INFO

‘Emakume gaiztoak’ ahanzturaren aurkako eleberria euskaratu du Patxi Zubizarretak

‘Emakume gaiztoak’ Marilar Aleixandreren eleberria galizieratik euskarara ekarri du Patxi Zubizarreta itzultzaileak. XIX.mendean emakumezkoen espetxean kokatuta dago kontakizuna eta bertako emakumeen bizitzak eta harremanak kontatzen ditu. Ahaztu eta alboratutakoak gogoratu nahi ditu.

Patxi Zubizarreta itzultzailea, ‘Emakume gaiztoak’ liburua eskuan. (Maialen Andres | FOKU)

«Memoriari aldarri» egiten dion eleberria da ‘Emakume gaiztoak’, Patxi Zubizarreta itzultzailearen arabera. Donostian aurkeztu du Alberdania argitaletxeak argitaratu duen liburu berria, Marilar Aleixandre idazle galiziarraren lana. 2022ko Narrazio Sari Nazional espainola eskuratu zuen eleberri honekin idazleak eta aurkezpenean bideokonferentzia bidez hartu du parte. Donostian bertan egon dira Patxi Zubizarreta itzultzailea eta Jorge Gimenez editorea.

Gimenezek eman dio hasiera aurkezpenari, eta azpimarratu du gutxitan suertatzen dela sari batean bi ezaugarri nagusi elkartzea: «Marilarrek duen kalitatez gain, mezu ikaragarri sakona ematen du, mezu horren premia dagoen momentuan, gainera». Ahaztuta daudenei egiten die erreferentzia eta aldarri mezuak, ezkutatuak izan diren bizitzei, kasu honetan, emakume presoei.

XIX. mendearen amaiera du eleberriak garaia eta Coruñako Galera espetxea du kokalekua. Sisca da protagonista nagusia, preso dagoen hamabost urteko gaztea. Idazleak aitortu du fikzionatutako pertsonaia dela, baina ehun urte beranduago egon zela Siscaren pertsonaiarekin lotura izan zuen emakume bat. Concepción Arenal da beste protagonista nagusietako bat, presondegietan bisitari modura lan egiten duena, baita Juana de Vega bera ere. Aleixandrek kontatu du fikzionatutako bizitzak direla, nahiz eta zenbait erreferentzia erreal erablili dituen. «Ez daude datu asko espetxe horretan bizitakoaren inguruan, dauden datu gutxietatik abiatuta eraiki dut emakume horien bizitza eta harremana». Eleberri «hibridoa» dela azaldu du, izan ere, atal bakoitzaren amaieran dokumentu erreal bat dago jasota.

Zubizarreta itzultzaileak azaldu du, bere ustez, non dagoen muina: «XIX.mende amaierako harremanak islatzen ditu, botere harremana batetik, gizonezkoek emakumeen gainean darabiltena, eta preso dauden emakumeek beraien artean izandako harremanak, bestetik».

Aurkezpenean bi eszena ekarri dituzte gogora idazleak eta itzultzaileak. Batetik, espetxe barruko buruzagiek ogiarekin egiten duten negozioa, eta horren baitan ematen diren botere harremanak zein umiliazioa. Eta bestetik, eleberrian zentralitatea hartuko duen espetxe barneko emakumeen eskola; eskola bat sortu nahi dute, analfabetoak direlako preso dauden herritarrak, eta nolabait «duintasuna» berreskuratu dezaketela uste dutelako irakurtzen eta idazten ikastearekin batera. Baina eskola hori ere debekatu egingo diote.

Gaiztoak eta galera

Erreferenteak izan diren emakumeak ere aipatzen dira Aleixandreren eleberrian. Idazleak berak azaldu duenez, Rosalia de Castroren poesia bat baino gehiago sartu ditu, eta Zubizarretak nabarmendu du galiziarraren zenbait poesia jada itzuliak zeudela lehendik, eta beste batzuk berak itzuli dituela. Horrekin batera, idazlearen estilo «poetiko bezain gardena» goraipatu du.

Izenburuari erreparatuz, 1608ko gertakari batean oinarrituta dagoela kontatu du idazle galiziarrak. Antza, XVII. mendeko moja batek, Espainiako Felipe III. erregeari espetxean zeuden emakumeak askatzeko eskatu zion, gizonezkoek espetxetik kanpo zigorrak bete ahal bazituzten emakumeek ere egin zezaketela argudiatuz, baina orduko agintarientzat emakume horiek «gaiztoak» ziren, eta espetxean jarraitu zuten. Eta, aldi berean, ahaztuak izan zirela salatu du idazleak.

Itzultzaileak, keinu gisa, «galera» hitzaren aipamena egin du, eta idazleari adierazi dio: «Zure liburuan, Galera espetxearen izena da, baina polita da euskaraz beste esanahi bat ere baduela jakitea, galerak zerbaiten falta edo hutsunea esan nahi du guretzat».