Tolosaldea eta Hondarribia izan dira Gipuzkoako Trainerilla Ligako txapeldunak
Tolosarrek nagusitasun handiz lortu dute garaipena gaurko azken jardunaldian, etxeko taldeari 31,53 segundo sartuta. Gizonezkoetan emozio gehiago izan da. Kasu honetan urrea Hondarribiarentzat izan da, gaurkoan Oriori 4,91 segundoko aldea soilik aterata.
Tolosaldea, emakumezkoetan, eta Hondarribia, gizonezkoetan, dira Gipuzkoako Trainerilla Ligako txapeldunak, larunbat honetan Hondarribiako uretan jokatu den bosgarren eta azken jardunaldian azkarrenak izan ostean. Gipuzkoako Txapelketarako sailkapen estropada ere bazen gaur goizekoa.
Tolosarrek nagusitasun handiz lortu dute garaipena: irabazleak 15:57.98ko denbora markatu du, etxeko taldeari 31,53 segundo sartuta eta Hibaikari 44,75. Ligako sailkapenean ere horixe izan da ordena: Tolosaldea nagusi 18 punturekin, Hondarribia bigarren 16rekin eta Hibaika hirugarren 12rekin. Zumaia izan da laugarren, bihar Gipuzkoako Txapelketa erabakiko duen txanda osatuz.
Gizonezkoetan emozio gehiago izan da. Hondarribiak eta Oriok lehia estua izan dute hasieratik amaierara eta azkenean etxekoek 14:19.22ko denborarekin irabazi dute, oriotarrei 4,91 segundoko aldea aterata. Hirugarren posturako lehian Zumaiak aurrea hartu dio ozta-ozta Donostiarrari eta biharko Txapelketan parte hartzeko aukera izango du. Hori bai, Ligako sailkapenean brontzezko domina hiriburukoentzat izan da: urrea Hondarribiarentzat (30 puntu), zilarra Oriorentzat (28) eta donostiarrak hirugarren 26rekin.
Gizonezkoen jubenil mailan, San Pedrok mendean hartu du San Juan eta Liga moreentzat izan da.
Gipuzkoako Txapelketak 11.00etan hasiko dira bihar, igandean, Hondarribian bertan. Lehenik gizonezkoen Federazio Saria jokatuko da, 11.25ean emango zaio hasiera gizonezkoen final nagusiari, eta 11.50ean izango da emakumezkoen txanda.
Bizkaiko sailkapen estropadak
Arratsaldean, Ondarroan, Bizkaiko Trainerilla Txapelketaren sailkapen estropadak jokatu dira, gizonezkoen bi mailatan soilik.
Senior mailan Bermeo izan da denborarik onena lortu duen ontzia, 15:15.46ko denborarekin. Zierbena (18,25 segundora), Isuntza (21,25era), Arkote (35,80ra) eta Ondarroa (44,23ra) izan dira biharko finalerako txartela eskuratu dutenak.
Jubeniletan, Zierbena izan da gaur azkarrena 17:18.31ko denborarekin. Finalean izango dira Ondarroa (84 ehunenekora), Portugalete (17,68 segundora), Isuntza (20,84ra) eta Kaiku (22,69ra).