INFO

Lizartzan ospatuko da igande honetan Eskola Txikien Jaia

‘Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik’, aldarrikatzen dute Gipuzkoako 27 eskola txikiek. Horietako bat da Lizartzakoa. 66 haur ari dira ikasten bertan, 14 irakaslerekin, adinak nahasiz, proiektuka eta inguruneari lotuta. Egun osoko festa prestatu dute, elkartu eta gustura egoteko.

Lizartzako eskola txikiak antolatu du igande honetarako festa. (IREKIA)

Bigarrenez antolatu du Lizartzak Eskola Txikien Jaia. Igande honetan da hitzordua; egun osoko jaia izango da, mimo handiz prestatua, adin eta gustu guztiak asetzeko modukoa. Eskola txikiak bildu eta elkarrekin egun eder bat pasatzea da asmoa, baita auzo eta herriak bizirik mantentzeko proiektu hauek duten garrantzia aldarrikatzea ere.

27 eskola txiki daude gaur egun Gipuzkoan. Eskola publikoen sarearen barnean daude eta Bizkaiko eta Arabako eskola txikiekin elkarlanean aritzen dira, herrietan kalitatezko hezkuntza bermatzeko xedearekin. Festa ere batera egiten duten ahalegin horren erakusle da.

Lizartzako eskolan 2 eta 12 urte bitarteko 66 haur ari dira ikasten, bertakoak ez ezik Orexa eta Gaztelukoak ere bai. Adin desberdineko umeek elkarrekin eta elkarrengandik ikasten dute, sei taldetan banatuta: Haur hezkuntzako bi talde, eta Lehen Hezkuntzako lau talde. 14 irakasle arduratzen dira horien guztien hezkuntzaz.

Horretaz gain, arloak elkartuta ikasten dute, hasi eta buka ikasleek eurek garatzen dituzten proiektuen bidez, eskolako arduradunek azaldu dutenez. Digitalizazioak tarte handia hartzen duela eta eleaniztasun proiektua martxan dutela ere nabarmendu dute. Esaterako, arte hezkuntza ingelesez ematen dute.

Lizartzako eskolaren hezkuntza proiektuaren beste bereizgarri bat ingurunearekin duen lotura estua da. Ikasleek eurek lantzen duten baratzea da horren adibide.

Guztien gozamenerako egitaraua

Igandeko festarako gonbidapena egina dago. Goizeko hamarretan hasiko da egitaraua, harrera ekitaldiarekin, eta hortik aurrera egun osoan egongo dira guztiek gozatzeko moduko ekintzak: zirko tailerra, jolasak, eskulanak, puzgarriak... Jokai euskal mitologian inspiratutako jolas inklusibo eta sortzaileetan parte hartzeko aukera izango da.

Isk&Bila txarangak animatuko ditu karrikak eguerdian. Gero, bazkaria, bingo musikatua eta kirolak daude aurreikusita: patinajea, eskalada eta slacline. Eta berriz puzgarriak eta Jokai. Aurpegia margotzen eta trentzak egiten ere arituko dira. Eta, eguna biribiltzeko, zer hoberik disko festa baino.

Egun osoan gozatzen ahalko da uraren ibilbideaz (herriko hainbat txoko ezagutzeko prestatu duten bidea da) eta ‘Eskola txikietako festa urtez urte bizirik’ erakusketaz. Ez da faltako mokadu goxorik, izozkirik eta edaririk, eta arropa ere salduko da.

Lizartzara garraio publikoan joatea aholkatu dute. Irunzubi industriaguneko pabiloietan uzten ahalko dira kotxeak, eta bertatik joan-etorri ibiliko diren autobusak hartu. Maiztasun handiz egingo dute itzulia, 9.00etatik 20.30 arte.

Asteazken honetan, festaren azken ukituekin ari zirela, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren bisita izan dute eskola txikian. Umeak iganderako ikuskizun eta kantuak entseatzen ari ziren heldu denean, udaletxe aurreko plazan. Sailburuak bertatik bertara ezagutu du eskola honen hezkuntza proiektua.