INFO

Ternuaren gainean hausnartuko du Mikel Otxotekok ‘Hemen herensugeak daude’ proiektuan

Mikel Otxotekok ‘Hemen herensugeak daude’ erakusketarekin hartuko du parte Kutxa eta San Telmo Museoak sustatutako Artea abian programan. Ternuako eskualde subpolarretan oinarritutako proiektua irailean ikusi ahalko da, Laborategi aretoan.

Mikel Otxotekok erakusketara eramango duten lanetako bat. (STM)

Mikel Otxoteko Olazabal izango da aurten Artea abian proiektuan parte hartuko duen artista. Ekimena Kutxa eta San Telmo Museoak antolatzen dute eta arte garaikidea sustatzea du xede. Hala, artistan donostiarrak irailean arkeztuko du bere proiektua, Museoko Laborategian, ‘Hemen herensugeak daude’ izenburupean.

Museotik azaldu dutenez, erakusketa honetan 1970eko hamarkadan artistaren amak, Margarita Olazabalek, Ternuako eskualde subpolarrean super-8an egindako grabazioak bilduko dira.

Erakusketa osatzen duten lanek euskal enpresak iparraldeko uretan eta lurraldeetan, eta zeharka Karibean, izan dituen eragin eta ondorio zuzenen berri ematen dutela azaldu dute, «baliabideak eta eskulan merkea salerosteko eta ustiatzeko sistema konplexu baten barruan», eta gaineratu dute proposatutako ibilbidea Otxotekok 2019an hasitako ikerketa artistiko baten emaitza dela eta Manuel Valdes Pizzini Puerto Ricoko Unibertsitateko antropologoaren kolaborazioak izan dituela.

Erakusketak, bereziki, Saint-Pierre et Miquelon artxipelagoko (Ipar Atlantikoa) kultura, identitate eta ingurumen errealitate «hauskor eta ezegonkorrari» erreparatuko dio.

«Bakailao bankuak kolapsatu zirenetik hamarkada batzuk igaro direnez, gai bat nabarmendu nahi da: antzinako kartografoek Ternuako eskualde azpipolarrean dragoi ozeaniko arriskutsuak zeudela ohartarazten bazieten ontziei, zeintzuk dira gaur egun uharte horietako biztanleek aurre egiten dieten benetako mehatxu edo munstroak?», galdegin dute.

Era berean, erakusketan Karibeko irlekin duen lotura ere agerian geratzen dela nabarmendu dute; izan ere, historian zehar, bertako uretan harrapatutako bakailaoaren zati handi batek azukre-kanaberaren landaketetako esklaboak eta langile libreak elikatzeko balio zuen.

Mikel Otxoteko Donostiako artista eta ikertzailea da. Nazioarteko aipamena jaso zuen ‘Audiovisual Arts and Neo-materialism’ doktore-tesiarekin. ‘Dance & Drill’ edo ‘Algunos cabos sueltos’ bezalako ikerketa proiektu artistikoak garatu ditu, proiekzioetan eta erakusketetan gauzatuz Toulouseko Musée d’Art Contemporain Les Abattoirs, Valentziako Centre del Carme Cultura Contemporánea edo Londresko The Rag Factory bezalako lekuetan.

Bere azken film dokumentala, ‘Invierno’ (2019), Bilboko Zinebi, Cinespaña eta Toulouse-ko zinemaldietan ikusi ahal izan da. ‘Hemen herensugeak daude’ proiekturako ekoizpen artistikoko egonaldiak egin ditu Saint-Pierre et Miquelon eta Puerto Rico uharteetan, Itsasertzeko Ikasketen Diziplinarteko Zentroak eta Sea Grant Programak (biak Puerto Ricoko Unibertsitatekoak), eta Jaurlaritzak  lagunduta.