Iriartek Gipuzkoan «gobernantza kooperatiboa» eratzeko dei egin die EAJ, PSE eta Podemosi
Gipuzkoan «lidergotza zabala» eraikitze aldera, gobernagarritasunerako lauko akordioa proposatu die EH Bilduko Iriartek EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosi. Oinarrizko gaien berri eman du: zaintza, krisi klimatikoa, Ipar Euskal Herriarekin harremana, euskara, zerga sistema eta gobernantza feminista.
Gipuzkoaren gobernagarritasunerako lauko akordioa proposatu die EH Bilduk EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosi. Asteazken goizean, Donostian dagoen Foru Aldundiko eraikinaren parean egin dute agerraldia. Maddalen Iriarte EHBilduko Gipuzkoako ahaldungai nagusiak egungo garaian, etorkizuna «ezberdinen» artean eraiki behar dela azaldu du, eta horretarako «lidergotza konpartitua» eratzearen proposamena luzatu die gainontzeko alderdiei. Oinarrizko akordioa eratzeko lan ildoen berri eman du.
Iriartek adierazi du sinetsita dagoela lurralde eta herri gisa dauden erronkei erantzuteko garaia dela, eta Gipuzkoak dituen baldintzak aprobetxatu eta «lehen mailako herrialdea» izan dadin gobernagarritasun akordio zabal baten alde egingo duela. «Gipuzkoarrek erabaki dute EH Bilduri dagokiola halako proiektu partekatu baten lidergoa hartzea», gehitu du maiatzaren 28an jasotako bozkei erreferentzia eginez.
Elkarrekin-Podemosekin jada elkarrizketak abiatu dituela eta datozen egunetan gainontzekoekin gobernantza eredu hori adostea izango duela lehentasuna azaldu du Iriartek: «Alderdiok tresnak baikara, ez helburu, zer esanik ez erakunde publikoak. Herritarrei etorkizuneko proiektu partekatu bat eskaintzeko tresna, hain zuzen ere».
Zaintza, krisi klilmatikoa, euskara eta zerga sistema mahaigainean
Lau alderdien arteko oinarrizko proposamenaren inguruko ildo nagusiak mahaigaineratu ditu jarraian: Lehendabizikoa zaintzaren gaia izan da, «zaintza sistema publiko komunitario baterantz trantsizioa bat marraztu behar da, erreferentzia publiko bat izango duena, baldintzak hobetuko dituena eta sektorearen eta erabiltzaileen ahotsa bermatuko duena». Bigarrenik, krisi klimatiko eta energetikoari egin dio erreferentzia. «Garapen ereduan hausnarketa partekatu bat eskatzen du honek», adierazi du; eta industriak egin beharreko aldaketak, mugikortasun ereduko aldaketak eta lehen sektorearen indartzeaz mintzatu da.
Gipuzkoaren kokapen gepgrafikoa kontutan hartuta, Ipar Euskal Herriarekin harremanean eta loturan sakontzeko beharra azaleratu du, eta euskara eta kulturari dagokionez, «herritar guztien eskubide eta ondare izan dadin orube emankorra lantzera» interpelatu ditu alderdiak. Zerga sistema berri bat ere proposatu du, eta horretarako «eztabaida zabaltzea» proposatzen du, gaiarekin zerikusi zuzena duten eragileekin. Azkenik, gobernantza feminista lehentasun gisa markatu du: «Egiturazko arazoa da muturrurean biolentzia dakarren desberdintasuna, eta herri bezala erantzun behar zaio».
Gai horiek jorratu eta proposamenak beste alderdiei luzatzeaz gain, erakunde, eragile eta herritarren arteko elkarlanean eta konpromisoan berretsi da. Izan ere, horren beharrezkotasuna adierazi du: «Egoera konplexuei erantzuteko ezinbestekoa izango da elkarlana».
Asteazkenean Gipuzkoa Plazan aurkeztutakoa «oinarrizko konpromisoa» dela adierazi du Iriartek, eta hauteskunde gauean esan gisa, uste du EH Bilduri dagokiola prozesuaren gidaritza, «herritarren gehiengoak maiatzaren 28an erakutsi bezala». Aitortu du EAJ eta PSErekin oraindik ez duela hitz egin, baina oinarrizko proposamen bat garatzeko eskua luzatu die.