INFO

Gaztenpresak bultzada eman die 314 negozio berriri

Euskal Herrian ekintzailetza indartzeko helburuari eutsiz, Laboral Kutxaren Gaztenpresa Fundazioak 314 negozio berri abiarazten lagundu du 2022an (aurreko urtean baino %12,9 gehiago), eta horiei esker 637 lanpostu sortu dira (%16,4 gehiago).

Inma Ramos eta Ibon Urgoiti (Gaztenpresa); Gloria Mugica (Lanbide); eta Cristina Dumitrescu (Europako Inbertsio Funtsa). (NAIZ)

Datu horiek guztiak Donostiako Kursaal jauregian aurkeztu berri den 2022ko Urteko Memorian bilduta daude. Ekitaldi horretan izan ziren Ibon Urgoiti, Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendari eta Gaztenpresa Fundazioko lehendakaria; Inma Ramos, Gaztenpresako zuzendaria; Gloria Mugica, Lanbideko zuzendari nagusia; eta Cristina Dumitrescu, Europako Inbertsio Funtsaren mikrofinantzetako inbertsioen kudeatzailea.

Urgoitik nabarmendu zuenez, ia 30 urteko ibilbidean, Gaztenpresak 6.578 enpresa eta 12.041 enplegu sortzen lagundu du, eta Laboral Kutxaren bitartez 192 milioi euro bideratu ditu inbertsio-beharrak asetzeko.

Jasotako eskaeren artean (2022an 3.212 izan ziren) Gaztenpresak aplikatzen dituen irizpideek eta proiektu bakoitzari eskaintzen dion aholkularitza integralak negozioen %69k bost urte igaro ondoren funtzionatzen jarraitzea ahalbidetu dute, Inma Ramosek nabarmendu zuenez.

Finantzaketa «funtsezko elementua» da programa honetan; izan ere, 2022an sortutako 314 enpresen %82k kanpoko finantzaketa behar izan du.

Proiektu bakoitzeko batez besteko inbertsioa 87.500 eurokoa izan zen, eta zenbatekoaren %40 baino gehiago mailegu bidez finantzatu zen, enpresa berriak martxan jartzea bermatzeko.

Gaztenpresako ekintzailetzaren profilari dagokionez, sortutako konpainien %80 zerbitzuen sektorekoak dira, %17 merkataritzakoak, %2 industriakoak eta %1 nekazaritzakoak. 2022. urtean negozioa sortzeko asmoz Gaztenpresara jo zutenen batez besteko adina 39 urtekoa zen, eta generoan erabateko parekotasuna izan zen (%50 emakumeak, %50 gizonak).

Ekintzailetzaren bidea hasten duten pertsonen %73k ez zuten unibertsitate-titulurik, %29 langabezian zegoen eta %47k lehengo lana utzi zuen ekintzaile izateko. Forma juridikoa erabakitzeko garaian, %73k enpresaburu indibidual izatea aukeratu zuten eta %26k sozietatea eratu zuten (%89k sozietate mugatua eta %11k kooperatiba).

Negozioetan eragina

Proiektuen biziraupen-tasaz gain, Gaztenpresak beste faktore batzuk ere aztertu ditu, hala nola gizarte- eta ingurumen-inpaktua, fakturazioaren bilakaera, enplegu sorkuntza eta ekintzaileen soldata.

Horrela, 2022an lagundutako enpresen %24 ingurumenean eta gizartean inpaktua duten negozioak dira, hainbat arlotakoak: enplegua eta prestakuntza, osasuna eta ongizatea, ingurumena, garapen komunitarioa eta kooperatibismoa.

Bestalde, Gaztenpresak bultzatu dituen enpresa gehienek (%68) fakturazioan gorakada izan dute azken urtean, eta %45ek jarduera-ildo berriak txertatu dituzte.

Lanpostuak sortzeari dagokionez, negozioen %56k lanpostu gehiago sortu dituzte, eta kontratu mugagabeak dira kasuen %90ean. Gainera, enplegu berri horien erdietan baino gehiagotan (%57) emakumeak aritu dira lanean.

Jardunean lortzen dituzten diru-sarrerei erreparatuta, %73k diote negozioari esker soldata duina ateratzen dutela. Bestalde, zenbait ekintzaileren kasuan soldata murriztu behar izan dute kontratazio berriak zirela eta.

Gizartean eragina

Gaztenpresak 2022an egin duen lanak eragin positiboa izan du ingurunean ere, egoera ahulenean zeuden pertsonei (langabeak, ikasketa-maila apala dutenak, migratzaileak, emakumeak, 35 urtetik beherakoak eta 45 urtetik gorakoak) lan egiteko aukera eman ahal izan dielako.

Era berean, aberastasuna sortu du herrietan, lagundutako negozioen %63 hiriburutik kanpo baitzeuden. Gainera, enpresa bakoitzak batez beste 87.500 euroko inbertsioa egin behar izan du.

Azkenik, Gaztenpresaren bultzada jaso duten negozioetan, batez beste, 20.300 euro bildu dituzte jarduneko lehen urtean, gizarte osoaren mesederako.