INFO

EH Bilduko alkategaiek etxebitzarako sarbidea errazteko konpromisoa agertu dute

EH Bilduko hainbat alkate eta alkategaik agerraldia egin dute Donostian, etxebizitzarako sarbidea errazteko politika publiko aurrerakoi eta eraginkorrak indarrean jartzeko konpromisoa agertzeko. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Maria del Rio Bilboko hautagaiak hartu dute hitza.

EH Bilduko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako alkate eta alkategaiek agerraldia egin dute Donostian. (EH Bildu)

«Gaur hemen gaude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EH Bilduko alkateak eta datorren maiatzaren 28an izango diren udal hauteskundeetarako alkategaiak. Herritarrengandik hurbilen dauden erakundeen aurpegirik ezagunenak garen aldetik, bertatik bertara dakigu etxebizitza eskuratzea dela euskal herritarren arazo nagusietako bat», azaldu dute Donostian egindako agerraldian. Adierazi dute jakitun direla herritarrek orokorrean eta gazteek bereziki, zailtasun handiak dituztela alokairuen prezioaren ondorioz bizitzeko leku bat bilatzeko, askok jatorrizko udalerrietatik alde egin behar izaten dutelarik.

Etxebizitzarena «lehen mailako problematika» da EH Bilduko alkate eta alkategaientzat, «horrek bizitza proiektu duinak garatu ahal izateko dituen ondorio guztiekin». Hau ez da hiriei edo hiri handiei bakarrik eragiten dien arazoa. Gure herrian orokortua dagoen arazoa da.

Gogora ekarri dute joan den astean onartu zela Madrilgo Kongresuan, EH Bilduren aldeko botoarekin, Etxebizitza Legea. Azpimarratu dute legeari esker higiezinen merkatuan politika publikoen bidez esku hartu ahal izango dela eta alokairuen mugak ezartzeko aukera izango dela. Alkate eta hautagaiek azaldu dutenez, etxebizitzaren lege honek «aterki juridiko bat emango dio 2015ean Eusko Legebiltzarrean onartutako Etxebizitzaren Euskal Legeari» eta, beraz, uste dute «gure legea garatzeko aukera» emango duela.

Halaber, beren udalerrietan etxebizitza politika aurrerakoia praktikan jartzeko konpromisoa hartu dute: «Izan ere, ez dezagun ahaztu, udalerriek eskumen garrantzitsuak dituztela etxebizitza politikari dagokionez. Orain daukate eta lehenago izan dute». Lehen indar munizipalista diren heinean, adierazi dute gaitasun eta lidergo nahikoa daukatela etxebizitza politikan eragiteko eta «prestutasun osoa» agertu dute norabide horretan lan egiteko.

Orain arte egindakoen hainbat adibide jarri dituzte: «Azpeitian etxebizitzaren euskal legea garatzen zuten politika publikoak praktikan jarri ditugu, Galdakaon gazteei bideratutako etxebizitzak eskuragarri jarri ditugu eta etxebizitzaren bulegoa jarri dugu martxan eta Durangon etxebizitza proiektu faraoniko bat etxebizitza sozialera bideratutako plana bihurtu dugu; etxebizitza soziala sustatzea lehentasunetako bat izan da gobernatzen dugun udalerrietan».

Azpimarratu nahi izan dute «oztopo handiak» aurkitu dituztela etxebizitzaren euskal legea garatu ahal izateko, «Estatuan legerik ez zegoenez, segurtasun juridiko guztiak ez genituela jarri izan digutelako aitzakia moduan». Aitzakiak amaitutzat emanda, argi azaldu dute «etxebizitza eskubidea dela, eta ez negozioa».