INFO
Entrevista
Iratxe Esnaola Arribillaga
Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Hezkuntzan Librezaleko kidea

«Digitalizazioak hezkuntzak duen funtzio sozialari erantzun behar dio»

Gasteizko Ganberako talde nagusiek sinatu zuten hezkuntzaren akordioak atal bat eskaintzen zion digitalizazioari, baina ondorengo zirriborroan eta proiektuan ez da halakorik ageri. Horrek kezka eragin du Hezkuntzan Librezaleko kideen artean. Iratxe Esnaolak gaiak duen garrantziaz ohartarazten du.

Iratxe Esnaola Arribillaga (Endika PORTILLO | FOKU)

Hezkuntza Legearen zirriborroak ez duela oinarrien akordioan digitalizazioari buruz zioena errespetatzen salatu zenuten. Lege proiektuan aldaketarik izan al da?

Ez. Ez bata ez bestea ez dira leialak Parlamentuaren %90ek sinatu zuen akordioarekin. Akordioak atal oso bat zeukan, “Eraldaketarako eta inklusiorako digitalizazioa” izenekoa, eta nahiz eta ez zuen digitalizazioaren ezarpenerako marko pedagogiko bat ezartzen, irizpide batzuk, minimo batzuk zehazten zituen, hezkuntza-komunitatean parte hartzen duten haur, nerabe, langile eta pertsona guztien eskubideak bermatzeko. Zerbitzari eta tresna libreak izatea, auditagarriak, irekiak... Guk akordioa nahiko onargarria ikusi genuen. Oso orokorra zen, baina esentzia bat biltzen zuen eta, gainera, norabide zehatz bat bermatzea ahalbidetzen zuen. Baina zirriborroan eta lege proiektuan, edozein digitalizazio ereduri atea irekitzen zaio. Ez dago atal propiorik eta ez da zehazten inolako printzipiorik digitalizazio eredu bat ezartzeko. Kezka larriz bizi dugu, ez delako akordioarekiko leiala.

Udazkenean, zirriborro hura ikusi zenutenean, ekarpen zehatzak egin zenizkioten. Horietatik ez da ezer jaso?

Ez, zirriborroaren ildo berean jarraitzen du lege proiektuak. Orain, lege proiektuari zuzenketak aurkeztea alderdiei dagokie eta, hortaz, garaiz gabiltza eta aukerak daude digitalizazioaren gaia hezkuntza akordioan bildutako printzipioetara eramateko. Eta, bide horretan, Hezkuntzan Librezale prest dago ekarpen eraikitzaile bat egiteko.

 

«Lege proiektuan digitalizazioak ez dauka atal propiorik eta ez da zehazten inolako printzipiorik digitalizazio eredu bat ezartzeko. Kezka larriz bizi dugu, ez delako oinarrizko akordioarekiko leiala»



Hasierako oinarrizko akordioan «digitalizazio estrategia berri bat» aipatzen zen, besteak beste. Esamolde potoloa dirudi egun batetik bestera ezabatua izateko, ezta?

Egia da akordioa oso orokorra zela. Baina bazegoen gutxienez paragrafo bat tresna libre, ireki eta auditagarriez hitz egiten zuena, eta horrek norabidea mugatzen du. Horren gainean eraiki daitekeen estrategian tresna bat edo bestea erabiliko duzu, baina ezaugarri zehatz batzuk bete behar ditu. Atal horrek aditzera ematen zuen ulertzen zela teknologia ez dela neutrala, digitalizazioa gauzatzeko modu desberdinak daudela eta bide batetik egin nahi zela: tresna irekiekin eta auditagarriekin, pribatutasuna zainduz...

Dena den, norabidea edozein dela ere, estrategia eta plangintza bat behar da, eta eskatzen duguna da legean estrategia horren norabidea zehaztuko duten printzipio eta baloreen aipamen bat egotea. 93an ez bezala, orain digitalizazioaz hitz egin behar da, eta legeak digitalizazioaren gutxieneko ezaugarriak zehaztu behar ditu. Esaldi batean laburtuko nuke: teknologiak, neutrala ez denez, eragin bat dauka, eta hezkuntzaren digitalizazioaz ari bagara, digitalizazioak hezkuntzaren funtzio sozialarekin lerrokatuta egon behar du. Eta hezkuntzaren funtzio soziala gizartea kohesionatzea bada, aukera berdintasuna bermatzea, hori digitalizazio eredu zehatz batekin bakarrik egin daiteke. Hortaz, derrigorrean, hezkuntza digitalizatuko dela esaten badugu hezkuntzari lagunduko dion norabidean egingo dela esan behar dugu, haren funtzio sozialari lagunduko dion norabide batean. Hori zen hezkuntza akordioak maila batean edo bestean biltzen zuena.

Zuzenketan aipatzen zenuten digitalizazioaren gaineko atalik ez egoteaz gain, zirriborroan agertzen ziren erreferentziak akordioan jasotakoaren «esentziaren kontrakoak» zirela. Kontrako norabidean doa Hezkuntza Saila?

Berez, zirriborroan eta lege proiektuan dagoena egungo errealitatearen isla da. Nobedadea, edo guretzat pozgarria izan zena, oinarrizko akordioan jasotakoa izan zen. Denbora pasa da hezkuntza digitalizatzen hasi zenetik, eta orain martxan dagoen digitalizazio eredua zirriborroan eta lege proiektuan islatzen dena da. Batetik, eredu horrek dio zenbat eta lehenago digitalizatu hobe dela, “progresoa” eta “modernitatea” delako, ikasleak “konpetenteago” egiten dituelako... Ez da egia, ez dago  hori defendatzen duen oinarri zientifikorik. Bestetik, digitalizazioa multinazionalen esku dago. Hezkuntzaren googlelizazioa bizitzen ari gara, leku gehienetan bezala. Eta hori da lege proiektuak irekitzen duen bidea, oraingoa mantentzearena. Ahalik eta azkarren digitalizatzea eta tresna hauekin egitea, jakin gabe tresna hezitzaileak diren, baloreak transmititzen dituzten, jakintza partekatua sustatzen duten, euskararekiko irekiak diren edo ez duten eleaniztasuna sustatzen, balioa Euskal Herrian uzten duten edo beste nonbaitera eramaten duten...

