Bernabeura beldurrik gabe joan behar dela Athletic azpimarratu du Dani Vivianek
Talde zuri-gorriak 2005ean irabazi zuen Real Madrilen etxean azken aldiz. Igandean garaipena derrigorrezkoa da hurrengo denboraldian Europan jokatzeko aukerak izateko. Vivianek lortu dezaketeela eta saiatuko direla ziurtatu du.
Athletici asko zaildu zaio Europan jokatzeko sailkatzea. Santiago Bernabeun garaipena eskuratzera derrigortuta dago azken jardunaldian aukeraren bat izateko. Aldi berean, Osasunak Gironaren kontra Sadarren ez irabaztea behar du. Aurrekariak ikusita zaila da itxaropena izatea. Batez ere, talde zuri-gorriak hiru puntuak erdiestea. 18 urte igaro dira Real Madrilen zelaian azken aldiz irabazi zutenetik. 0 eta 2 gailendu zen Ernesto Valverdek zuzentzen zuen taldea Del Hornok eta Iraolak egindako golei esker.
Dani Vivianek mezu baikor bat zabaldu nahi izan du entrenamendu aurretik egindako agerraldian. Beldur eta konplexurik gabe zelairatu behar direla Bernabeun. Esatea gauza bat da, egitea ikusiko dugu. Atzelari gasteiztarrak 24 urte egingo ditu uztailean eta bere bigarren denboraldia da Lehen Mailan, baina berari egokitu zaio Lezaman hitz egitea.
Talde zuri-gorria bolada txar batean murgildu da denboraldi amaieran. Jokatutako azken zazpi partidetan lau puntu bakarrik eskuratu ditu. Vivianek onartu du ez dituztela lortu nahi zituzten emaitzak. Hala ere, taldeak lehiakortasuna erakutsi duela norgehiagoka gehienetan argudiatu du eta sarritan gola egitea bakarrik falta izan zaiela.
Ligako 37 jardunaldietatik hamaseitan gol egin gabe geratu da Athletic. San Mamesen jokatutako 19 partidetatik hamarretan ez du golik lortu, erdia baino gehiago. Taldearen arazoetako bat non egon den ulertzeko balio duen datua zalantzarik gabe.
Atzeko lerroan hutsune garrantzitsuak izan ditu Athleticek azken partidetan, Iñigo Martinez eta Yeray lesionaturik baitaude. Vivianek eta Aitor Paredesek jokatu dute defentsaren erdian eta eman duten maila ona izan dela uste du atzelari gasteiztarrak. Golak egiteko behar horrek askotan arrisku gehiago hartzera eraman dituela aipatu du eta horren eraginez sarritan taldea ondo antolatu gabe harrapatu dutela aurkariek azaldu du. Azken zazpi partidetan 12 gol egin dizkiote talde zuri-gorriari eta aldeko lau bakarrik egin ditu.
Vivian sinetsita agertu da Athleticen ondo ari direla lan egiten. Taldeak gol aukerak sortzen dituela eta behin eta berriro saiatzen direla. Ez dituztela eskuak jaitsiko ziurtatu du eta ezin direla ezkorrak izan, talde «ausarta» direla aldarrikatuz.
Elx taldearen kontra San Mamesen jasotako porrota denboraldian zehar gertatutakoaren laburpen moduko bat izan zela esan du. Zaleek txistu eginez erantzun zuten partida amaieran. Tristura eta pena ematen diela jokalariei esan du, baina horrela kexatzeko eskubidea daukatela onartuz.
Herrera eta Nico Williams bueltan
Athletic entrenamenduetara itzuli da atzoko jai egunaren ostean. Badirudi, azken jardunaldiari begira jokalariak berreskuratu ahal izango dituela Valverdek. Nico Williams eta Ander Herrera taldekideekin batera aritu dira. Hegalekoak ezin izan zuen azken partida jokatu gaixorik zegoelako eta Bernabeun bueltatzeko aukera izango du. Herreraren kasuan itxaron beharra egongo da, denboraldi osoan zehar giharretako hainbat lesio izan baititu.
Bestalde, Iñaki Williams Ghanako selekzioaren deialdian sartu da Afrikako Koparako sailkatzeko ekainean daukaten partida jokatzeko.
👊 Jokalariak berreskuratu ditugu.@AnderHerrera-k eta @willliamsssnico-k taldearekin batera osatu dute lan saioa.#RealMadridAthletic #AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/7L1yCKpv6v
— Athletic Club (@athletic_eus) May 31, 2023