INFO
Entrevista
Salome Martinez de Ilarduya
Lautada Ikastolako Zuzendaria

«Araba Euskarazen topagunea behar dugu arabarrok euskaraz bizitzeko»

Lanpetu eta biziak izan dira azken asteak Salome Martinez de Ilarduya (Gasteiz, 1974) Lautada Ikastolako zuzendariarentzat, gaurko festa merezi bezala joan dadin buru belarri aritu baitira. «Tentsioa» sentitu arren, «ilusioak dena hobeto eramaten laguntzen du» eta Olarizura joateko gonbitea egin du.

Salome Martinez de Ilarduya, Lautada ikastolako jolastokian. (Jon URBE | FOKU)

Bigarrenez, elkarlanean eta Olarizun ospatuko duzue Araba Euskaraz. Zer abantaila ditu hala antolatzeak?

Zortzi ikastolen artean antolatu genuen iaz, batzordeak sortu eta lanak banatuta. Elkarlanak fruituak eman ditzakeela ikusi genuen eta horrela funtzionatu dugu. Olarizu elkar ezagutza sustatzeko, harremanak egiteko eta saretzeko topalekua izan zen eta aurten ere hori lortu nahi dugu.

«-ekin» leloa aukeratu duzue. Zer da horrekin adierazi nahi duzuena?
Ekintzari eta ekiteari egiten dio erreferentzia. Ikastola guztiok egiten dugun ahaleginaren isla da, bai ekitaldi hau antolatzeko bai ikastolen proiektuak aurrera ateratzeko eta ikusarazteko. Ekinaren ekinez goazelako aurrera, ekin eta ekin, elkarrekin.

Araba Euskaraz lehenengoz egin zenetik 41 urte geroago, zertarako da baliagarri?
Sarea elkarrekin sendotzeko eta elkarrekin aurrera egiteko, ikastolon ereduari eta euskarari bultzada emateko baliagarria da. Ikastolek eta euskarak behar dugu Araba Euskarazen bozgorailua, euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia ikusia eta entzuna izateko; arabarrok behar dugu Araba Euskarazen topagunea euskaraz bizitzeko.

Zeintzuk dira jaiaren asmoak?
Urte osoa daramagu lanean eta aukera paregabea izan dugu, eta gaur ere izango dugu, gure proiektu pedagogikoa ezagutarazteko eta gure izaeraren berri emateko, esperientzia batzuekin elkarlanean aritzeko, eta bai Agurain bai Lautada euskaldun baten alde egiten dugun lana ikusarazteko. Euskalduntze prozesu horretan Lautada Ikastola agente aktiboa den heinean, gure lana ezin da gure ikastolaren lau hormen barruan geratu.

Eta helburu ekonomikoak?
Gure eraikinak urte asko ditu; aldaketak eta obrak egin izan badira ere, oraindik ere behar handiak baditugu eta hauei aurre egiteko funtsak behar ditugu. Gure metodologia eta lan egiteko modua aldatzen doaz eta horiek behar bezala gauzatu ahal izateko espazioak moldatu behar ditugu.

Nola ikusten duzu euskara Lautadan? Zein erronka dituzue?
Uste dut Euskararen jakintza eta erabilera maila handitu dela, seme-alabekiko erabileran asko hobetu duela. Gure erronka bultzada eta jarraikortasuna ematea da.

Zer paper jokatzen du Lautada Ikastolak kuadrillaren euskalduntzean?
Gure jaiotzatik herriari lotuta gaude, parte hartzaile aktibo gara, euskararekin lotutako hainbat ekimen antolatzen ditugu. Agurainen eta Lautada osoan martxan den euskalduntze prozesuan ahalik eta ekarpen handiena egitea dugu helburu, euskararen erabilera herrian zabaltzeko. Ikastolan jarduera osagarri asko aurrera eramaten ditugu familiak aktibatzeko eta euskara ikasgelatik eremu informalera eramateko.

Zuen proiektu pedagogikoa eta izaera ezagutaraztea aipatu duzu. Ze oinarri dute?
Ikastolaren sorreratik, gure proiektu pedagogikoa eratzen, hobetzen eta zabaltzen joan gara. Lehentasuna, curriculumean eta proiektu pedagogikoan jarri genuen eta horrela jarraitu dugu. Euskara da erabilera eta harremanetarako hizkuntza nagusia eta, familien eta irakasleen arteko elkarlanean oinarrituz, ume zein nerabeak euskaldun eleaniztun gisa hazi eta hezi daitezen murgiltze eredua eta baldintzak eskaintzen ditugu. Gure helburu nagusia pertsonak heztea da, eta ikasleak 2 urterekin sartu eta 16 urterekin irteteak bide osoan zehar ditugun helburuak lortzen joatea errazten digu. Pertsona kritiko, autonomo, euskaldun, genero berdintasunaren aldeko... izan daitezen lan egiten dugu.

Nor omenduko duzue aurten?
Euskaltzaindiaren D eta B tituluetako prestakuntzan eta azterketa epaimahaian lanean ari ziren zenbaitek 1981ean Bostak Bat Kultur Elkartea sortu zuten, ikastaro haietarako materiala prestatzeko. 40 urte dira elkarteak euskara hutsezko lehen Sinonimoen hiztegia argitaratu zuela, eta aitortza egin nahi diogu euskara ikertu, egokitu eta zabaltzeagatik. Gure esker ona gorpuztuko dugu haietako bi kide omenduz: Patxi Urribarren, arabar euskaltzain emeritua, eta Juan Luis Goikoetxea, ohorezko euskaltzain eta taldeko zuzendaria.

Zer nabarmenduko zenuke egitarautik?
Hiru gune nagusi izango dira: Lautada, Mendia eta Erreka, eta eremu bakoitzak programazio propioa izango du, baina egun osoan zeharreko eskaintza iraunkorra ere bai. Olarizuko zelaietara gertatutako diren guztientzako egitarau anitza prestatu dugu, adin tarte guztiok jaiaz goza dezagun. Zaila da programa zabal honetatik zerbait nabarmentzea. Pertsonalki zerbait aukeratu behar badut, bertsoekin, dantzekin, erromeriarekin, orokorrean, musikarekin zerikusia duen guztia izango litzateke. Denok dakigunez, Go!azen telesaila oso ospetsua egin da eta Lautada gunean egongo den ikuskizuna haurrentzat zein gazteentzat oso aukera erakargarria da.

Zuen ikastolaren inguruko jendearen inplikazioarekin gustura al zaudete?
Hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa egon da, eta horri esker, familien eta, oro har, hezkuntza komunitate osoaren arteko harremanak sendotu dira. Gure ikasleek urte osoan zehar egin diren ekimenen prestakuntzak ikusi, eta parte hartu dute ere; auzolana eta taldean aritzearen garrantzia sumatu eta barneratu dute.

Animatu euskaltzaleak Olarizura etor daitezen.
Urte osoan lan egin dugu egun honi begira, Lautada Ikastolarekin lotutako aurreko Araba Euskarazen ekitaldiko leloak lotuz osatzen den moduan: “Gogo biziz”, “Geroari begira”, eta “elkar-(r)EKIN”. Olarizun elkartzeko gonbita egin nahi dizuegu, euskaraz ospatzeko jai eguna izatea nahi dugu.