INFO

Neurozientzialariak eta psikologoak bat datoz: umorea jendartea josteko erraminta garrantzitsua

Unibersitat Oberta de Catalunya-ko irakasleek ikerketa bat egin dute sakon aztertzeko zergatik jaso daitekeen pertsonaren arabera umorea hain modu desberdinean, eta nola laguntzen digun umore horrek gure ingurunearekin funtsezko lankidetza eta konfiantzazko loturak ezartzen.

Antzerkia, norbere buruaz barre egiten ikasteko. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Azken asteotan, TV3ko “Esta passant” saioan Aste Santua zela-eta egindako Rocioko Ama Birjinari buruzko gag batek hautsak harrotu ditu Espainiako Estatu osoan. Saioan aktore bat agertzen da aipatutako Ama Birjina gorpuzten, eta beti umore klabean, bere bizitza sexualari buruzko zenbait txiste egiten ditu, antza denez sinestun batzuen sentsibilitatea zauritu dutenak (nahi duenak esteka honetan ikus dezake bideoa: https://www.ccma.cat/tv3/alacarta/esta-passant/mare-de-deu-quina-marededeu/video/6214178/).

Hainbat ordezkari politikok kritikatu egin dute, eta Abokatu Kristauen Espainiako Fundazioak salaketa jarri du gag horren protagonisten aurka, sentimendu erlijiosoei erasotzeagatik. Beste pertsona ospetsu batzuek adierazpen askatasuna defendatu dute, sentsibilitate desberdinen gainetik. Eta berriz ere hainbat aldiz mahai gainera azaleratzen diren galderak sortu dira jendearen artean: zergatik jaso daiteke hain modu desberdinean umorea pertsonen edo gizarte-taldeen arabera? Umore mota hori onuragarria da gizartearentzat ala ez?

Eztabaidari alderdi askotatik hel dakioke, baina neurozientziaren arabera, umoreak hain erantzun ezberdinak ematen baditu, burmuinean emozio hutsa baino erantzun konplexuagoa aktibatzen duelako da. Garun-azalak araututako erantzuna da, gizakiok bereziki garatuta daukaguna, eta bizi ditugun esperientziei esanahi berriak emateko aukera ematen diguna. Hala azaldu du Diego Redolar Ripoll neurozientzialari eta Kataluniako Oberta Unibertsitateko (UOC) Cognitive NeuroLab-eko ikertzaileak.

Izan ere, dio Redolarrek, gizakiok, baita beste primate batzuek ere, hala nola bonoboek, gure bilakaeraren historian zehar umorea txertatu badugu, gizartean bizitzen laguntzen digulako da: lankidetza eta konfiantzazko loturak ezartzen laguntzen digu. Horida, hain zuzen ere, umorearen onura handiena.

Psikologiaren arlotik, Enric Soler Labajos UOCeko psikologo erlazional eta Psikologia graduko tutoreak honako hau gehitu du: «Umorea gauza absurdoak eta inkongruentziak adieraztean datza, eta besteengan egoera emozional lasai, erlaxatu bat eragitean, sozialki konektatzen asko laguntzen duena».

Hala eta guztiz ere, Solerrek ohartarazi duenez, «neure buruaz barre egiten dudanean edo geure buruaz barre egiten dugunean funtzionatzen du horrek. ‘Està passant’ programako gag famatuaren kasuan, uste dut huts egin duela 'geure buruaz barre egitearen' ikusmoldeak». Hau da, Rocioko Ama Birjinaren inguruan eginiko satira horrek zauritu dituen pertsonek gag-aren sortzailea eta umore-zentzuaren objektua kultura desberdinetakoak direla identifikatzen dute; «gu ez partekatu» batekoak direla, alegia.

Nolanahi ere, bi adituak bat datoz esatean umorea indartzea osasungarria dela gizabanakoentzat zein taldeentzat. Eta entrenatu daitekeela.

Emozioa baino gehiago

Alai egotea, larritzea, haserretzea, harritzea edo beldurra izatea estimuluei erantzuten dieten emozioak dira, eta garunaren zati oso primitibo batean aktibatzen dira, amigdalan. Baina emozioak txantxa baten edo, aipatutako kasuan bezala, telebistako gag baten ondorio direnean, garunaren funtzionamenduan, garun-azalak hartzen du protagonismoa. «Umorea, erantzun emozionala baino gehiago, prozesu kognitibo gisa definitu beharko genuke», dio Redolanek kasu horretan.

