INFO

Nafarroaren Eguna berrikuntzekin ospatuko da igandean Baigorrin

Nafarroako ibar ezberdinekin harremanak sendotzea xede izanik, apirilaren 30ean besta handia ospatuko da beste urte batez. Igande honetan Nafarroaren Eguna iraganen baita Baigorrin.

Nafarroaren Egunaren edizio berri batetaz gozatzeko parada izanen da, igandean, Baigorrin. (Guillaume FAUVEAU)

Euskal kultura eta euskara biziaraztea ez ezik, Nafarroako ibar ezberdinekin -eta oro har Euskal Herriarekin- harremanak sendotzea xede izanik, igandean besta handia ospatuko da, beste urte batez, Baigorrin.

Tradizio handiko ospakizunak, Nafarroaren Egunak, bere egitura atxikiko du oro har, goizetik abiatuko den desfilearekin eta plaza nagusian iraganen den ekitaldiarekin, ikastolak antolaturiko herri bazkariari bide emateko.

Aldiz, arratsaldean plazako giroa azkartzeko, publiko ezberdinentzat eskaintza ezberdinak izanen dira eta horien artean, estreinekoz, herriko etxearen gibelean bertsu saioa antolatu dute. Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Aitor Etxeberriazarraga eta Maddalen Arzallus igoko dira taula gainera.

Horrez gain, eta biharamuna maiatzaren lehena dela kontuan harturik, gaueko musika eskaintza berritzea ere deliberatu dute Basaizeako kideek.

Janus Lester, Willis Drummond, Dupla eta DJ Üzkülüzek oholtza hartuko dure dute Baigorrin. (Nafaroa Egunaren egitarau osoa hemen).

«Zaila da gauza berriak ekartzea besta zahar batean, baina entseatu gira musika estilo ausartagoak proposatzen, gazteak besta horri lotzeko» aitortu zuen Amaia Kastorenek Basaizea elkarteko lagunek martxoaren 22an Baigorrin eskaini zuten prentsaurrekoan.

Iaz bezala, eta ohitura bilakatzeko helburuarekin, autobusak izanen dira Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Nafarroa Garaiko leku ezberdinetatik.

Finean, asmoa baita, Nafarroaren Eguna besta ahal den eta garbia eta seguru izatea denontzat.

«Nafarroaren Eguna denontzat leku segurua izaitea nahi dugu»

Maleruski eraso sexista batek Nafarroaren Egunaren iazko edizioa ilundu zuen.

Horrendako, gogoeta sakon bat ere eraman dute bestaren antolatzaileek eraso sexisten inguruan eta prebentzioaz gain, protokolo bat ere plantan ezarriko dute zerbait gertatuz gero.

«Nafarroaren Eguna denontzat leku segurua izaitea nahi dugu. Edozein eraso mota ez dugu onartuko. Izan eraso fisiko ala moralak, behar diren baliabideak ezarriak izanen dira horien saihesteko eta zerbait gertatzen balitz, berehalako neurriak hartuak izanen dira eraso huni erantzuteko», adierazi dute Nafarroa Eguneko antolatzaileek.

«Iaz gertatutakoa berriz ere salatzen dugu eta ez dugu onartuko aurten ere, holako gertakari batek egun hunen dirdira ilundu dezan», gaineratu dute.

Gogoratu behar 2022ko apirilaren 30ean, Baigorrin ospatu zen Nafarroaren Egunean sexu erasoa jasan zuela jakinarazi zion emakume batek Basaizea elkarteari.

«Nafarroaren Eguna besta bat da, elkarren arteko errespetuan iragan behar lukeena, berdintasunean eta segurtasun osoz bizi behar ginuekeena», nabarmendu zuen Basaizea Kultur Batasunak maiatzaren 7ko datarekin plazaratu zuen idatzian.

Sostengua ematearekin batera, manifestazioa antolatu zuen maiatzaren 14an.