Teknologiaz ari garela, administrazio publikoak bertako ekonomia teknologikoaren alde ez egiteak ez dauka zentzurik, eta hezkuntzaren digitalizazioa akordioak marrazten zuen bidetik eginez gero, agian existitzen ez diren esparru teknologiko batzuk sortu beharko lirateke. Hori baino estrategia digital hoberik?

Multinazionalak aipatu dituzu, haien eskua egon daiteke gai hau lege proiektuan ez jasotzearen atzean?

Hau urte askotako joera da. Orain Googlez ari gara, baina duela 15 urte Windowsez hitz egiten genuen. Software librearen aldeko mugimenduak Windowsen erabilera kritikatzen zuen. Orduan ere ez zegoen estrategia bat, eta, duela 15 urte zenbait erabaki hartu izan balira, orain oso leku desberdinean egongo ginateke, aitzindariak izan gintezkeen teknologiaren garapenean. Ezin da ukatu Google-ren tresnak sofistikatuak direnik; besteak beste, milioika eta milioika doako erabiltzaileen datu-lehengaiei esker hobetu ditu. Ez dugu zalantzan jartzen tresnak onak direnik, esaten duguna da hezkuntza sistema bat ezin dela digitalizatu multinazional baten eskutik.

Ulertuko ez genukeen bezala eskoletako jangeletako elikadura multinazionalen esku uztea. Gaur egun badago elikaduraren inguruko kontzientzia bat, badakigu elikagai batzuek ez gaituztela nutritzen eta gutxiago hartzen ditugu; eskolak badaki postre berezia hilabetean behin eman dezakeela, eta sanjakoboak noizean behin emango ditu, baina, oro har, dieta orekatu bat egongo da. Duela hogei urte hori ez zen horrela. Tamalez, teknologiarekiko oraindik kontzientzia falta orokorra dagoela uste dut eta ez dugula aztertzen ez eskoletan ez maila indibidualean harekin daukagun harremana eta erabiltzen ditugun tresnek dituzten ondorioak. Administrazioak gauzak kontzientziatik egiteko ardura hori du, haur eta nerabeez ari garelako.

Kontzientzia falta horregatik agian, baina hizkuntzak edo segregazioak lerroburuak jasotzen dituzten bitartean, digitalizazioaren auzia bigarren edo hirugarren mailan geratu dela ematen du.

Nik ez nuke esango bigarren edo hirugarren mailan; ez da existitzen. Hezkuntza Legearen gaian hedabideek egin dituzten azterketak eta albisteak aztertzen badituzu, ez bada gaiaz propio ari den artikulu bat, digitalizazioa inork ez du planteatu korapilo bat bezala. Ardura, noski, instituzioena da. Gauza batzuetan instituzioak herritarren aurretik joan behar du, daukan arduragatik, baina gai hau ez da kezka bat, jendea ez dago oraindik hau exijitzeko kontzientziarekin. Gizarte eta hezkuntza komunitate bezala ez dugu lege honek digitalizazioaren arloan eskatzen duen kontzientziazio maila, eta kezkaz bizi dugu Hezkuntzan Librezalen.

 

«Orain, Legebiltzarrean, bide bakarra gure proposamena edo guk digitalizazioaren arloan ikusten ditugun minimoak alderdiren batek bere egitea da, zuzenketa gisa aurkeztu ditzan»



Lege proiektua Parlamentuan sartu eta orain zuzenketak egingo zaizkio. Fase berri honetan itxaropenik baduzue?

Jakin badakigu, hasieran egin zen bezala agerraldiak egongo direla, eta printzipioz Hezkuntzan Librezaleren eta digitalizazioaz arituko den jendearen parte-hartzea eskatuko dela. Badaude gutxienez gaia jorratu nahi duten alderdi batzuk. Itxaropena ematen digu, baina guretzat bide bakarra gure proposamena edo guk digitalizazioaren arloan ikusten ditugun minimoak alderdiren batek bere egitea da, zuzenketa gisa aurkeztu ditzan. Alderdiren batek gai honi eustea eta akordioarekiko leiala den digitalizaziorako planteamendu bat exijitzea, hori da behar dena eta Hezkuntzan Librezaletik eskatuko genukeena. Eta prest gaude, noski, gure ekarpena egiteko.

Esan duzu duela hogei urte elikaduraren inguruan ez zegoela gaur egungo kontzientziarik, baina arlo honetan hogei urte itxarotea gehiegitxo da, ezta?

Denok ikusi dugu oso urte gutxian (eta pandemiak hori azeleratu du, hezkuntzaren esparruan bereziki) sekulako sakontzea gertatu dela tresna digital batzuen erabileran. Eta zenbat eta gehiago erabili tresna bat, orduan eta zailagoa da horri buelta ematea, erresistentzia handiak sortuko ditu. Honi ez bazaio lege honekin heltzen, gero oso zaila izango da buelta ematea. Ze gainera ez da urtebeteko kontua, sortu den makineria guztiari buelta emateko urte batzuk beharko genituzke. Beraz, zenbat eta lehenago egin, hobeto.