INFO

Bere dejadak kalibratzeko baliatu du Dariok Logroñoko jardunaldia (18-22)

Erik Jaka oldarkorrago eta ausart batek partida osoan estutu badu ere, lizartzarrak partidarik irabazi gabe esan behar izan dio agur Buruz Burukoari (18-22).

Dariok beste garaipen bat lortu du, gaurkoan etxekoen aurrean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Txapelketaren altuera hauetan, gaurkoa bezalako partidek onura baino arrisku gehiago izaten dute normalean, baina Adarragako jaialdiari zuku apur bat atera ahal izan dio Dario Gomezek, jokatutako partida guztiak irabazita eta bere errematerako dohainak, batez ere dejada, kalibratuta itxoingo baitio, Erik Jakari 22-18 irabazita, ostiralean Bilbon Laso/Elordi partidaren irabazleari. Aurreko jardunaldietako distirarik gabe, pilota eskuinez gozatzea gehixeago kostatu zaio, Ezkaraikoak ia hasieratik lortu du markagailuaren agintea eta, eskuak gehiegi zigortu gabe, beste garaipen bat poltsikoratu du, bere ibilbidean bigarren aldiz finalerdiak jokatu aurretik.

Bi pilotariek etekina atera nahi izan diote, bakoitzak bere erara, jokoan ezer gutxi zuten partidari. Errioxarrak, finalerdiak prestatu asmoz edo, ohikoa baino lehenago bilatu du tantoa amaitzea, indar gehiegirik ez galdu eta punteria fintze aldera. Erik Jakak, bere aldetik, bere burua Buruz Burukoarekin adiskidatzeko probestu nahi zuen aurtengo azkena. Eta hein handi batean biek euren helburua lortu dutela esan genezake, garaipenik eskuratu ez badu ere, lizartzarrak aspaldiko partez bere burua ezagutu baitu kantxan, oldarkorra izanda eta aurrera pauso bat emanda, aurkaria estutuz. Eskuinez nahiko justu amaitu du gipuzkoarrak, baina bere burua berriz ere topatuta, orain izango du denborarik esku hori osatu eta aspaldi izaterik lortu ez duen pilotaria izateko.

Gaur ere, jokoan ez da aurkaria baino askoz gutxiago izan, baina hasiera xamarrean izan ezik (4-2 aurreratu da) partida guztian markagailuan atzetik joan da eta ez da lehia berriz ere berdintzeko gai izan. Sakez lau tanto zenbatu dizkiogun arren, hiru bat Dariok eraman beharrekoak, Baikoko pilotariak ez dun nahi beste asmatu lehen pilotakadarekin eta hortxe joan zaio partidaren zati bat.

Bakoitzak berea

Dariok ere izan ditu egun hobeak lehen pilotakadarekin, baina batez ere partida erdira asmatu du pilota paretera sartzen eta hortxe lortu du gerora ondo kudeatzen jakin izan duen abantailatxoa. Saketik bietako inork hautsi gabe, piloteoan ere Dariok ez du nahi beste dominatu, tantorik gehienak lehiatuak izan dira eta bakoitza bere joko moldea ezartzen saiatu da. Ez da gaur egun gehien erabiltzen den postura, baina dejadek eraginkorrak izaten jarraitzen dute Buruz Burukoan behar den unean eta tajuz eginez gero eta sei tanto ere amaitu ditu errioxarrak ñakuarekin.

Gantxoa da Erik Jakaren espezialitatea eta 7 izan dira lizartzarrak airez amaitutakoak, baina ez dira nahikoak izan aurtengo txapelketan lehen partida irabazi ahal izateko.

PARTIDAKO FITXA:

Erik Jaka: 18

Dario: 22

Pilotakadak: 259. Iraupena: 53,47 minutu. Markagailua: 0-2, 4-2, 4-9, 9-9, 9-13, 12-13, 12-17, 14-17, 14-18, 15-18, 15-19, 17-19, 17-20, 18-20, 18-22. Sakeak: 4 Erik Jakak eta 5 Dariok. Egindakoak: 10 Erik Jakak eta 11 Dariok. Galdutakoak: 6 Erik Jakak eta 4 Dariok. Gorabeherak: Errioxako pilotaren eguna antolatu arren,  sarrera erditik ez da pasa Logroñoko Adarraga. Jon Eskudero aritu da Erik Jakaren botilero lanetan eta Asier Gomez Dario anaiarekin. Dirua hasieratik urdin eta lehen sakea gorri.

 

Javi Zabalaren infernua Adarragan

Partida erabakigarriak etxean jokatzearena ez da beti pilotari guztien gustukoa izaten eta Javi Zabala errioxarrari Adarragan berriz ere jokatzeko gogoak denbora baterako joango zitzaizkion atzo bizitako infernuaren ostean. Logroñoko aurrelariak nahikoa zuen bere partida irabaztea Promozioko finalerdietarako sailkatzeko eta Larrazabalen aurka 13-0, 18-2 eta 20-4 aurreratu zenean nekez imagina zezakeen gerora gertatuko zitzaiona. Buruz erabat blokeatu, partidatik irten eta, aurkariaren akatsaren zain, ez zen partida isteko gai izan eta amurrioarra 22-21 gailendu zitzaion, aspaldian gogoratzen den bueltarik handienarekin.

Txarrena oraindik etortzeke zegoen. Bere porrotak jaialdiko hirugarren partida jokatu behar zuen Asier Agirre zuzenean sailkatu du eta iruindarrak Salaberriari irabaztea behar zuen errioxarrak aurrera egiteko. Baikoko aurrelaria denbora luzez aurretik joan bada ere, azkenerako goizuetarra 22-18 gailendu da eta Zabala kanpoan geratu da.

Emaitza hauen ostean, Agirre /Bakaikoa eta Salaberria/ Egiguren izango dira Promozio mailako finalerdietako gurutzaketak.