INFO

Euskal Herriko Historiaren Memoriala inauguratu dute Senperen

Ehunka lagun bildu da larunbata goizean Senpereko Ibarrun auzoan Anai Arteak bultzaturiko Euskal Herriaren historiari buruzko memorialaren inaugurazioaren karira. Oroigarriak 22 mugarri jasotzen ditu.

Iñaki Iriarte artista saratarraren eskultura ezarri da bertan. (Patxi BELTZAIZ)

Eguraldia lagun izan dute larunbatean azken urteetan Anai Arteak sustatutako ekimenaren inaugurazio ekitaldian: Euskal Herriko Historiaren Memorialara, alegia. Tokia, Ipar Euskal Herriaren bihotzean, berezia oso; edukia, memorian iltzatuta gelditzen den horrelakoa.

Senpere eta Azkaine artean, Donibane Lohizuneko bide zaharraren eta D918 bidearen (Zubiondoa pasabidea) artean, kokatu baitute Euskal Herriaren historiari buruzko memoriala; zehazki, Ibarrun auzoan.

Ekitaldia txalapatariekin abiatu da eta Iñaki Iriarte artista saratarraren eskultura ezagutarazi da. Anai Arteak, historialari ezberdinekin hitz egin ondoren, 22 mugarri ezarra ditu: historiaurretik hasi eta Lizarra-Garaziko Akordioraino, XI. mendean Antxo Handia erregearengandik pasatuz, edota euskarazko lehen liburu idatzia (1545) bisitatuz, baita XIX. mendeko karlistaldiak ere bertatik bertara ezagutu daitezke.

Data bakoitzarentzat, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) sei minutu inguruko film bat egin du (euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez) eta QR kode bidez eskainia izanen da memorialean, Euskal Herriko historiari buruzko hogei bat minutuko film batekin batera, haurrekin egina.