INFO

Jokalarien artea eta zaleen hauspoa gorritxoen garaipen handia marrazteko (3-1)

Osasuna gehiago izan da Almeriaren aurkako partidan (3-1), markagailuak islatzen duen legez. Aldageletatik itzuli bezain pronto, Budimirrek ireki du partida eta bost minutu beranduago, Abdek gol ikusgarria egin du. Moi Gomez gol festara batu da eta azken minutuan, Lazarok egin du kanpokoen gola.

Gorritxoen besarkada, Budimirren gola ospatzeko. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Arratsalde gogoangarria izan da larunbat honetako Osasunarentzat. Beste bat, eta jada aunitz izan dira sasoi honetan zehar; azkena, begirada hain urrun jarri gabe, duela astebete, La Cartujan. Hura, agian, arratsaldea baino eguna, bere osotasunean, izan zen gogoangarria. Eta hain zuzen ere, partida hartako momentu onenen errepasoarekin hasi da arratsaldea Sadarren. Une hunkigarriak bizi izan dira partida hasi aurretik ere; partida bera epailearen txistuarekin hasten dela kontuan hartzen badugu, badirelako partida batzuk hori baino lehenago ere jokatzen hasten direnak. Eta baliteke, gaurkoa horietako bat izatea. Partida aurretik gogora ekarritako Kopako txapeldunordearen esentzia hazten joan baitzen.  

Bibolin, biolontxelo eta gitarrarekin onduta entzun zen Osasunaren ereserkia, jokalariak zelairatzen ari zirela, eta bati baino gehiagori malkoren bat irristatu zitzaien bai eta azalean oilo ipurdia jarri ere. Sadarren usaintzen zen arratsalde handi bat izan zitekeenaren giroa.

Eta sentsazioa eta errealitatea askotan bat ez datozenez, zuhurtzia ere eduki behar da halako partidetan. Serio hasi du partida Osasunak, zuhur, baina badago jokalari bat zuhurtasun horretan gaizki moldatzen dena eta joko bizi, oldarkor eta alaiagoa bilatzen duena. Eta hori da Abde. A ze jokalari puska duen Arrasatek.

Kopako finalean ongi defendatua egon zen eta halakoetan, zaila izaten da Marokoko izarretako batek dir-dir egitea, baina Almeriaren defentsan –jaitsierara begira dagoen taldea eta azken txanpan gogotik sufrituko duena maila mantentzeko– bere joko alaia berreskuratzeko behar zituen osagai guztiak aldeko aurkitu ditu. Irri egin du berriro ere, alegia.

Bere zigilua izan du Osasunaren lehen gol aukeraK, 10. minutuan, eta gorritxoak, oro har, Almeria baino gehiago izan dira ere, atera apenas jaurti dute. Bai eraiki dituzte jokaldi arriskutsuak –Oroz, Kike Barja eta Ruben Peñarena, esaterako– baina azken metroan asmatzea falta izan zaie.

Aimar Oroz, Moncayola eta Torrok osatu dute Osasunaren erdigunea eta beraien oinetatik igaro da joko dena. Jagoba Arrasatek Ruben Peña jarri du eskuin hegalean, atzean, eta bere aurretik, Kike Barja. Jokoan arin aritu dira gorritxoak, fresko, eta horrek bideratu zien garaipenera.

Oroz, jokalari onena

Jokoan nagusi bai, baina gola egitea ezinbestekoa zuen Osasunak, hurrengo urtean Europa jokatzeko borroka betean sartzea xede baitu. «Partidaz partida goaz, baina bai, noski, Europa jokatu nahi dugula», adierazi du Orozek DAZN plataformako kameren aurrean. Harrobiko jokalariak ez du ezkutatu helburu garbia, Almeria jipoitu ostean gora begira ikusten baita egungo Kopako txapeldunordea -Athleticek egiten duenaren faltan, puntu batera dauka 7. postua, Conference Leaguekoa–.

Oroz izan da, hain zuzen ere, partidako jokalari onenaren saria eraman duena, bi goleko pase eman baititu –eta falta jaurtiketa bat zutoinera bidali du–. Lehen pasean, Budimir Fernandoren aurrean bakar bakarrik utzi eta Zenicako beltxargak atezaina gainditu du ukitu sotil batekin (1-0, 47. minutuan). Eta bigarrenean, 81. minutuan, antzeko pasea Moi Gomezentzat, honek partida erabakita utz zezan (3-0).

Eta Orozen bi opariren artean, Abderen delicatessena, 2-0koa jarri duena. Area ertzean hartu du baloia marokoarrak eta baloia zeukan bitartean, denbora geldituko balu legez, ateko armiarma sare guztia desegin du jaurtiketa batekin. Gol ikusgarria, zaleen gozamenerako.

Futbolak artetik asko duela ziurtatzen dutenak badira zenbait –Alexia Putellas Bartzelonako jokalaria, esaterako– eta horrelako golek berresten dute arrazoia izan dezaketela. Eta ez soilik Abderen golarekin, baizik eta Osasunak gaur egin dituen hiru golekin. Tempoa, indarra eta errematea oso ondo uztartu behar baitira, eta horrek asko dauka artetik. Jagobaren Osasunak ere bai. Bikaintasuna lortzeko atea hutsean uztea falta izan zaie, azken minutuan, Lazaroren gola jasotzean Aitor Fernandezen amorruak argi islatu duen legez.