Isabel Rodriguez: «Chivite presidente izaten jarraitzea da Nafarroari gerta dakiokeen onena»
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidente izaten jarraitzea lurraldeari «gerta dakiokeen onena» dela uste du Isabel Rodriguez, Gobernu espainoleko bozeramaile eta Lurralde Politikarako ministroak. Iruñean Chiviterekin batera egin duen agerraldian, bi gobernuen arteko kidetza goraipatu dute.
Isabel Rodriguez Gobernu espainoleko bozeramaile eta Lurralde Politikarako ministroak «Nafarroari gerta dakiokeen onena» Maria Chivite presidente izaten jarraitzea dela baieztatu du igande goiz honetan, Nafarroako presidente eta hautagai sozialistarekin batera Iruñean egin duen agerraldi batean. Foruen Monumentuaren aurrean, «Nafarroari gerta dakiokeen onena haren interesen ordezkari Chivite izaten jarraitzea» dela ziurtatu du, «leialtasunez, lasaitasunez baina irmoki» betetzen baitu bere funtzioa, «lau urte hauetan erakutsi duen bezala».
Chivitek «ez bakarrik Espainiako agenda, baizik eta mundu osokoa markatuko duten oinarri estrategikoen aldeko apostua» egina duela nabarmendu du Rodriguezek, besteren artean ibilgailu elektrikoak edota nekazaritzako elikagaien industria aipatuz. «Baliabideak kudeatzen ditu, aukera guztiak izan ditzagun», adierazi du.
Ministroak balioan jarri du Gobernu espainolak «modu oso positiboan» egin duela lan Nafarroarekin, eta horrek «ongizatea» ekarri diela «nafar guztiei». Nafarroan pentsioak «bataz beste 283 euro» handitu direla eta «lanerako aukerak» sortu direla aipatu du. «Etorkizunari buruz hitz egin nahi badugu Maria Chiviteren aldeko bozkaz hitz egin behar dugu», amaitu du.
Autogobernurako «pausoak»
Hitza hartuta, Chivite autogobernuaren kudeaketaz mintzatu da. «Nafarroako foru erregimena errespetatu, mantendu eta hobetuko nuela hitz eman nuen», ekarri du gogora, «eta bete dut hitz emandakoa», esan du. «Batzuk autogobernuaz hitz egiten duten bitartean, beste batzuk autogoernuaren aldeko pausoak ematen ditugu», jarri du azpimarra Chivitek, eta «Nafarroak izan dituen hiru transferentziatik bi gobernu sozialisten eskutik» etorri direla baieztatu du.
Bere jarduera-lerroaren oinarrian «elkar ulertzea, koordinazioa, leialtasuna eta Nafarroaren interesen aldeko defentsa» daudela esan du eta horrek «komunitatearentzat emaitza oso onak» ekarri dituela aipatu du, eta legegintzaldi berrian jarduera-lerro horri eusteko borondatea erakutsi du.
Agerraldian, Miguel Tellado PPko antolakuntzako idazkariordearen adierazpenengatik ere galdetu diote Chiviteri, honek UPN eta PSNk «aspaldi sinatutako akordio bat» dutela baieztatu baitzuen. Chivitek PSNk akordioa «bozka ematen digutenekin» duela adierazi du eta euren asmoa «hauteskundeak irabazi eta PSNren gobernu indartsuena gidatzea» dela esan du.
Esparzaren adierazpenei ere egin die erreferentzia Chivitek. UPNko hautagaiak legegintzaldi honetan onartutako legeak Madrilekoen antzerakoak direla esan zuen, eta hori esatea, Chiviteren hitzetan, «inkoherentzia hutsa» da. «Gobernu gisa, Nafarroako legebiltzarrera eraman ditugun legeen %72k ez dute kontrako bozkarik jaso», esan du. «UPNk egin duena honakoa da: berak Nafarroako legebiltzarrean egin duena kritikatu», gaitzetsi du.