INFO

Kirola eta elkartasuna uztartzen dituen Futbol 7 txapelketa iraganen da larunbatean Hendaian

Larunbat honetan Hendaiako Ondarraitz futbol zelaian ospatuko da euskal preso eta iheslarien aldeko sostenguz antolaturiko Futbol 7 txapelketaren XVIII. edizioa.

Pandemiak aginduta bi urtez gelditu zen txapelketa iaz jarri zen berriz ere martxan. (Artxiboa)

Euskal preso eta iheslarien aldeko sostenguz antolatzen den Futbol 7 txapelketaren XVIII. edizioa ospatuko da, ekainaren 10ean, larunbatarekin, Hendaiako Ondarraitz kirol zelaian.

Goizeko 8.30ean ekinen diote kirola eta elkartasuna uztartzen duen ekimenari. Goizeko 09.00etatik landa eta 13.00ak arte partiduak iraganen dira eta ondoren zazpinaka arituko diren taldeen jokalariek pausa hartuko dute txapelketara bertaratuko diren bertze lagunekin batera bazkariaz gozatzeko.

Paxkal Irigoyenen musikak girotuko du atsedenaldia.

15.00etatik aurrera txapelketaren partida erabakigarriak helduko dira, arratsaldea aurrera egin ahala argituko baita zein taldeak eramanen duen norgehiagoka.

Jakin behar baita, ohiturari jarraituz, hiru sari banatzen direla txapelketaren amaieran.

Txapelketa irabazten duen taldeak asteburu-pasa bat eskuratuko du, Lizarran.

Txapeldunordeak ospakizuna sagardotegi batean jarraitzeko parada izanen du eta hirugarrenak, berriz, tokiko produktuen mozkinez osaturiko saskia eramanen du etxera.

Behin furtbola amaituta bestaren tenorea helduko da. Hala, futbolaz aparte, festa giroan murgilduko dira Ondarraitzera bertaratuko diren lagunak.

Stepi Selektah eta Rakatapunki kontzertuen ondotik, 22.00etan DJ Infernuren ordua izango da.

Parte-hartzaile bakoitzaren izen-ematea 20 euroan dago eta egunarekin eskuraturiko etekinak preso zein iheslari politikoen sostengurako izanen dira.

Antolatzaileek oroitarazi dutenez, txapelketan parte hartu ahal izateko taldeak, ezinbestean, gutxienez 7 kide behar ditu eta lehen aipaturiko diru ekarpena egunean bertan behar du ordaindu.

Hendaiako Futbol 7 Txapelketa sona handiko kirol ekimena da. Urtero 50 futbol talde inguru biltzen ditu eta Ipar Euskal Herrian euskal preso eta iheslariei laguntzeko iturri garrantzitsuenetarikoa da.

Sortu zenetik bi urtez bakarrik utzi behar izan dute bertan behera antolatzaileek, covid-19ak eragindako pandemiak hala aginduta. Horrendako, 2020an txapelketan biltzen den sosa bermatzeko xedez crowfunding kanpaina bat abiatu zuten eta 1.480 euro bildu zituzten euskal presoen familientzat.

Iaz abiatu zen berriz ekimena eta ekainaren 10ean, berriro ere, kirola eta elkartasuna batzen dituzten kirol taldeak zelaiaratuko dira Hendaian.