Xaguaren burua izatearekin ez dute nahikoa Bakaikoa eta Salaberriak
Promozio mailan eskarmentu handia duten aurrelari nafarrek jokatuko dute larunbat honetan Labriten oso irekia ikusten den Buruz Buruko finala.
Euskarara ekarrita, bada «hobe xaguaren burua izan, katuaren buztana baino» esamoldea, baina larunbatean Promozioko Buruz Buruko finala jokatuko duten Joanes Bakaikoa eta Iker Salaberriak inork baino hobeto dakite atsotitz horrek ez daukala lekurik pilotan. Aurrera egiteko izarren artean leku bat egin beharra dute pilotariek eta, azken urteetan Promozio mailako txapelak hurrengo urteko lehen mailakoan atarikoa jokatzeko aukera baino ematen ez duen arren, bi pilotari nafarrek ezin diote eliterako biderik motzenari uko egin. Hamaika urte dira Jon Jaunarena eta Joseba Ezkurdiak nafarren arteko azken finala jokatu zutenetik eta txapel hori ez zuen nahikoa izan leitzarrak esperotako pilotari ibilbidea osatzeko.
Maila honetan eskarmentu handiko bi pilotari ariko dira elkarren artean oso irekia aurreikusten den partidan, ez alperrik, Etxarri-Aranatzekoak Promozioan jokatuko duen seigarren finala izango baita –bi txapela ditu jantziak kaiolan eta beste bat kantxa osoan; goizuetarrarentzat bakarkako hirugarrena izango da jarraian –Alberdiren kontra kantxa osoan galdu egin zuen eta beste azpeitiar bati, Egigureni, irabazi lau eta erdikoan–. Urrutiegira joan gabe, lehen mailako finalerdiak jokatutako Aitor Elordiri –iaz Salaberriak– eta Dariori 2018an –Bakaikoak– buruz buru irabazitakoak dira eta haien bidea jarraitzea dute amets.
2018ko finala Erasuni irabazi zionetik txapelketa honetan jokatu gabea zen Joanes Bakaikoa eta aurten jokatutako partida guztiak irabazi ditu finalera heldu aurretik. Hala ere, partida gogorra espero du sakandarrak «urte guztian zehar hor goran dabilen» pilotari baten aurka. «Badakit pilota lauaz aurretik uzten badiot, oso azkar amaitzen duela tantoa eta saiatuko naiz aukerarik ez uzten hor aurrean eta nire erritmoa jartzen», azaldu du asteazken honetako material aukeraketan.
«Final batean edozer gauza gerta daiteke. Sakearekin asmatzen duenak asko izango du aurreratua eta baita urduritasuna hobeto kudeatzen duenak ere. Saiatu behar dut pilotarik ez dezala hartu hor aurrean, menderatzen saiatu behar naiz, erasoan defentsan baino denbora gehiago ematen», gaineratu du Baikoko aurrelariak.
«Bakaikoa da faborito»
Iker Salaberriak, bere aldetik, argi utzi nahi izan du, «duen ibilbideagatik» Joanes Bakaikoa dela larunbaterako faborito argia, «baina hemen faboritoek ez dute beti irabazten eta saiatuko naiz nire jokoa egiten. Lortzen badut, aukerak izango ditut».
Buruz Burukoak ez du sekretu handirik eta Aspeko goizuetarrak ere oso argi du zer egin behar duen txapela janzteko aukerak izan nahi baditu. «Ondo sakatu beharko dut, restoan ere ondo aritu eta gero piloteoan ea nork luzatzen duen gehiago pilotakada bakoitzean. Gainera, fin aritu behar dut anguluak topatzerakoan, zuzen jokatzen badiot bera oso eroso arituko da eta».