INFO

Hilean 200 euro astean zazpi lan egunengatik: bi enpresari atxilotuta lan esplotazioagatik

Bost langile egoera irregularrean eta esplotatuta izateagatik bi enpresaburu atxilotu dituzte Bilbon. Jantziak egiten zituzten, eta asteko zazpi egunetan goizeko zazpietatik arratsaldeko laurak bitarte egiten zuten lan, hilean 200 euro kobratuta. Langileek salatu dutenez, mehatxatuta zeuden.

Ehungintzako enpresa honetan esplotatzen zituzten langileak. (@DelGobPaisVasco)

Espainiako Polizia Nazionalak bi enpresaburu atxilotu ditu Bilbon, bost langile bizileku eta lan baimenik gabe ehungintzako lantegi batean esplotatzeagatik. Langile horiek 200 euroko soldata jasotzen zuten hilean, asteko egun guztietan goizeko zazpietatik arratsaldeko lauetara lan egiteagatik.

Poliziaren Atzerritarren eta Mugen Brigadak eta Bizkaiko Lan eta Gizarte Segurantzako Probintzia Ikuskaritzak egin dute operazioa, Poliziak berak ohar batean jakinarazi duenez.

Langileen eskubideen aurkako ustezko delituengatik egin dituzten delitu penalez gain, enpresaburu horiek 10.000 euroko zigorrak jaso ditzakete baldintza irregular horietan kontratatutako langile bakoitzeko.

Operazioa Bilboko Ametzola auzoko industriagune batean kokatutako ehungintza alorreko enpresa batean egin da. Barruan sei langile zeuden, eta horietatik bost egoera irregularrean, espainiar Estatuan bizitzeko eta lan egiteko baimenik ez zutelako.

Baldintza salagarriak eta mehatxuak

Langileek adierazitakoaren arabera, 200 euro kobratzen zituzten hilean lanaldiagatik; goizeko zazpietan hasten ziren eta arratsaldeko lauretan amaitu, asteko zazpi egunetan.

Gainera, kontatu dute, kexatzen baziren edo horrela lan egiteari uko egiten bazioten, mehatxatu egiten zieten Polizia jakinaren gainean jarri eta Estatutik kanporatzearekin.

Ikertzaileek azaldu dutenez, lokala beti itxita egoten zen barrutik, segurtasun neurri gisa, edozein polizia ikuskapen saihesteko. Jantziak egiteko beharrezko materiala entregatu behar zenean bakarrik irekitzen zen, eta hori ere beti telfonoz abisatu ondoren.

Horregatik guztiagatik, joan den ostegunean, enpresa zuzentzen duten bi buruak atxilotu zituzten. Delitu horiengatik izan ditzakeen ondorio penalez gain, 3.000 euroko zigorrak jaso ditzake lan arloan Gizarte Segurantzan alta eman ez duen langile bakoitzeko, eta 10.000 euro lan baimenik gabeko langile irregular bakoitzeko.