INFO

Vinicius, Ana Rosa Quintana eta Madrileko olana, Irene Monteroren adierazpenak Errenterian

Espainiako Gobernuko berdintasun ministro Irene Montero izan da astelehen goizean Errenterian, Elkarrekin-Podemosen kanpainaren baitan. Espainiar Estatuko gaiei begira jarri da Madrildik etorritako politikaria, eta ezer gutxi gehitu du Euskal Herrian edo Errenterian jorratu beharreko bideaz.

Irene Montero eta Maite Gartzia Errenteriako prentsaurrekoan (Gorka Rubio | FOKU)

Errenterian izan da astelehen goizean Irene Montero espainiar Gobernuko ordezaria Elkarrekin-Podemoseko alkategaia den Maite Gartziari bere babesa adierazi eta herria bisitatzeko. Lekuona Fabrika eta Errenteriako Emakumeen Etxea bisitatu ditu, baina ezer gutxi izan du bertakoaren edo are, Euskal Herriaren inguruan esateko. Beste behin, Espainiara begira mintzatu baita. Viniciusek jasandako eraso arrazistak, Ana Rosa Quintanaren prime timeko adierazpenak, Sanchezekin «kanpainan gobernatzea hobe»  litzatekeela, eta PPren ustelkeria salatzeko probestu baititu hemengo mikrofonoak. Udal zein Batzar Nagusien hauteskundeen atarian bagaude ere, batzuek beti lepo beretik burua.

Maite Gartzia Elkarrekin-Podemoseko Errenteriako alkategaiarekin batera heldu da Lekuona fabrikara Irene Montero. Agerraldiaren hasieran bozka eskatu du: «Podemos publikoaren indarra da, komuna dena zainduko duena», eta pribatizazioan ematen ari diren urratsak salatu ditu, bai osasungintzan, bai hezkuntzan, bai etxebizitzari dagokionez. Jarraian zenbait gai mahaigaineratu nahi zituela adierazi eta ikuspegi estatala jarri du martxan.

Arrazismoaren inguruan mintzatu da asteburuan Vinicius Real Madrileko jokalariak jasotako irainak gaitzetsiz, horrelakoen aurrean «arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako lokarri soziala» garatzeko dei egin die herritarrei. Esan du diskurtso arrazista eta xenofoboak «normalizatzeak» dakartzala horrelako jarrerak, eta Ana Rosa Quintana jarri du jo-puntuan. Espainiar telebista aurkezlea da, eta Monterok salatu du «onartezina» dela primetimeko programa batean Quintanak esandakoak esatea: «Diskurtso arrazista eta xenofoboak ezin dira legeitimatu gure herriko prime time espazioetan, ezta oso ezagunak diren pertsonek esaten dituztenean ere». Elkarbizitzarako eta errespetuzko jarrerak bultzatzeko deia egin du. Eta gaineratu, 021 zenbakia martxan jarri dutela Madrileko Gobernuan eraso arrazistak salatzeko.

PPren ustelkeria salatzeko azken egunetan Podemosek Madrilen jarritako olana ere izan du mintzagai. «PP hauteskundeetara dopatuta iritsi da, diru publikoarekin tranpa eginez, horren aurrean gu ez gara isilduko», gaineratu du. Monteroren ustez, koalizioz osatutako Gobernuak indartu behar dira hauteskunde hauetan, eta PP dagoen botereguneetatik «bota» behar da. Gainera, bere alderdiarekiko duen jarrera salatu du: «PP olana hori kentzeko eskatzen ari da, eta edozein egunetan gure ilegalizazioa proposatuko du».


«PNV eta PSOE aliantza kontserbadorea»

Pedro Sanchezi ere mintzatu zaio, izan ere, espainiar presidenteak osasun mentalaren inguruan egindako azken adierazpenak eta gero, esan du nahiago lukeela «PSOErekin beti hauteskunde-kanpainan gobernatzen egotea», orain esaten ari direna «propaganda hutsa» dela iritzita.

Zerbitzu publikoak «benetan publifikatzea» eta udalek eskumenak izatea aldarrikatu du. 15/97 Jose Maria Aznar buru zelarik ezarritako legea indargabetzea eskatu du, «horrek ireki baitzion atea osasun zerbitzuen pribatizazio izugarriari». EAJ zein PSOEren gobernuak ere egin ditu erantzule. «Euskadin gaude, osasun-zerbitzu gehienak pribatizatuta dauden lurralde batean, kasu honetan EAJk eta PSOEk suposatzen duten aliantza kontserbadore horren konplizitatearekin».

Gartzia, Errenteriako alkategai

Gartzia Errenteriako alkategaia da, eta lau urtez gobernatzen egon ostean, ondorio argi bat atera duela adierazi du: «Elkarrekin-Podemosek gobernatzen dugun herrietan, hobe bizi da jendea». Ausartak izan direla kontatu du, eta beraien ADNan, «herritarrak erdigunean» jartzea dagoela esan du, horregatik politika publiko, feministak, animalistak eta berdeak bultzatzen jarraituko dutela azaldu du.

«Ez da legegintzaldi erraza izan pandemia tarteko, baina jendearen bizitza hobetu dugu», gaineratu du. Eta nabarmendu du Errenteriako mugimendu feministarekin egindako lana, «mirestekoa da herri honetako mugimendu feminista, eta beraiekin elkarlaenan jarraituko dugu». Emakumeen etxea handitzea, etxebizitzaren arazoari irtenbidea jartzea, eta animalien bizi kalitatea hobetzeko neurriak garatuko dituztela baieztatu du.