INFO

«Laborategiko elikagaien ekoizpena» debekatzeko deia egin die EHNE Bizkaiak gobernuei

Barakaldoko BECen egiten ari diren Food 4 Future kongresuaren baitan, baserritarrek ekoitzitako elikagaien aldeko elkarretaratzea egin du EHNE Bizkaiak.

Food 4 Future kongresuaren harira BECen atarian egin dute elkarretaratzea. (EHNE BIZKAIA)

Hego Euskal Herriko gobernuei «laborategko elikagaien ekoizpena debekatzeko» eskaera egin die EHNE Bizkaiak, Barakaldoko BECen egunotan egiten ari diren Food 4 Future hitzorduaren harira egin duten elkarretaratzearen baitan.

Sindikatuak salatu duenez, «baserritarrek ekoitzitako elikadurarekin alderatuta, elikadura sintetikoak ez du ekoitzpen ereduen arteko talka haundiagotzen soilik; aitzitik, gizarte eredua jokoan dago».

«Kulturari dagokionez –gaineratu dute–, elikadura sintetikoak haustura antropologikoa markatzen du. Ez da gauza bera jakitea gure elikagaiak naturaren araberakoak direla, edo laborategien mende daudela».

Hori dela-eta, jauzi horren «dimentsioa» aintzat hartuta, «elikagai faltsuak» debekatzeko neurriak har ditzaten eskatu diete Hego Euskal Herriko gobernuei.

Egoera honen aurrean, EHNE Bizkaiak nabarmendu du «inoiz baino premiazkoagoa» dela «nekazaritza industrializatuaren paradigmatik sistema agroekologiko dibertsifikatuetara eta iraunkorretara iraldatzea».

Ildo horretan kokatu dute ‘Baserritik Mahaira’ estrategia, helburu hauek dituena: «Europako elikadura sistemaren ingurumen eta klima aztarna murriztea eta haren berreskuratze gaitasuna indartzea, elikadura segurtasuna bermatzea krisi klimatikoaren eta biodibertsitatearen galeraren aurrean eta jasangarritasuneranzko trantsizio globalaren buru izatea».

«Urte askotan lehen aldiz –EHNE Bizkaiaren esanetan– Europar Batasunak aitortu du nekazaritza ekoizpen intentsibo eta industrializatuaren ereduak ez dituela betetzen Europako Itun Berdearen esparruan ezarritako ekonomia, gizarte eta ingurumen iraunkortasuneko helburuak». Norabide horretara atxikitzeko eta «laborategiko elikagaien ekoizpena» baztertzeko eskatu diete euskal erakundeei.