INFO

Euskara nafar guztiona dela nabarmenduko du Sorionekuak ekimenak ekainaren 10ean Iruñean

Euskara nafar guztien ondarea dela nabarmenduko du Sorionekuak ekimenak datorren ekainaren 10ean Iruñean antolatu duen jardunaldian. «Euskaraz blaituta bizi nahi dugu, euskarari buruz gehiegi hitz egin gabe. Zorioneko izan nahi dugu», adierazi dute prentsaurrekoan.

Ilintxeta, Eslava, Sueskun eta Lizarbe, prentsaurrekoan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

‘Euskara, nafar guztiona’ leloa zabalduko du Sorienekuak ekimenak ekainaren 10ean Iruñean egingo duen jardunaldian. Gazteluko plazan gaur egin duten agerraldian Ane Eslavak, Reyes Ilintxetak, Haizea Lizarbek eta Ibai Sueskunek azaldu dutenez, ekimen hau urtarrilean jaio zenetik «hazten eta zabaltzen» izan da

«Euskararen aldeko alea jarri dute hamarnaka eta hamarnaka herritarrek, Nafarroa osoko lagunek, haien herri eta zonaldeetan. Argazki herritarrak antolatu, materiala saldu, koreografia prestatu, kanta egin, dantzak, txangoak, aurkezpenak eta abar luze bat», adierazi dute.

«Manifestuan esaten dugun bezala, guk ez dugu euskara kezkarekin lotu nahi. Telebista piztu eta konturatu gabe gure burua euskaraz gozatzen harrapatu nahi dugu. Ez dugu ahaleginarekin bakarrik lotu nahi. Erosketak egitera joan eta kezkarik, beldurrik eta lotsarik gabe euskaraz mintzatu nahi dugu parekoarekin. Euskaraz blaituta bizi nahi dugu, euskarari buruz gehiegi hitz egin gabe. Zorioneko izan nahi dugu, 2023ko sorionekuak, etorkizunari segida eman nahi diogulako», nabarmendu dute.

Horregatik, egun berezia antolatu dute ekainaren 10erako Iruñean. «Hemen, Iruñean, Nafarroako bihotzean, euskararen etorkizunari festa giroan ongi etorri erraldoia emango diogu. Egun horretan euskararen aldeko taupada indartsua sentitzea nahi dugu Nafarroaren erdi-erdian. Irulegiko eskuaren aurkikuntzan zerbait erakutsi badigu, hori izan da: Nafarroa de euskararen lurraldea. Euskara ez da inondik heldu, hemen zen eta izanen da», adierazi dute.

«Ostiralean aurkeztu genuen abestian esaten den bezala, ‘Ez al da arraroa zorionik gabe Nafarroa?’. Euskara historia luzea duen hizkuntza da, baina, batez ere, etorkizun oparoa edukiko duena», azpimarratu dute.

Nafarroa osoko adierazpenen biltoki

Gauzak horrela, Nafarroa osoko herritar, herri, zonalde eta eragileei dei egin diete haien herrietako jai, ohitura, ekimen eta kultur egitasmoak egun horretan Iruñera ekartzeko: herriko zapia, txaranga, mozorro, jantzi bereizgarri, kultur talde, aldarri eta abar. «Bihur dezagun Iruñea euskararen aldeko koloretako eztanda, ospakizun erraldoia, festen festa», eskatu dute.

Egun osoko egitaraua izango da ekainaren 10ean Iruñea, goizetik hasi eta 17.30ean Antoniutti parketik abiatuko den manifestaziora arte. «Mobilizazioan euskararen alde pauso bat aurrera eman nahi dugu: gurekin batera urrats hori emateko prest zaudeten eragile sozial eta politiko orori deia egiten dizuegu, dinamikarekin bat egin dezazuen eta euskararen aldeko bidea batera egin dezagun», nabarmendu dute.