INFO

EH Bilduk ‘EH 2040 Agenda Ekosoziala’ aurkeztu du, hogei eraldaketa-bektorerekin

EH Bilduk ‘EH 2040 Agenda Ekosoziala’ aurkeztu du Urdaibaiko Ekoetxean. Pello Otxandiano programa zuzendariak eta Mikel Otero legebiltzarkideak eta trantsizio ekologikorako idazkariak proposatutako hogei eraldaketa-bektoreak «gaurtik martxan jarri beharrekoak» direla adierazi dute.

Urdaibaiko Ekoetxean egin du EH Bilduk aurkezpena. (Monika DEL VALLE | FOKU)

‘EH 2040 Agenda Ekosoziala’ aurkeztu du EH Bilduk. Urdaibaiko Etxean eman dute proposamenaren nondik norakoen berri Pello Otxandiano programa zuzendariak eta Mikel Otero legebiltzarkideak eta trantsizio ekologikorako idazkariak. «Agenda honetan jasotzen ditugun hogei eraldaketa-bektoreak dira, gure ustez, gaurtik martxan jarri beharrekoak», adierazi dute. «Euskal proiektu nazionalak bere egin beharreko» agenda modura aurkeztu dute proposamena.

Azaldu dute bektore horiek politika publikoetara itzultzea dela erronka, «eta horretarako, inoiz ezagutu ez den inteligentzia kolektiboaren aktibazio handiena beharko da, Euskal Herriko gaitasun zientifiko, instituzional eta sozialen aurrekaririk gabeko aktibazioa behar dugu». Helburu hori lortzeko bidean koalizioa «tresna eraginkorra» izaten saiatuko dela baieztatu dute.

Iragarri dute 2040rako Euskal Herrian aldaketa handiak datozela eta gure gizarte-antolamenduaren atal askori eragingo dietela. Horregatik, «norabidea finkatzeko momentua» dela adierazi dute. «Klima-larrialdiari, biodibertsitatearen krisiari eta energia-krisiari Euskal Herritik nola erantzungo zaion», hori da, EH Bilduren arabera «herri honek bere historian aurre egin behar izan dion erronkarik handienetakoa».

Halaber, inteligentzia kolektiboaz gain herritarren parte-hartzea ere funtsezkotzat jo dute, eraldaketa ekosozialak «erdiz erdi» eragingo baitio lurraldeari zein garapen-ereduari. Azaldu dutenez, «gure gizarte-antolamenduaren atal asko, ehun produktiboa eta ohitura sozialak aldatu beharko ditugu testuinguru historiko berrira egokitzeko, eta horrek garapena ulertzeko oinarri berriak finkatzea eskatzen du, gizartearekin modu partekatuan egin beharreko zerbait».

Horretarako, «deliberazio herritarra» abiatzeko beharra nabarmendu dute: «Gure proposamena da datozen hilabeteetan deliberazio-prozesu herritarrak abiatzea Euskal Herriko eskualde guztietan». Eskualde mailako deliberazio-ariketa horiek lurralde-eremuko eskalan egin beharreko deliberazio ariketekin osatu beharko liratekeela azaldu dute, «behetik gorako deliberazio-ariketak goitik beherakoekin uztartuz». Horrela, deliberazio-prozesu horien emaitzak jarriko luke datozen urteetan egin beharreko eraldaketaren «lurzorua eta iparra».