INFO

Asaldura uneak harrapatu ditu Miriam Lukik ‘Argialdiak’ ipuin bilduman

Egoera normalei argazkia atera die Miriam Lukik bere lehen ipuin liburuan. Bederatzi istorioetan pertsona arruntak ageri dira, egoera arruntak bizi dituztenak, baina nolabait argialdi bat, errebelazio bat dute, eta horrek asaldatuta uzten ditu.

Miriam Luki, bere lehen ipuin liburua eskutan duela. (Maialen Andres | FOKU)

Miriam Lukik bederatzi istorio pilatu ditu ‘Argialdiak’ (Susa) ipuin bilduman. ‘Argialdia’, singularrean, azken ipuinaren izena bada ere, guztietan presentzia duen zerbait da argialdia edo errebelazioa. Izan ere, idazleak argialdi une horietan sentitzen dugun asaldura deskribatu nahi izan du, pertsonaiak une eta egoera zehatz batetan harrapatuz.

Bere hitzetan, ipuinetan ez da ezer garrantzitsua gertatzen, une hori bera baizik. Hala, pertsonaiak arruntak dira, bizitza arrunta dutenak. Iragan bat badute, eta horrek oraina baldintzatzen du.

Liburuaren azalak, Maite Gurrutxagak egin duena, dagoeneko iradokitzen du ipuinetan agertzen dena. «Ispilu bat agertzen da, geldi dagoena, baina inguruan agertzen dena mugitzen ari da. Ispilua sinbolo klasiko bat da, norberaren irudia ekartzen diguna. Batzuetan ere ekartzen du ikusten ez genuen zerbait, gogoratu edo izendatu nahi ez genuena. Gauzak izendatzen ditugunean ere argialdiak gertatzen dira», aipatu du Lukik.

Ipuinak laburrak dira eta «iluminazio osteko asaldura» harrapatu nahi izan du bakoitzean, «beti ere pentsatuz asaldura horiek oso humanoak direla, lurtarrak, domestikoak. Horregatik argialdiak ez dira oso ezohikoak, ez dute su artifizial askorik espero».

«Asaldura diodanean, azala atzekoz aurrera dugula sentitzen dugunean bezalako une hori irudikatu nahi dut, haragi bizian gaudela, ez dugula non ezkutatu. Une hori harrapatu nahi izan dut. Uste dut asaldura horrek, gaur egun, maiz harrapatzen gaituela», argitu du.

Argialdia errebelazio mota bat da pertsonaientzat, askotan memoriari lotuta dagoena. Lukiren saiakera izan da pertsonaiek beloa kentzea, azpian zer dagoen ikusteko. Hori dela eta, kontakizunak tipula bat bezala osatu ditu, geruzaka.

Askotariko istorioak daude: Norari ia egunero etortzen zaio gustuko ez duen bisitari bat okindegira, aspaldiko norbait gogorarazten diona, saihestu nahi duen norbait; Ernestinari kide batek deituko dio ‘señora’ deitzea gustatzen ez zaion ‘señora’ren etxea garbitzen ari dela, berak zaintzen duen andrea hil egin dela esateko; Maitek azken aldiz egingo du urteetan errepikatu den bidaia luzea, kartzelara.

Prozesuaren erronkak

Idazketa prozesuan hainbat erronka izan ditu idazleak. Hasteko, generoa aukeratu behar izan zuen. Ipuinen aldeko apustua egin zuen laburtasuna eta trinkotasuna ematen diotelako, eta piezekin jokatuz puzzlea osatu dezakeelako.

Bestalde, pertsonaiak oso gertukoak izatea erabaki zuenez, eremu domestikoan kokatu ditu eta ez ditu hortik atera. Hala, ikus ditzakegu sukaldean, autoan...

«Keinuak ere asko zaindu ditut, askotan hitzek baino gehiago esaten dutelako. Idatziz jartzea erronka bat izan da», aitortu du.

Azkenik, bere «erronka sekretua» kontatu du, hain sekretua ez dena, alegia, ea irakurleei istorioak ez zaizkion arrotzak egiten, asaldurak oso humanoak diren arren, fikzioaren eraginez anplifikatuta egon daitezkelako.