Arruti-Arbelaitz eta Telleria-Gabirondo, txapelak jantzita eta errekorrak birrinduz
Giro bikaina Tolosako zezen-plazan, errekorrak errekorraren gainean eta, oro har, kirol ikuskizun bikaina eskaini dute final hauetan bietan parte hartu dutenek. Txapela bikote banak eraman arren, herri kirolak izan dira garaile nagusienak.
Munduko zezen-plaza handiena de Tolosakoa, ez baitago betetzeko modurik –nahiz eta harmailetan, besteak beste Aitor Elordi Binakako eta Buruz Buruko txapeldun berria ere izan den–. Alabaina, giro eder askoa eta ikuskizun bikaina eman dute Binakako Euskal Pentatloiaren final nagusian. Beti dago irabazleren bat, baina irabazle bikote bi izateaz gain, orain arte ezarritako markak birrindu ere egin dituzte, bai emakumeen finala irabazi duten Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitzek, baita gizonezkoetan gailendu diren Julen Gabirondo eta Beñat Telleria ere. Are gehiago, errekorrei so eginez gero, iaz ezarritako 39 minutu eta 45 segunduko marka aurreneko lau sailkatuek hautsi dute, eta emakume irabazleek 24 minutuko langa erraz bota dute.
Xarma final biek izan badute ere, elkarrekiko arras ezberdinak izan dira. Emakumeen finalak ez du kolorerik izan, batez ere aizkora proban bikote garaileak sekulako jipoia eman baitie arerioei. Gizonen finala beste kontu bat izan da. Egia da aurreneko txandan aritu diren Telleriak eta Gabirondok sekulako nagusitasuna erakutsi dutela, baina bigarren txandan joan diren Izeta VI.a –aurrenekoz, ez du irabazi pentatloiko finala– eta Olaizolak bertan izan dute garaipena. Aizkora proba eta txinga eramatearen ostean aurretik ziren, baina korrika ezin izan dute Telleria eta Gabirondok ezarririko erritmoa jarraitu. Akaso besterik izango zatekeen txanda berean egokitu izan balira? Ezin jakin. Nolanahi, erlojuaren aurka lan polit askoa egin dute hauek ere.
Egurren artean dantzan
Emakumeen finalak ireki du arratsaldea Tolosako zezen-plazan. Orbe eta Martinezek berehala egin dute atzera, pronostikoak akaso nahiko luketena baino arinago beteta. Hala Fernandez de Barrena-Errekondo bikotea eta Arruti-Arbelaitz nabarmendu dira harrijasotze proba amaitu berritan. Arruti eta Errekondok giza probak gizatasunetik gutxi duela erakutsi dute horren ostean, akaso teknikaren aldeko gabeziak gogoa eta adorearekin orekatuz. Apur bat lasaitu direnean hasierako suak, Arruti eta Arbelaitz iaz lortu zuten txapela berriz ere lortzeko bidea irekitzen hasi dira.
Aizkoran hasterako 44 segunduko aldearekin hasi dira eta Urnietan eta Oiartzunen jaiotako bikote honek bere trebezia erakutsi dute denetan teknikoena den proba honetan. Arrutik iaztik hona asko hobetu du egur gaineko proban eta arerioekiko abantaila handitu baizik ez dute egin.
Gezurra badirudi ere, iazko irabazleek errekorra mila puska egin arren, hain zuzen aizkoran sufritu dute. «Ez gara entrenamenduetan bezain koordinaturik ibili eta, egia esan, plazan entrenatzen baino denbora eskasagoa egin dugu. Egia da, bestalde, adarra ere atera zaigula bigarren enborrean», azaldu du proba amaitu ostean Nerea Arrutik.
Hain zuzen, txinga eramaten eta korrika Nerea Arrutik sekulako erakustaldia eman du, Amaiur Arbelaitzek bere martxan ito gabe jarraitzen nahikoa lan izan duen artean.
Zentzu horretan, bakoitzari berea zor zaionez, Lur Errekondok eta Oihana Fernandez de Barrenak atzetik aurrera egin duten lanak sekulakoa izan da, batez ere Usurbilgo eskubaloi jokalari ohiari dagokionez. «Aizkoran eta giza proban asko nekatu naiz eta kosta zait buelta ematea. Aizkoran nik neuk gidatu behar nuen bikotea, baina oso hustuta egon naiz tarte horretan», adierazi du Oihana Fernandez de Barrenak.
Baina normala den moduan, aizkora proba eta gero atzetik hiru minutu pasako aldeaz ekin dion bikoteak ezin izan dio bueltarik eman bi kilometro korrika egin beharreko probari, nahiz eta Lur Errekondok maila bikaina erakutsi duen korrika. «Datorren urterako aizkoran dugu hobetu beharra, baino horixe itzuliko garela. Irabaztera gainera!», adierazi du Usurbilgoak.
