INFO

Gladys del Estal ekologista omenduko dute larunbatean, heriotzaren 44. urteurrenean

Ohi bezala, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak ekologista donostiarra gogoratuko dute bere izena daraman parkean. Hitzordua larunbat eguerdian izango da. Ostegun arratsalde honetan Lemoizi buruzko bi dokumental labur proiektatuko dituzte Koldo Mitxelenan, Roge Blasco egilea bertan izango dela.

Iazko omenaldiko une bat. (Iñigo URIZ | FOKU)

Eguzki talde ekologistak eta Gladys Gogoan kolektiboak Gladys del Estal ekintzailearen heriotzaren urteurrenean omenaldia antolatu dute, ohi den bezala. Urteurrena ekainaren 3an, larunbatean, denez, egunean bertan ospatuko dute Gladys Enea parkean.

44 urte beteko dira Jose Martinez Salas guardia zibilak ekologista donostiarra buruan tiro bat emanda hil zuenetik. Tuteran gertatu zen hilketa, zentral nuklearren eta Bardeako Tiro Poligonoaren kontrako mobilizazio baten aurkako jazarpen polizialaren baitan.

Hitzordua 12.00etan izango da, parkeko ate nagusian. Handik igoko dira erromerian goiko ordekara, Gladysen oroitarria dagoen lekura. Han egingo dute omenaldia, aurreskua, lore-eskaintza, kantak eta gainerako ohiko osagaiekin. Ekitaldira bizikletaz joan nahi dutenak 11.30ean Bulebarrean elkartuko dira.

«Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, guk Gladys ez dugu gurtzen, amabirjina edo santu laiko bat balitz bezala. Guk Gladys gogoratzen dugu. Eta gogoratzen dugu gure laguna, gure kidea izan zelako, eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahanzterik ez dagoelako», aipatu dute antolatzaileek. Baina Gladys ez dute horregatik bakarrik gogoratzen: «Gladys gogoratzen dugu, oroz gain, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudelako, inoiz baino gehiago, gainera, hori posible bada, behintzat. Horregatik aurtengo omenaldian ere egungo egoeraz hitz egiteko tarte bat utziko dugu».

Omenaldiaren osagarri gisa, ‘Lemoiz Gaur’ izeneko jardunaldia antolatu dute Koldo Mitxelenan, ostegun arratsalde honetako, 19:00etan. Roge Blasco kazetaria bertan izango dela, bi film dokumental labur eskainiko dituzte.

Blasco ezaguna da batez ere Radio Euskadin ia berrogei urtez ‘Levando anclas’ saioa zuzendu duelako. Orain, berriz, erretiroa hartuta, gustuko duena egiten jarraitzen du bere Youtube katean. Hain justu, kanal horri dagozkio Koldo Mitxelenan proiektatuko dituen dokumentalak. «Xumeak badira ere, bertute handi bat dute, plazaratzen baitute aspalditik erantzunaren zain dagoen galdera: zer egin Lemoizko zentralarekin eta inguruko lursailekin?», azpimarratu dute.

Eguzkiren iritziz, galdera horren inguruan ardaztutako eztabaida soziala ezinbestekoa da, Lakuak, 2019tik zentralaren jabe denak, eztabaida saihestu duen arren. «Beti izango da une egokia horrelako eztabaida bati ekiteko, baina gaur egungoak bereziki egokia dirudi. Zergatik? Jaurlaritzak azken urteotan Lemoizerako sustantu duen arrain-haztegi handiaren proiektua bide bazterrean geratu delako, ez dakigu behin betiko, baina bolada luze baterako behintzat bai. Izan ere, hainbat urtez proiektuarekin bueltaka ibili ondoren, interesatuta egon zitekeen inbertitzailerik ezean, Next Generation funts europarretako dirulaguntzak eskatzeari berari uko egin behar izan dio Jaurlaritzak», azaldu du talde ekologistak.