokorrean nagusi.

Hala eta guztiz, 2022ko izendegian artista ezagunen izenak dira igoera handiena izan dutenak, besteak beste Shakira (%966 gehiago), Zowi (%866) edo Tini Stoessel (%265).

Gauza bera gertatzen da Chanel-ekin, Estatu espainiarrak Eurovisionen izan zuen ordezkariaren izenarekin, txakur izenen rankingean duen ospea %80 handitu baitu. Elvis izenak ere errege izaten jarraitzen du, ospe orokorrari dagokionez, gehien erabiltzen den izena baita.

Influencer-en iraultza ere inspirazio iturri handia da maskoten izenentzat. Hain zuzen ere, Ibai Llanos youtuber ospetsuaren Ibai izena lehen aldiz dago rankingean.

Janari izenak

Zapore gaziei lotutako izenen joera sortu du 2022. urteak. Kategoria honetan zapore tradizionalak sartzen dira, hala nola Kroketa (% 1.168 gehiago), Pan (% 665), Atun (%66), Pintxo (%65) edo Patata (+% 65), baita zapore modernoak ere: Tika (%866) edo Sushi (%433).

Nolanahi ere, ikerketak adierazten du izen gozoak atzera egiten ari direla, hala nola Txokolate ( %45 gutxiago) eta Turron (%51). Salbuespena Banana da, %265eko hazkundearekin txakur izenen rankingean.

Sukaldeko espezia jakin batzuekin lotutako izenak ere, Canela eta Trufa kasu, oso ezagunak egin dira, Top 50eko 34. eta 30. postuetan, hurrenez hurren.

Azkenik, badira edari izenak aukeratzen dituzten maskoten jabeak ere, 2022an, Vodka, Vino, Sangria, Beer eta Merlot izen berriak agertu baitira rankingean.