INFO

Hilekoaren prekarietateari aurre egiteko babes higienikoen bilketan parte hartzeko deia

Frantziar Estatuan 4 milioi emazte inguruk hileko prekarietatea pairatzen dute. Diru falta tarteko, emakumeen %17k aitortzen dute noizean behin babes higienikoen ordez «beste alternatiba» batzuk baliatu behar izan dituztela. Bilketa berezia iraganen da hilaren 26 eta 27an Ipar Euskal Herrian.

Produktu higienikoei ezarritako BEZ zergaren apaltzeak, urrats bat izanik ere, ez du arazoa guztiz konpondu. (@demarchesadministratives)

Hilekoaren prekarietatea tabu bat da oraindik ere. Izan ere, pandemiaren ostean gero eta era naturalagoan aipatzen den gaia bilakatu da.

Baionako Unibertsitatean, esaterako, ikasleak izan ziren lehenak babes higienikoen banaketa martxan jarri zutenak. Horren ondotik produktu higienikoen doako banaketa martxan eman zuen Gobernuak unibertsitateetan, hilabete batez, esperimentazio bezala.

Horren aitzinetik, mugimendu feministak eginiko presioari buruz hugienikoen gaineko BEZ zerga %20tik %5,5era apaldu zuen Gobernuak, 2015ean.

Nolanahi ere, arazoari aurre egiteko neurri eraginkorragoak behar dira.

Pirinio Atlantikoen Departamenduaren babespean hainbat esperientzia martxan jarri dira Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan arazo horren aurrean ikasleen sentsibilizazioa areagotzeko.

Baionako Albert Camus, Biarritzeko Jean Rostand eta Hendaiako Irandatz kolegioetan plantan eman zuten esperimentazio programa bat iazko ikasturtean.

Egitasmo horren baitan, banatzaileak jarri eta produktu higienikoen erreserba bat eman diete ikastetxeei.

Ezkutuko pobrezia mota hori azaleratzeko ekimen berezia eginen dute, maiatzaren 26 eta 27an, frantziar Estatuan bezala baita Ipar Euskal Herrian ere hainbat elkartek.

Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak ‘Règles élémentaires’ elkartearekin batera Estatu osoan antolatuko den aldizkako babesen bilketa handian parte hartuko du.

Ekimen hori garatzeko laguntza behar dute eta horrendako deia egin dute Baionako eta Angeluko Leclerc saltegietan antolatu duten bilketan parte hartzeko prest diren herritarrei izena emateko (ba641@banquealimentaire.org).

Egoera zaurgarrian diren emazteak

Frantziar Estatuan 4 milioi emazte inguruk hileko prekarietatea pairatzen dute.

Diru falta tarteko, emazteen %17k aitortzen dute noizean behin babes higienikoen ordez «beste alternatiba» batzuk baliatu behar izan dituztela.

Egoera zaurgarriagoan diren emazteak bortizki kolpatzen dituen arazoaren aitzinean gaudela ohartarazi du, agiri baten bidez, Hazkurri Bankuak.

35 urtetik beherako emazteen artean heren batek pairatzen duen gabezia da, emakume horien bizitza soziala, akademiko edo profesionala baldintzatuz.

Babes falta horrek, jakina, nahasmendu fisiko larriak eragin ditzake, hazkura dota infekzio arinetatik hasita, kasurik larrienetan shock toxikoak eragin arte.

«Egoera horek eragin psikologiko handia duela» ohartarazi dute bilketa berezi honen sustatzaileek, alde batetik norberak bere buruarengan duen konfiantza galtzera eraman dezakeelako.

Bestalde, ikasketei edo lan ardurei erantzuteko orduan ere trabagarria izan daiteke.

Finean, emazte anitzek pairatzen dituzten hilabetekoari loturiko eragozpenak erdigunean jarriz, diskriminazioaren amaiera eskatzeko maiatzaren 28an hilekoaren higienearen aldeko nazioarteko eguna ospatzen da.

2014. urteaz geroztik egutegian markatuta dagoen eguna

2014an sortu zuten Nazio Batuek eta Unicef erakundeek, besteak beste, munduko gobernuei galdetzeko neurri zehatzak plantan ematea, hilerokoa ez dadin bilakatu traba bat emazteentzat hezkuntza edo lan alorrean.

Maiatzaren 28ko data esaguratsu horren inguruan antolatua izan da higienikoen bilketa.

Helburu zehatza finkatu dute kanpaina honen antolatzaileek: 3.000.000 babes higieniko biltzea dute xede frantziar Estatu osoan, hilekoen prekarietate egoeran dauden emazteei laguntzeko.

Lapurdiko kostako Leclerc saltokietan ezarriko dituzten bilketa puntuetara bertaratzeko dei egin dute Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuko boluntarioek maiatzaren 26 eta 27an.