INFO

Ehun partida jokatu dituen Realeko lehen entrenatzailea izan da Natalia Arroyo

Joan den larunbatean Bartzelonaren aurkako partidan bete zituen 100 partida Arroyok. Inor ez da zenbaki horretara iritsi, 2004an Realeko taldea sortu zenetik. «100 partida egiteak islatzen du lehen egunetik sentitu dudana: harrotasuna eta aurrerapausoak emateko konpromisoa», esan du kataluniarrak.

Natalia Arroyo Realeko entrenatzailea Ligako partida batean, Zubietan. (Andoni CANELLADA)

Joan den larunbatean Bartzelonaren aurkako partidan Natalia Arroyok 100 partida egin zituen talde txuri-urdina zuzentzen. Inor ez da zenbaki horretara iritsi, 2004an Realeko talde sortu zenetik. Bigarrena Unai Gazpio da, 92 partidekin, Iñigo Dominguez hirugarrena 81ekin, eta Gonzalo Arconada laugarrena 80ekin.

Gainera, 100. neurketa Bartzelonaren aurka bete zuen, jokalari moduan hezi zen klubean. «Banituen zalantzak. Eskarmentu asko ez duen norbait halako aulki batean egoteko ea norainoko bidea egin ahal zuen. Pozik nago eman dudan urrats bakoitzarekin eta jokatu dugun partida bakoitzarekin» adierazi du Arroyok klubak egin dion elkarrizketa batean.

«100 partida egiteak islatzen du lehen egunetik sentitu dudana: harrotasuna eta aurrerapausoak emateko konpromisoa», nabarmendu du Realeko prestatzaileak.

Horrez gain, Realak dei egin zioeneko momentua gogorarazi du, eta azpimarratu Donostiara etortzea «erabaki erraza» izan zela: «Reala beti izan da talde bat zerbait berezia sentitu dudana, hemen jaio ez arren. Hortik aurrera erabaki erraza izan zen; pausoa eman eta abentura berrira salto egin. Eskertzekoa da klubak eman didan babesa eta hurbiltasuna, hutsera jauzi bat izan ez zedin».

Klubari zer eman dion galdetuta, gauza ororen gainetik «ausardia» nabarmendu du. «Uste dut kanpotik etorritako jendeak ahalmena izan dezakegula jokalariei ausartak izaten erakusteko. Uste dut konfiantza hori eman diodala klubari, baita jokalariei ere, konfiantza eta ausardia helarazita. Modu ikusgarri eta alai batean jokatzen saiatu gara. Ulertu dugu hazi egin behar dugula, zorrotzak izan eta egunerokoan ilusioa eduki», adierazi du Arroyok.

Momentu txarrak zein onak

Prestatzaile katalanaren hitzetan, Realak bere bizitzako «aukera» eman zion, eta ematen jarraitzen dio. «Kluba denarekin eta izaten jarraitzen duenarekin bat nator, eta lanean oso eroso sentiarazten nau».

Momentu txarrak zein onak bizi izan ditu Arroyok Realarekin, baina onenak gogorarazi ditu: «Abegondon jokatu genuen lehen partidak islatzen du hasiera-hasieratik egin nahi genuena: jokalariek beheak eta goiak irentsi nahi izatea. Alavesen aurka Reale Arenan jokatu genuen azken partida ere polita izan zen, ospatzekoa izan zelako. Eta gero Txapeldunen Ligakoak. Orainaldian jokatzen dituzun partidak dira, baina iraganean lortu duzunagatik».