INFO

Idorte aurreikuspenek ez dute itxura onik Ipar Euskal Herrian

Pirinio Atlantikoetako prefeturako Idorte Batzordeak departamenduko egoerari buruzko bilera egin du. Neurriak hartzen ari diren arren, bilan ezkorra atera zen bertatik.

Iazko idortearen aztarnak, Biarritzeko Itsasargiaren golf zelaian. (Patxi BELTZAIZ)

Igaro berri den negua bereziki lehorra izan delako eta, oro har, 2022ko idorte historikoaz geroztik irauten duen euri eskasia dela eta, Pirinio Atlantikoetako prefetak joan den apirilaren 26an, asteazkenarekin, Idorte Batzordea bildu zuen. Bilkuraren xedea «2023. honetarako, udako idorte berriak, honek ur inguruneetan lituzkeen eraginak eta uraren erabilera ezberdinak aurreikustea» zela azaldu zuen.

Izan ere, ingurumenaz ari bagara, 2023 hau ez da baldintza onenetan hasi Ipar Euskal Herrian. Prefetak agiri batean adierazi zuenez, «geruzen maila eta uraren emariak usaiakoak baino apalagoak dira. Elur maila biziki apala da Pirinioetako mendikatean, eta honen urtzea kasik bi hilabetez aitzinatu da. Ura atxikitzeko toki egituratzaile anitzen betetzea ere, Gabasekoa bereziki, normala baino anitzez apalagoa da. Beraz, uda sasoia hurbiltzen ari denean, ur pilaketak ahulak dira», jakinarazi zuen prefeturak.

Prefetaren kabineteak ohartarazi zuenez, «prezipitazio esanguratsurik izan ezean eta tenperatura altuek heldu diren asteetan irauten badute, egoera zaildu liteke». Une honetan ez dute profesional edota partikularren uraren erabilera mugatuko, baina «baliabideen jarraipen arretatsua» plantan ezarri dute eta, iragarri zutenez, komitea berriz bilduko da heldu diren asteetan.

Araban eta Nafarroan

Idorteen inguruko kezkak, halaber, zabalduta daude Nafarroan eta Araban ere. NAIZek eta GARAk iragan apirilaren 25ean argitaratutako erreportajean azaldu modura, nekazaritza-lehortean da Nafarroa, azken sei hilabeteetako prezipitazioak batez bestekoak baino %40 gutxiago izan baitira.

Puntu horretatik aurrera, landareak eta laboreak kalteak nabaritzen hasten dira. Baina bada lehorte gogorrago bat: hidrologikoa. Honek eragina du ur erreserbetan, eta, Peio Oria Nafarroako Estatuko Meteorologia Agentziako ordezkariak (Aemet) NAIZi ohartarazi zionez, ia saihetsezina da lurraldea egoera horretara iristea.

Araban inoiz baino euri gutxiago egin zuen 2022an. Eta Nafarroan, halaber, 1960ko hamarkadatik erregistratutako lehorrena izan zen iazko urtea, baita beroena ere.

Araban udaberrian erregistratu ohi dira prezipitazio gehien eta, beraz, badu aukera egoera hobetzeko. Hala ere, batez bestekoarekiko defizita berreskuraezina izango da, batez ere nekazarien kalterako.

«Egoera oso larrian gaudela sartuko gara udan. Beharbada azken 30 urteetako okerrena izango da. Ikusiko dugu zenbat euri egiten duen. Baina panorama nahiko negatiboa da», ohartarazi zuen Aemeteko ordezkariak.