«Norbaitek arazoren bat azaltzen dizunean, eta zuk umorea jartzen diozunean, pertsona horrek ondo har dezake edo ez. Alde indibidualak daude, pertsona batzuek sufrimendua eragiten dieten egoeretatik aldendu behar dutelako eta umorea ondo doakielako. Aitzitik, pertsona batzuek denbora behar izaten dute egoera konplexu horiek prozesatzeko, eta umoreak pertzepzio negatiboa areagotu dezake. Eta badirudi garun-azal aurrefrontalak zerikusi handia duela horretan. Testuinguru soziokulturalak edo erlijioak ere badute eragina. Zuk sinesmen jakin batzuk badituzu, edo ideologia politiko bat, edo errealitatearen ikuspegi jakin bat, eta umorea sinesmen horien aurka badoa, modu negatiboan hauteman dezakezu», adierazi du.

Oxitozina bikoitza

Zein puntutaraino da osasungarria umorea gorputzarentzat? Bada, Enric Soler psikologoaren hitzak entzutea nahikoa da konturatzeko oso osasungarria dela. «Kortisol-mailak murrizten ditu eta endorfina-mailak handitzen ditu; hau da, antsietatea murrizten du. Gainera, serotonina-mailak gora egiten du, eta, beraz, gogo-aldarteak hobera egiten du. Eta minaren pertzepzio subjektiboa ere alda dezake, eta immunitate-sistema indartzen du», zerrendatu du Solerrek lehen erantzun kolpean.

Eta ez hori bakarrik, baizik eta, umorea sortzen den egoeretan, loturak ezartzearekin zerikusia duten hormonak ere askatzen dira, hala nola oxitozina: «Jakina zen hormona horrek umetoki-uzkurduretan esku hartzen zuela erditzean eta prolaktina ekoiztean, haurrek amaren titiburua xurgatzen dutenean, eta orain frogatu da umorearekin ere askatzen dela. Bai txantxa egiten duenak, bai modu atseginean hartzen duenak», gehitu du Diego Redolek. Beraz, «emozio horiek beste pertsona batzuengan sortzeko gai den pertsona batekin loturak ezartzeko erraztasun handiagoa izango duzu», ondorioztatu du neurozientzialariak.

ZIENTZIAK DIO UMORE-SENA ENTRENATU DAITEKEELA: HONA HEMEN ZAZPI AHOLKU

Dituen onurak ikusita, Enric Soler psikologoak dio umore-sena entrenatu daitekeela eta aholku hauek eman ditu horretarako. 1) Hurbildu zaitez umore ona duten pertsonengana. 2) Umore-kultura kontsumitu. 3) Begiratu ispiluari eta hasi zeure buruari buruzko umorea praktikatzen. Horrela, mugak non dauden ikasiko duzu: ez egin barre besteei, zeure buruaz barre egingo ez zenukeen alderdietan. 4) Gauza berberen begirada desberdinak izaten ikasi. 5) Landu zure sormena: horri esker, beste pertsona batzuek lehenago aurkitu ez dituzten ideia barregarriak aurkitu ahal izango dituzu. 6) Arreta handiz begiratu eguneroko bizitzako gauza barregarriei. Edozein egoeratan, bizi izandako esperientzia baten ikuspegi dibertigarria eraikitzeko behar den materiala ager daiteke. 7) Identifika itzazu pertsona umoretsua izatea zaildu dezaketen alderdiak: zorrotzegia izatea, itxaropen handiegia izatea edo malgutasun gutxikoa edo enpatia gutxikoa izatea.

Neurozientziaren ikuspuntutik ere, Redolanek entrenamenduak funtzionatzen duela baieztatu du: «Zirkuitu neuronal bat etengabe aktibatzen duzunean, zirkuitu horrek, azkenean, erantzun automatikoagoa du. Are gehiago, badakigu zuk zoriontasun-aurpegi jakin bat jartzen baduzu, normalean poztasun egoera batean uzkurtzen diren giharrak uzkurtuz, horrek informazio emozionala prozesatzeko zirkuitua atzeraelikatzen duela, serotonina gehiago sortzen duzula, gauzen pertzepzio positiboagoa izatea eragiten duela eta poztasun emozio bat eragin dezakezula».