INFO

Baiko Iker Larrazabali lehen mailako aukerak ematen hasiko da uda honetan

Bizkaia Torneoan Gorbeia taldeko kapitaina izango da Mariezkurrenarekin batera jokatuz eta Lau eta Erdiko San Fermin torneoan Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatuko du Muitibarren.

Txapelketan parte hartuko duten pilotari gehienak gaurko aurkezpenean. (BIZKAIKO FORU ALDUNDIA)

Buruz Buruko final handiaren atarian bagaude ere, enpresek aurtengo udaren diseinuan lan egiten jarraitzen dute Iker Larrazabalek azken urtean emandako jauziaren saria jasoko du. Esaterako, gaur aurkeztu den Bizkaia Torneoaren X. ekitaldian Gorbeia taldeko kapitain izendatu du Baikok –Mariezkurrenarekin bikotea osatuz binakako partidak jokatuko ditu– eta, era berean, sanferminetako lau eta erdiko txapelketan arituko da lehen aldiz. Bere enpresak karteldegian iragarri duenez, Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatuko du Munitibarren ostiral honetan bertan. Larunbatean, Asier Agirre eta Iraitz Zubizarretak torneo honetako beste kanporaketa bat jokatuko dute. Hasiera batean Joanes Bakaikoa zen Agirreren aurka jokatzekoa baina azkenean ataundarra izango da kantxaratuko dena.

«Nik uste azken hilabeteetan partida oso onak jokatu ditudala eta orain onenekin torneo bat jokatzea asko gozatuko dut. Apur bat urduri nago, halako arerioekin jokatzea ez delako erraza baina barruan dugun guztia emango dugu», azaldu du arabarrak aurkezpenean.

«Hasi nintzenetik asko hobetu dudala uste dut, baina oraindik  asko daukat hobetzeko eta ea halako partida gehiago jokatzerik dugun hobetzen jarraitzeko», gaineratu du. Bide horretan, udan zehar halako aukera gehiago izatea espero du.

Sei talde, 24 pilotari

Bizkaia torneoari dagokionez, oporretatik bueltan lehen asteburua beteko du taldeka jokatzen den txapelketa bakarrak eta finalerako abuztuaren 22ra arte itxaron beharko da. Ekainaren 16an lehen bi kanporaketak jokatuko dira; Zierbenan Baikoko pilotariez osatutako Oiz –Artola lau eta erdian, Urrutikoetxea-Imaz eta Alberdi buruz buru– Gorbeiaren aurka ariko dia –Agirre, Larrazabal-Mariezkurrena eta Bakaikoa. Kanporaketa honetako talde irabazleak bi egun beranduago Durango Ezkurdi eraberrituan Anbotoren –Peña II.a, Laso-Albisu, Añberdi II– aurka neurtu beharko ditu indarrak.

Asperen adarretik, lehen kanporaketa Mallabian jokatuko dute Kolitza –P. Etxeberria, Ezkurdia-Rezusta eta Zabala– eta Ganekogortak –Dario, Elordi-Zabaleta eta Egiguren V.a–. Abadiñon Sollube –Salaberria, Altuna III.aMartija eta Victor–izango dute zain irabazleek.