INFO

Alvaro Alcala Galianoren ‘Eguraldi txarra. Holanda’ lana Itsamuseumen jarri dute ikusgai

Bilboko Arte Ederren Museoak Alvaro Alcala Galiano margolari bilbotarraren ‘Eguraldi txarra. Holanda’ aldi baterako utzi dio Itsamuseumeni, ‘Obra Gonbidatua’ lankidetzaren esparruan. Obra 1916an iritsi zen museoaren bildumara, artistaren dohaintzari esker.

Obraren aurkezpena, Itsasmuseumen. (Aritz Loiola | FOKU)

Javier Novo Arte Ederren Bilboko Museoko Kontserbazio eta Ikerketa koordinatzaileak eta Jon Ruigómez Itsasmuseumeko zuzendariak Alvaro AlcalA Galiano margolariaren (Bilbo, 1873 – Paracuellos del Jarama, Madril, 1936) ‘Eguraldi txarra. Holanda’ obraren aldi baterako lagapena aurkeztu dute astelehen goiz honetan, bi museoek sinatutako ‘Obra Gonbidatua’ programaren barruan. Lan hori 1916an iritsi zen museoaren bildumara, artistaren dohaintzari esker.

Margolanean Holandako eszena bat irudikatzen du margolariak. XIX. mendearen amaieran interes handia sortzen zien nazioarteko artistei mundu bretoi eta holandarrak, kostaldeko bizitzaren ikuspuntu exotikoagoa, ez hain bukolikoa eta pintoreskoa eskaintzen baitzien oro har. Joera hori oso presente egon zen bilbotar margolariaren ekoizpen artistikoan, eta horixe izan zen hark, XX. mendearen hasieran, garai hartako euskal pinturari egin zion ekarpen interesgarrienetako bat.

Alcala Galianok Bilbon hasi zituen ikasketak, Antonio Maria Lecuona eta Adolfo Guiardekin, eta Madrilera lekualdatu zenean (1890), bi artista handiren ikasle izan zen: lehenik, Jose Jimenez Arandarena, eta, 1893tik aurrera, Joaquin Sorollarena. Lehenengo urteetan oso presente izan zituen bere lanetan gai kostunbristak, eta haietan nabarmen ikusten zaio Anselmo Guinearen eragina, bai konposizioan bai kolorearen erabileran.

1900. urtean, bidaia artistiko bat egin zuen Bretainia eta Holandan barrena, eta aurrerantzean ere errepikatu zuen. Bidaia hartako lanak Madrilgo bere estudioan erakutsi zituen, handik bi urtera (1902).

Aukeratutako lanen artean zegoen ‘Eguraldi txarra. Holanda’ lana: Volendamgo portuaren irudikapena da, Herbehereetan. Iparraldeko portuetako beste hainbat eszenatan erakutsitako hainbat ezaugarri uztartu zituen Alcala Galianok lan hartan: tinta grisekiko eta zeru beruneztatuekiko zaletasuna, arrantzaleen irudiak eta ontzien siluetak ebakitzen dituzten kontraargiak, eta belen eta haien islen lerro bihurgunetsuen dotoretasuna.

‘Eguraldi txarra. Holanda’ Bilboko Itsasmuseumen izango da aldi baterako, Arte Ederren Bilboko Museoak utzita, eta oso une berezian ikusi ahal izango da bertan; izan ere, 2023ko maiatzaren 21ean artistaren jaiotzaren 150. urteurrena da. Testuinguru horretan, ekainaren 21ean, Begoña Alcala-Galianok, artistaren biloba eta artistan aditua, hitzaldi bat eskainiko du Itsasmuseumen.