Bere aldetik, Orbe eta Martinezek lehenengotik konformatu behar izan dute azken postuarekin, baina lan duina egin dute, zalantzarik gabe.
Emakumeen III. Binakako Euskal Pentatloia:
1- Arruti-Arbelaitz 23:24
2- Errekondo-Fernandez de Barrena 25.35
3- Orbe-Martinez 28.51
Emozioa bi eszenatan
Gizonen finalak, esan bezala, arras izan dira ezberdinak. Bi txandatan aritzeak neurri baten sorpresarako tartea ere irekitzen du, are gehiago Izeta VIak eta Olaizolak bigarren txandan erakutsi duten handinahia baldin badute.
Baina handinahia eta erregulartasuna uztartu dituzte Telleria eta Gabirondok aurreneko txandan. Erreferentziarik gabe jokatu arren, pentatloi batek hain beharrekoa duen oreka bilatzen asmatu dute. Harrijasotzen «Zelai» lehengusuekiko parean amaitu eta gero giza proban egundoko maila eman dute biek ala biek lau plazak osatzeko sasoian. Han hartutako abantaila aizkoran eta txingetan eutsi ez ezik, zabaldu ere egin dute gainera, biek ala biek 2022ko pentatloiko errekorra birrintzea izan baitute xede.
Baita bete ere. Aurreneko lau probak osatu ostean gorputza beteta izatea ez da harritzekoa, baina korrika egin beharreko lau kilometro horietan egundoko maila erakutsi dute. Erreleboak bina bueltaka emanez, kilometro bakoitza lau minutuz behetik bota dute, erritmoa galtzeko beldurrik gabe eta azken itzulietan pausoa azkartuz gainbera. Iazko marka hiru minutu eta erdian bota dute eta «Zelai» lehengusuek egindako lan bikaina ere gauza normala bailitzan geratu da, erabateko injustizia egitea litzatekeen alderaketa eginez gero.
Emozioa bigarren txandarekin hasi da handitzen. Izeta VI.a eta Olaizola gustora ziren hasiera baten denbora erreferentziekin jokatu ahal izango zutelako, baina proba hasterako lan txarrak zituztela jakinean geratu dira.
Nolanahi, batez ere giza proban –Izeta VI.aren tiraldi luze horiek gizatasunetik baino kirtenkeriatik gehiago duten arren– eta aizkoran oso maila aparta erakutsi dute. Telleria eta Gabirondoren marken inguruan amaitu dute giza proban –Olaizola hor ibili da makalen, egiari zor–, baina buelta ematea erdietsi dute aizkoran egin duten lanarekin. «Denbora irabazi behar genuen horretan galdu egin dugu hasiera baten, eta galdu behar genuenean, berriz, irabazi», laburbildu du Xabat Olaizolak probaren nondik norakoari buruz galdetu zaionean.
Nolanahi, bospasei segunduko aldearekin hasi dira korrika. Xabat Olaizolak aurreneko itzulietan latz sufritu du, probak aurrera egin ahala asko hobetu duen arren. Izeta Vi.ak, berriz, bizi ekin die bere itzuliei, baina bigarren itzulia azkenerako luze egin zaio. «Eskuan dudan honek –kronometroak, alegia– azkar egiten du aurrera, eta ez dakit lortuko duten», onartu du Joxe Ramon Iruretagoiena «Izeta II.a», bikote honen prestatzaileak.
Ez du arrazoirik falta izan. Lasterketa erditik aurrera txandatzeak itzuli bakarrera murriztu dituzte, bizitasunik ez galtzeko ustean, baina Telleria eta Gabirondoren erritmo jarraitu horrek berea egin du. Are gehiago, azken itzuliaren hasieran Xabat Olaizolari lekukoa erori zaionean. Hala ere, ordurako, Telleria eta Gabirondo jakitun izan dira txapela berea zela.
«Txapelduna bakarra da, bai, baina irabazle asko», adierazi du, hala ere Izeta VI.ak. «Bistakoa da partehartzaileek gero eta maila handiagoa dugula eta jendeak ere asko lagundu du. Egun borobila izan da», onartu du azkenean.
Irabazletzat jo litezke, izan ere, hirugarren amaitu duten Irazabal eta Amade bizkaitarrek, eta hurrenez hurren azken bi postuetan amaitu duten Zaldua eta Mugertza III.ak zein Kañamares III.ak eta Otaegik. Baita Tolosako zezen-plaza goraino bete ez duten zaleak ere.
Gizonen IV. Binakako Euskal Pentatloia:
1- Telleria-Gabirondo 36:15
2- Izeta VI-Olaizola 36:34
3- Irazabal-Amade 38:33
4- Zelai IV-Zelai V 39:17
5- Zaldua-Mugertza III 40:23
6- Kañamares III-Otaegi 43:22