INFO
Entrevista
Eva Lopez de Arroyabe
EH Bilduren Arabako ahaldun nagusigaia

«Argi dago Araban ez direla etxeko lanak egin trantsizio energetikoan»

Eva Lopez de Arroyabe da Arabako ahaldun nagusi izateko EH Bilduko hautagaia. Datorren legealdira begira, EH Bilduk lau eremutan lan egingo duela azaldu du: arlo sozioekonomikoan, energetikoan, zaintzen arloan eta lurralde orekan, despopulatzeari aurre egiteko.

Eva Lopez de Arroyabe, EH Bilduren Arabako ahaldun nagusirako hautagaia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Nola bizi izan duzu Batzar Nagusietan azken legealdia?

Esan dezakegu azken legealdia zurian pasatu dela. Horrela bizi izan dut nik. Orain dela lau urte, eta zenbakiak ikusita bi gehiengoak posible ziren Araban; alde batetik, gehiengo subiranista bat eta, beste aldetik, ezkertiarra. Baina azkenean ez da osatu ez bata ez bestea. EAJk eta PSEk akordio bat sinatu zuten erakunde guztietan aplikatu zena. Ondorioz, Gobernu akordio bat dago, baina ez dute proiektua konpartitzen. Hori argi geratu da, eta nik esango nuke gobernantza itxi bat bizi izan dugula, aldebakarrekoa. Sail bakoitzak bere kabuz funtzionatu du eta amankomuneko estrategiarik ez dutela ikusi dugu. Herrialde hau paralisira eraman dute lau urte hauetan. Gure ustez, bazen garaia herrialdeak dituen erronka guztiei aurre egiteko, estrategiak adosteko eta amankomuneko hausnarketa egiteko, baina ez da posible izan.

Zeintzuk izango dira datorren legealdiko erronkak?

Lau erronka nagusi ditugu: arlo sozioekonomikoan, energetikoan, zaintzen arloan eta lurralde orekan, despopulazioari aurre egiteko.

Arlo sozioekonomikoari dagokionez, aspalditik ikusi ditugu agorpen seinaleak gaur egungo ereduan. Industria dugu, herrialdea oso industrializatua dugu, baina oso sektore zehatzei lotuta; alegia, automobilgintzari eta Aiaraldearen kasuan, hodiei oso lotuta. Erregai fosilen menpe daude eta horrek ahulezia asko agerian utzi ditu, adibidez azken krisian. Egoera honen aurrean, eraldaketa sozioekonomikoa bultzatu behar dugu nahitanahiez, eta kalitatezko enplegua bultzatu behar dugu. EH Bildutik arlo honetan ekimenak aurkeztu ditugu, eta horietako bat izan zen bateriak egiteko gigafaktoria bat sortzea. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak bat egin zuen ekimen horrekin. Ez da gure proposamen bakarra izan. Horri lotuta, material kritikoen birziklatze planta bat egitea ere proposatu dugu. Gainera, uste dugu arlo horretan oso inportantea izango dela industriaguneak biziberritzea. 88 industriagune ditugu Araban eta batzuk hutsik edo azpierabiliak daude. Plan zehatz bat behar dugu industriagune hauek biziberritzeko eta ekimen berriak sustatzeko.

Bestalde, trantsizio energetikoari dagokionez, argi geratu da Araban ez direla etxeko lanak egin eta gauza asko egin behar ditugula. Izan ere, kontsumitzen dugun energiaren %8 ekoizten dugu bakarrik. Aldundiak egindako planak ez ditu betetzen Europak ezarritako helburuak, eta guk duela bi urte Araba Zero Karbono plana aurkeztu genuen herrialdea deskarbonizatzeko datozen bi hamarkadetan, epemuga 2050ean jarriz. Neurriak hiru ildo nagusietan banatzen dira: alde batetik, energiaren kontsumoa murriztea; bestetik, eraginkortasun energetikoa sustatzea, eta, azkenik, energia berriztagarrien hedapena kontrol publiko batekin egitea, modu planifikatu eta ordenatuan, bioaniztasuna zainduz. Horren barruan, elikadura sistema aipatu beharra dago, trantsizioa martxan jarri behar dugulako.

Hirugarren erronkari dagokionez, zaintzen arloan gabezia handiak ikusi ditugu. Zaintzen sistema publiko komunitario baten alde gaude. Gure apustua argia izan da, baina Foru Gobernuak kontrako bidea egin du. Azken hogei urteetan ez dute plaza publiko bakar bat sortu. Guztira, Araban 4.333 plaza daude adinekoentzako egoitzetan eta %14 dira publikoak soilik. Erronka handia dugu aurrean, eta gaur egungo jarrera pribatizatzaileari aurre egiteko plan bat behar dugu, kalitatezko arreta zein langileen lan baldintzak bermatzeko. Ildo horretan, duela gutxi aurkeztu genuen plan bat, Ariznabarra egoitzan. Titulartasuna publikoa da, baina kudeaketa enpresa pribatu baten esku dago. Badakigu zaila dela egun batetik bestera sistema publiko batera pasatzea, baina trantsizioa egitea planteatzen dugu, egungo egoitzan ‘zaintza etxe’ publiko bat sortzeko.

