INFO

Tolosako Asuncion klinikako langileek lanuzteak eta grebak deitu dituzte

Tolosako Asuncion klinikako langileek lanuzteak eta grebak deitu dituzte datozen egunetarako, lan hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko.

Asuncion klinikako langileek mobilizazioak hasi dituzte lan hitzarmenaren alde. (LAB)

Tolosako Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza enpresako langileek lanuzteak eta grebak deitu dituzte datozen egunetarako, LABek eta ELAk deituta, lan hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko.

Ohar batean azaldu dutenez, ospitaleko zuzendaritzari eskatu diote jarrera aldatu dezala, eta langileen erosahalmena bermatu eta lan orduak murriztuko dituen hitzarmena negoziatu dezala.

Sindikatuon arabera, Invizako hitzarmenak «ez aurrera ez atzera» jarraitzen du. 2022Ko martxoan eratu zen negoziazio mahaia, baina «denbora aurrera doa eta zuzendaritzak ez ditu murrizketak besterik proposatzen». Horregatik, langileek lanuzteak eta greba egunak egitea erabaki dute.

Asuncion klinika pribatua da baina hitzarmena du Osakidetzarekin. Langileek nabarmendu dutenez, zerbitzu publikoa eskaintzen dute, «beste eskualde batzuetan Osakidetzak egiten duena». Gogoratu dutenez, «urteak daramatzate» lan baldintza duinen alde borrokatzen eta, hitzarmenaren kasuan, «lan jardunari begira, administrazioko azpikontrata askotan astean 35 ordu lan egiten dutenez», erreferentzia hori hartu dute hitzarmen berrirako. Soldata igoerari dagokionez, KPIa oinarri duten igoerak eskatzen dituzte, «onargaitza baita negoziazio honen ondoren langileak lehen baino pobreagoak izatea».

Lanuzteekin gaur bertan hasi dira; ostegun eta ostiralean ere egingo dituzte, bi ordukoak egun bakoitzeko.

Greba egunak, berriz, maiatzaren 8, 9, 17, 18, 19, 22, 23, 29, 30 eta 31n izango dira.

Bai lanuzte bai greba egunetan elkarretaratzeak egingo dituzte klinikaren aurrean 12.00etan.

Horretaz gain, auto karabanak ere antolatu dituzte hainbat egunetarako.