INFO

Berriztagarriak ezartzeko era «desegokiaz» hausnartu eta Gasteizera deitu du Jauzi Ekosozialak

Heldu den larunbatean, maiatzak 20, Gasteizen deitutako ‘Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik!’ manifestazioarekin bat egin du Jauzi Ekosozialak. Energia berriztagarrien inguruko bere hausnarketa ere plazaratu du.

Errota eolikoak, Oiz mendian. (Jon HERNÁEZ | FOKU)

Ohar baten bitartez, larunbatean ‘Lurraren defentsan, Euskal Herrira bizirik!’ lelopean Gasteizen egingo den manifestaziora atxitzeko erabakiaren berri eman du Jauzi Ekosozialak. Mobilizazioa arratsaldeko 18.00etan abiatuko da San Anton plazatik.

Protesta horretan, nabarmendu dutenez, «era askotako makro-azpiegiturak salatuko dira», baina Jauzi Ekosozialetik berriztagarrien gai zehatzari ekarpena egiten ahalegindu da, «jakinik gai konplexua dela ikuspuntu ekosozialetik».

Lehenik eta behin energia berriztagarriak Hego Euskal Herrian «era esanguratsuan zabaltzeko saiakera manera desegoki eta inposatzailean» egiten ari direla nabarmendu dute, eta horren ondorioz, «herri askotan gatazkak eta ezinegona» piztu dira.

«Horrek –gaineratu dute– berriztagarrien zabalpena legitimitate sozial gutxierekin egitea ekar dezake, justu aldarrikapen ekologistetan hain zentralak diren energia horien zabalpena ezinbestekoa suertatzen denean, aldaketa klimatikoaren ondorio lazgarrienak arintze aldera».

Baliabide fosiletan oinarritutako energia kontsumo globala nabarmen murrizteko beharra nabarmendu dute, baina argi adierazi dute «berriztagarrien zabalpena ezin dela utzi merkatu kapitalistaren dinamika suntsigarrien eta espekulatzaileen menpe, orain gertatzen ari den bezala».

Ildo horretan, «kapital handiaren inposizio mugagabearen kontrako erreakzio herritarra logikoa eta osasuntsua da». Horregatik, hain zuzen, babestu du Jauzi Ekosozialak, Gasteizko mobilizazioa.

Nolanahi ere, «protesta eta tokian tokiko erresistentziaren logika eta dinamikan» erortzeko tentatzioaren aurrean, ohartarazi dute «krisi klimatiko eta ekosozialaren errealitate gordinak beste dinamika baterako jauzia ematera» behartzen gaituela.

Makroproiektuen «merkatua gelditzeko tenorea» dela adierazi dute, baina, hein berean, esan dute badela garaia «energia berriztagarrien zabalpenaren planifikazioa egiteko, debate herritarraren, demokrazia partehartzaile eta deliberatiboaren mekanismoen eta politika publikoen potentzialitate guztiak abian jarriz, era garden, demokratiko eta zintzoan, aitzakiarik gabe eta denbora galdu barik, leku urbanizatu eta degradatuetan energia berriztagarrien azpiegitura txikiekin hasi (poligonoetako teliatuetan, bertan behera lagatako orubeetan...), baina beste dimentsiotako ekipamenduen balizko beharrari uko egin gabe».

Eztabaida horren muinean, aldarrikatu dute, egon behar dute «tokian tokiko populazioarekiko begirunea, instalazio berriztagarrien jabego eta baliatz komunitario zein kooperatiboa eta ekonomia lokalen garapena, proiektuen dimentsio teknikoak ere tokian tokiko errealitatera egokituz eta, aldi berean, inpaktu sozioekologikoak erreparatzea ahaztu gabe».