«Araban 4.333 plaza daude adinekoentzako egoitzetan eta %14 dira publikoak soilik»

Azkenengo erronka lurralde desoreka eta despopulazioari aurre egitea da, batez ere hegoaldeko eskualdeetan; hau da, Mendialdean, Añanan, Arabako Errioxan eta Trebiñun. Ekimen asko erregistratu ditugu Batzar Nagusietan azken legealdian, baina azkena aipatuko nuke. Izan ere, orain dela aste batzuk aurkeztu genuen Oreka izeneko agentzia bat despopulazioari aurre egiteko eta landa eremua biziberritzeko. Agentzia publiko komunitarioa izango da, eragile guztien artean sinergiak sortuko dituena, lankidetzaren bitartez. Helburua da herri biziak izatea eta jendea bertara erakartzea. Izan ere, Araban 53 udalerrietatik 18k 500 biztanle baino gutxiago dituzte eta 55 toki erakunde eta bi udalerri despopulazio arrisku handian daude. Arazo larria da eta neurri estrukturalak hartu beharko ditugu lehenbailehen.

Trantsizio energetikoa aipatu duzu; nola erabaki dezakegu non jarri energia berriztagarria lortzeko beharrezkoak diren azpiegiturak?

Krisi klimatikoan gaude eta erronka horri heldu behar diogu. Ez dago beste erremediorik, baina badakigu ez dela posible ‘far west’-en izango bagina bezala egitea. Modu planifikatuan egin behar dugu, eta modu ordenatu batean. Denak ez duela balio argi dugu, eta, tamalez, hori da gaur egungo sentsazioa. Proiektuak non-nahi agertzen ari dira eta horietako asko eta asko ekimen pribatuek bultzatzen dituzte. Gauzak ezin dira horrela  egin. Planifikatu egin behar dira eta hori egiten den bitartean atzeko atetik heltzen ari dira proiektu asko. Orain arte Jaurlaritzaren jarrera tamalgarria izan da, eta tranpak egin dituzte, adibidez, Azazetan proposatutako proiektuan. Zatitu egin dute proiektua beraiek kudeatzeko, eta parke naturala izateko bokazioa zuen eremu baten gainean kokatu dute. Guk ezin dugu hori onartu.

Energia berriztagarriak sustatu behar ditugu, jakina, baina has gaitezke leku antropizatu eta industrializatuetatik. Sustatu beharko genituzke komunitate energetikoak, etxeko kontsumoa garrantzitsua delako, eta era demokratiko batean antolatu beharko genuke berriztagarrien hedapena. Horretarako, lurralde-plan sektoriala behar dugu.

Plan bat izan arte etenaldi bat ezarri beharko litzatekeela uste duzu?

Nik esango nuke baietz proiektu handien kasuan, 5MWetik gorako proiektuetan. Halako proiektuak onartzen baditugu lurralde-plan sektoriala izan aurretik arazo bat izan dezakegu. Horregatik eskatzen dugu aurkez dezatela plana lehenbailehen. Ondoren jakingo dugu azpiegiturak non ipini eta non ez.

Eva Lopez de Arroyabe Gasteizko EH Bilgunean. (Endika PORTILLO/FOKU)
Eva Lopez de Arroyabe Gasteizko EH Bilgunean. (Endika PORTILLO/FOKU)

Trebiñuren egoera aipatzea ezinbestekoa da. Datorren legealdian lortuko da behingoz Trebiñu Araba izatea?

Trebiñu Araba da, eta lelotik ekintzetara pasa behar dugu. Horretan ibili gara azken lau urte hauetan. Orain dela lau urte oso baikorrak ginen. Lehen aldiz, EH Bilduk Argantzongo Alkatetza lortu zuen eta Trebiñuko Udal Gobernuan parte hartu dugu lehen hiru urteotan. Eta covidaren pandemiak zentzugabekeria agerian utzi zuen.

Horrekin batera, Araban integratzeko aldarrikapen historikoari lotutako herri mugimendua berpiztu egin da eta udaletatik aldarrikapen horrekin bat egiten saiatu gara. Testuinguru horretan Trebiñu eta Argantzongo udalek adierazpen bat onartu zuten, baina gero ez da garatu arrazoi politiko eta pertsonalengatik. Dena den, guk integrazioaren aldeko proposamenak aurkeztuko ditugu, baina adostasun zabala behar dugu eta ibilbide orri zehatz bat.

