INFO

Hamar urteko ibilbidea ospatu eta egiteke dagoenagatik topa egin du Gure Eskuk

Portugaleteko merkatuan ospatu du Gure Esku ekimenak bere hamargarren urteurrena, kultur ekitaldi batekin. Erabakitzeko eskubidea helmuga, oraindik egiteke asko dagoela gogoratu zuten.

Angel Oiarbide, Zelai Nikolas eta Josu Etxaburu, topa egiten. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Duela hamar urte, ekainaren 8an, jaio zen Gure Esku ekimena Herri bat gara; orduko hartan Irungo Ficoban egin zuten ekitaldia, honako aldarrikapena helburu: «Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da».

Hamarkada bat beranduago, egindako ibilibidea ospatzeko Portugaleteko merkatuan elkartu ziren ekimena bultzatu eta babestu duten hainbat eta hainbat lagun. Topa egiteko eta kulturaz gozatzeko ekitaldia izan zen, erabakitzeko eskubideren bidean egiteke dagoena ahaztu gabe.

Ane Zabalak eman zion hasiera ekitaldiari eta, gogoratu duenez, Gure Esku sortu zen unean «ilusio eta itxaropen olatua zabaldu zen Euskal Herri osoan zehar». Burujabetza prozesu guztiak bezala, honek ere denbora eskatzen duela eta «pazientziaz egin beharreko bidea» dela esan zuen.

Hamar urte hauetako ibilbidea jasotzen duen bideoa ikusi zuten bertan elkartu zirenek, Maitane Sarraldek ‘Bilhutsik’ ikuskizunaren zati bat eskaini zuen, dantza esekiaren bidez «burujabetza prozesuan sortzen diren beldurrak, korapiloak eta horiek askatzeko beharrak» islatuz, eta Kai Nakaik egun honetarako propio sortutako ‘Gugan dago’ abestia aurkeztu zuen.

 

Este navegador no soporta el elemento video.

Ondoren, Gotzon Barandiara idazleak ‘Itsasargia’ olerkia irakurri zuen, azken hilabeteetan Gure Eskuk aurrera eraman duen hausnarketa prozesuari buruz.

Urte hauetan guztietan Gure Eskuren bozeramaile izan diren Angel Oiarbide, Zelai Nikolas eta Josu Etxaburuk elkarrekin egin zuten topa oholtzan, «eskuz esku egindako bideagatik eta egiteke dugunagatik», eta etorkizuna ere «gure esku» dagoela aldarrikatu zuten.

Nikolasek 10 urte hauetako bizipen on zein zailak aipatu zituen eta azpimarratu zuen Gure Eskuk lortu duela kalean erabakitze eskubideari buruz naturalki hitz egitea.

Oiarbidek adierazi zuen bidea «gozagarri» dela «elkarrekin egiten dugulako»; prozesuen ziklikotasuna ere izan zuen hizpide, eta Zelaik bezala, Gure Esku aktibo jarraitzearen beharra mahaigaineratu zuen: «Herri honek munduan bere lekua nahi badu, horrelako mugimendu zabala behar du, anitza, oinarritik batzen gaituena eta elkarlana oinarri duena, arazoen gainetik begirada luzeko mugimendua».

Etxaburuk eman zion bukaera hitzartzeari gogoraratuz atzokoa zoriontzeko eguna zela, baina «benetan zoriontzeko eguna» izango zela «herri honek etorkizuna erabaki ahal izango duen eguna».

Gure Eskuk eskerrak eman zizkien hamar urte hauetan lagun izan dituzten guztiei eta modu batean edo bestean ekimenaren parte izan diren guztiei.