INFO

Alokairu turistikoen aurkako araudia Europatik gogortzea eskatu du Hurtado sailburuak

Alokairu turistikoak zorrotzago kontrolatzeko eskaerak behin baino gehiagotan baztertu dituzte EAJk eta PSEk, baina gaur asteartean Bruselan egon da Lakuako Javier Hurtado sailburua, araudia handik gogortzeko eskatuz. Salatzen duenez, zenbait enpresa «zigorgabetasunez» ari dira jokatzen.

Hurtado sailburua (eskubian), Bruselara egindako bisitan. (Irekia)

Alokairu turistikoei erraztasun handiak ematen zaizkiela, Donostian esaterako, behin eta berriz salatu da Euskal Herrian. Baina arazoaren iturria urruti kokatu du astearte honetan Lakuako Gobernuak.

Izan ere, Turismo arloko sailburuuru den Javier Hurtadok Europako Batzordean eta Europako Legebiltzarrean defendatu du turismo alokairuko plataformen gardentasuna eta lankidetza eskakizunak gogortu behar direla.
Sailburuak hainbat bilera burutu ditu astelehen eta asteartean Europako erakundeetan «iraupen laburreko alokairuei buruzko datuak biltzeari eta trukatzeari» buruz. Horren inguruko araudia astearte honetan eztabaidatuko dute Legebiltzarreko batzordean, eta irailean bozkatuko dute Europako Ganberan, Lakuak ohar baten bidez gogora ekarri duenez.

Diotenez, araudi horrek hobetu egingo du erabilera turistikoko etxebizitzen eta logelen jardueren gaineko kontrola; izan ere, helburua da erakundeei –Estatukoak, autonomikoak eta udalerriak– tresnak ematea, turismo mota horiekin lan egiten duten online plataformekin datuak trukatzeko.

Erakundeen zailtasunez mintzo

Sailburuak azaldu duenez, gaur egun ostatu turistiko askok «ezkutuan» eta «zigorgabetasunez» jarduten dute, «plataformek tokiko agintariekin duten lankidetza eta gardentasun faltagatik».

Araudi honen «aukera ezin dugu galdu plataformei etxebizitzen erregistro-zenbakia nahitaez sartzeko eskatzeko», argudiatu du Hurtadok.

Bruselako egonaldian, Hurtadok Europako arduradunei azaldu die EAEk eta beste autonomia-erkidego batzuek zer arazo dituzten erabilera turistiko klandestinoko etxebizitzekin lotutako ez-betetzeak detektatzeko eta zigortzeko orduan.

Plataformen gardentasunik eta informaziorik ezaz gain, erregistro-zenbakia ez da sartu, eta horrek zaildu egiten du horiek aurkitzea, eta zehapen-ahalmena anfitrioiei mugatzen die, haiek baitira merkaturatzen dituztenak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak zehaztu duenez.

Hori dela eta, sailburuak Europako Erkidegoko erakundeen aurrean planteatu du nahitaezkoa izatea plataformek erregistro-zenbakia sartzea, eta zehapen-araubidea argitzeko eskatu du, erakundeek plataformei erregelamendua betetzeko eska diezaieten.

Sailburuak eskatu du, gainera, erregelamendua gehienez ere 6 hilabeteko epean indarrean jartzeko, proposatutako 24 hilabeteen ordez.