INFO

ETBk nazioarteko edukiak euskaraz eskaintzeari «betoa» jarri izana salatu dute

‘Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz!’ lelopean elkarretaratzean bildu dira (H)itzartu EITB ekimeneko kideak irrati-telebista publikoaren Bilboko egoitzaren aurrean. Euskararen bizitzerritzerako nazioarteko edukiak euskaraz eskaintzea «ezinbestekoa» dela gogorarazi diote.

(H)itzartu EITB ekimeneko kideak, Bilboko elkarretaratzean. (Monika Del Valle | FOKU)

«Urteak dira ETBk nazioarteko edukiak euskaraz eskaintzeari betoa jarri ziola; urteak euskarazko bikoizketa helduen programazio-parrilatik baztertu zuela. ‘Bikiak’ seriea izan da salbuespena azken urteetan. (H)itzartu EITB ekimeneko kideontzat ez da onargarria audientziak hobetzeko, euskara eta euskarazko bikoizketa baztertzea», adierazi dute larunbat honetan plataformako kideek, EITBren Bilboko egoitzaren aurrean egin duten elkarretaratzean.

Datuak ere eman dituzte. Ekimeneko kideen hitzetan, 2021etik ETBk 504 film erosi ditu: 458 gaztelaniaz, 28 gaztelaniaz eta euskaraz, eta beste 20 gaztelaniara bikoiztu ditu. Bakar bat ere ez euskaraz.

Telesailen kasuan egoera ez da askoz hobea: 48 erosi dira, horietatik 17 euskarara bikoiztu dira, 11 gaztelaniara eta 20k gaztelaniako banda zuten. ETB2k 2022ko maiatzetik irailera 130 film eman zituen gaztelaniaz. «ETB1ek, ordea, bakar bat ere ez», salatu dute.

Horrez gain, azken sei urteetan bikoiztaileei soldata ia %40 jaitsi dietela ere nabarmendu dute, eta soldataren beherakadari lan bolumena gehitzen zaiola. Euren datuen arabera, 2022an ETBrako 100 ordu zeuden esleituta euskaraz bikoizteko. «Duela 10 urte 400 ziren, eta ordurako beherakada oso nabarmena zen jada: 1991n 1.589 ordu bikoiztu ziren; 1998an, 536 ordu; 2006an, 470 ordu, eta 2013an; 132 ordu», eman dute aditzera.

Hala, euskal produkzioa sustatu eta nazioarteko filmak euskaraz ikusteko eskubidea aldarrikatu dute elkarretaratzean. «Streaming plataforma batzuk horretan ari badira, nola ez du ba ETBk egingo?», galdegin dute.

Euskararen biziberritzerako giltzarri

«Urgentziazkoa deritzogu EITBk, baliabideak jarri, eta, bere euskarri eta lehio guztietarako, euskarazko ikus-entzunezko edukien eskaintza zabal eta erakargarria osatzeko lanei ekitea, jakitun baikara ikus-entzunezkoen eskaintzak berebiziko garrantzia duela hizkuntza biziberritzeko eta hizkuntza estandar informala eraikitzeko. Ezinegon sakona eragiten digu ETBren egungo programazioa aztertu eta ikusteak euskarazko fikzioaren eskaintzarik ez dagoela», salatu dute.

Erakundeei dei ere egin diete, ikus-entzunezkoen politikak «birpentsatu» eta «berregin» egin behar direla ziurtatuz, «indarrean daudenek herritarren eskubide urraketa dakartelako eta kaltea eragiten diotelako hizkuntzari».