EH Bilduren irizpide nagusietako bat izango da Trebiñu Araba dela aldarrikatzea. Eta espero dugu Argantzon gobernatzen jarraitzea eta Trebiñun ere bai. Guztion artean egingo dugu, edo bestela ez dugu egingo. 

Azken urtean Arabako Mahastiak jatorri-deitura martxan jarri da Arabako Errioxa, zer iruditzen zaizu upategien apustua?

Ardogintza sektorea krisian dago. Zenbakien arabera, azken urteetan 200 upeltegi txiki desagertu ziren eta beharrezkoa da zerbait egitea. Eskualdeko jendeak hala ikusten du. Alternatibak bilatzen ari dira eta erabaki ausartak hartu dituzte. Errioxa jatorri-deituren barruan egotea ez zaie komeni hainbat upeltegi txiki eta familiarrei, arazo gogorrak dituztelako. Horregatik 46 upategik, etorkizuna izateko eta eskualdean lan egiteko aukera izateko, erabaki dute Errioxa jatorri deituratik ateratzea, eta Arabako Mahastiak bultzatzea.

Ez dugu ulertzen Errioxako kontseilu arautzailearen eta Espainiako Gobernuaren jarrera, izan ere 46 upategi horiek lanean ari dira beraien biziraupena ziurtatzeko eta etorkizuna izateko. Eta azken asteetan ikusi dugu nola Eusko Jaurlaritzak botata utzi dituen Arabako Mahastiak osatzen duten upategiak, haiek babesteko helegiterik aurkeztu ez duelako. Jarrera pasiboa ikusi dugu Jaurlaritzaren aldetik eta ez dugu ulertzen.

«Azken urteetan 200 upeltegi txiki desagertu dira eta beharrezkoa da zerbait egitea»

Arabako Lautadan protestak eta ekimenak izan dira osasungintza izan diren murrizketak salatzeko.

Orokorrean, osasungintzaren egoera oso larria, baina arazoa areagotu da landa eremuan. Ni Barrutiakoa naiz eta arazoak duela bi urte hasi ziren. Gero eta murrizketa gehiago daude, aurrez aurreko kontsulta izatea oso zaila da eta bereziki oporretan ez dira zerbitzu guztiak bermatzen. Jendea zein langileen haserrea oso logikoa da eta guk egoerari aurre egiteko kalitatezko osasungintza bermatzeko dekalogo bat osatu dugu. Izan ere, herriak bizirik nahi badituzu, ezinbestean, osasun arreta bermatu beharra dago.

Zer nolako neurriak har daitezke Aldunditik?

Guk salatu izan dugu murrizketa guztien aurrean EAJk eta PSEk isiltasun konplize bat adierazi dutela. Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari arreta mantentzeko exijitu behar dio, eta hirian zein landa eremuan arreta baldintza berdinetan ematen dela bermatu behar du.

Protestak ere izan dira legealdi honetan Aiaraldean egoera ekonomikoa salatzeko.

Aiaraldea duintasuna eta elkartasuna erakutsi dituen eskualdea da, borroka egin duen eskualdea. Orain ikusi dugu berriro Madres Mercedariasen aurrera eramandako grebarekin. Baina eskualdeko egoera sozioekonomikoaren arazoak aspalditik datoz. Ni neuk eskatu nuen 2018an Legebiltzarrean ponentzia bat sortzea Aiaraldeko egoera aztertzeko. Ponentzia hori martxan jarri zen, eta bi plan egin ziren: berehalako jardun plan bat, eta horretarako 26 milioi bideratu dira eskualdera; eta plan estrategiko bat epe ertainera begira. Kudeaketarekin ez gaude oso pozik, pentsatzen dugulako gauzak azkarrago egin daitezkeela, eta partehartzea eskasa izan delako.

Bestalde, EH Bilduk proposamen asko egin ditu, azkena Aretan teknologia berriei lotutako Teknoberri izeneko ekimena. Nire ustez, EH Bildu oso lan ona egiten ari da eskualde osoan eta hauteskundeei begira talde onak osatu dira. Ilusioa eta lan egiteko gogoak dituzte. Baikorra naiz eta uste dut oso emaitza onak aterako ditugula Aiaraldean.

Inkesten arabera, akordioak lortu beharko dira Araban gobernatzeko.

Akordioetara heltzeko gaitasuna demostratu dugu Arabako hainbat herritan. EAJrekin gobernatzen dugu adibidez Bastidan eta EAJ eta PSErekin gobernatzen dugu Laguardian. Iruña Okan PSErekin lortu ditugu aurrekontu akordioak. Helburua da herritarren bizibaldintzak hobetzea eta herritarrak erdigunean izatea. Gure ustez, akordioak zabaldu beharko lirateke eta tokian tokiko egoera eta beharren arabera osatu beharko liratezke. Zentzu horretan, gure prestutasun osoa.