INFO

‘El arte en el croquis de escalada’ arrakastaren bidetik abiatu da

Juancar Sanzek, Eli Azurmendik eta Rafa Elorzak ekoitzitako liburuak babes oso zabala izan du, heldu den astean amaituko den crowdfunding-ari esker. Lehen aleak azaroan egongo dira eskuragarri.


‘El arte en el croquis de escalada’ liburuak argia ikus dezan, hots, gure eskuetan zein apaletan egon dadin, kanpaina bat abiatu zuten. Juancar Sanz, Eli Azurmendi eta Rafa Elorza egileek crowdfunding-a hasi zuten, eta, mendiko kultur ekoizpen bat izateko, egundoko arrakasta izan du. Gogora dezagun lan berritzaile horrek eskaladako krokisen eboluzioa jasotzeaz gain, aitortza ematen diola krokisek duten kutsu artistikoari.

Nahiz eta lan guztiak bukatuta dauden, orain “labean” sartu eta emaitzaren bidean jarriko dira. Heldu den astean itxiko ditu ateak aipatu dugun kanpainak, eta uste dugu garai aproposa dela ‘El arte en el croquis de escalada’ lanak dituen ildo nagusiak ezagutzeko.
Horretarako, egileekin hitzordua jarri dugu, eta lehen galdera, jakina, crowdfundingak izan duen arrakasta itzelaren inguruan egin die NAIZek: «Oso pozik gaude jasotako erantzunarekin. Kanpaina hasi aurretik lagunen artean eginiko azterketak arrakastatsua izango zela baieztatu zigun. Elkarlanean oinarritutako proiektua da, eta jende askoren laguntza jaso dugu; antza denez, xede honen parte sentitu dira. Eta hor koka daiteke erantzun arrakastatsuaren gakoa. Jakinmina sortzen duen gaia da; itxuraz zerikusirik ez duten bi arlo uztartzen ditu: kirol ariketa eta artea».

Liburuaren hiru egileak Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteko kideak dira, eta, hain zuzen ere, mendi elkartearen egoitzan bertan jaio zen egitasmo berri hau. Aurreneko urratsa krokisen erakusketa bat izan zen: «Erakusketak izan zuen harreraren ondorioz, ikusi genuen aukera zegoela erakusketa handiago bat egiteko: edukiak zabaldu eta krokisaren historia konta zezakeena. Horretan buru-belarri genbiltzala, bazter guztietako materiala biltzen eta kontakizunak lantzen geundela, bat-batean garbi ikusi genuen liburu erakargarri bat ere bagenuela esku artean. Liburu eder bat argitaratzen ahalegindu gara; ikusgarria eta edizio dotorearekin».

Egileok ez dira hasiberriak krokisen munduan. Erakusketekin argi utzi dute arlo hori bikain menderatzen dutela. Gainera, hirurek harreman zuzena dute krokisarekin. Lan horietan Sanzek ikuspuntu funtzionala edo informatiboa lantzen du; Azurmendik eta Elorzak, aldiz, alde artistikoa. Hortaz, bi ikuspuntu horiek uztartu dituzte: «Bai, hori zen helburua. Nahiz eta kanpoko begirada batentzat agian krokis artistikoa erakargarriagoa izan daitekeen, ezinbestekoa da funtzionalei tartea egitea. Mendizaleentzat tresna bat da krokisa; apaingarriz beteta egon daiteke, gero dator krokisa bera artelan bihurtzea. Historiari buruz ari bagara, krokis funtzionala kontuan hartu behar dugu».

Eskalatzaileek dakitenez, krokisek helburu oso zehatza dute: hartzaileari ahalik eta datu edo informazio zehatzena ematea eskalatu nahi duen bidearen inguruan, alegia. Hori esan eta gero, galdetu diegu ikuspuntu artistikoak zertarako balio duen. Honako erantzuna eman dute: «Arteak balio du gozatzeko eta gozarazteko; uste dugu ez duela beste aitzakiarik behar. Gure zein eskalatzaileen gozamenerako egiten ditugu. Krokis eder batek lekua edo eskalada-bideak erakargarriak egin ditzake, eta ametsak pizteko balio dezake. Eskaladako bideen egileek izugarri eskertzen dute beraiek eginikoaren interpretazio artistiko bat. Finean, bide bat sortzeak badu alderdi sortzaile handi bat; beldurrik gabe aitor genezake artelan bat dela. ‘El arte en el croquis de escalada’-rekin adierazi nahi dugu eskalatzaileok funtzionaltzat hartzen dugun krokisaren munduak baduela adierazpen artistikoa.

Hori da, hain zuzen ere, liburuak eta erakusketak defendatzen duten tesia eta uste dute ideia horrek erakargarri egin dezakeela krokisen mundua eskalatzailea ez den norbaitentzat edo mendia gustuko ez duenarentzat. «Artearekiko sentsibilitatea duen edonork balioa eman diezaioke», azpimaratu dute liburuaren egileek.

Harribitxi asko

Liburuaren edukiari dagokionez, protagonistok argi utzi digute ez dela erakusketaren katalogo huts bat. Liburuak eta erakusketak, biek, material asko partekatzen dute, eta erakusketan dagoena islatzen da. Halere, egileok esan dute liburua sakonagoa dela: «Alde batetik, pieza gehiago erakusten ditugu: 300 irudi. Baina, bestetik, testuen bitartez liburuak diskurtso landuagoa egiteko aukera ematen du. Horri esker, badago ildo kontzeptual bat, krokisaren jaiotzatik hasita bere eboluzioa aztertzen duena artelan bihurtu arte».

Sanzek, Azurmendik eta Elorzak kontatu dutenez, 300 irudirekin hornitu dute ‘El arte en el croquis de escalada’ . Horien artean historikoak eta gaur egungoak ikus daitezke. Hiru iturri nagusi izan dituzte krokisak biltzeko. Lankidetza horretan parte hartu dutenen ekarpen pertsonalari esker, mundu osoko eskalatzaile askoren marrazkiak jaso dituzte: «Sare sozialei esker, harremanak ez dira zailak izan. Ate asko jo ditugu, eta guztietan beso zabalik jaso gaituzte. Beste iturria gidaliburuak eta mendi-aldizkariak izan dira; garai guztietakoak, eta horri lotuta mendizaletasun museoetatik eta elkarteetatik bildu ditugu. Azkenik, aterpeetan, tabernetan edo mendi elkarteetan jasota dauden liburuxkak, urteetan zuzenean mendizaleen testigantzak jaso dituztenak. Harribitxi asko daude: Rabadak eta Navarrok egindako krokisak, Urrielluko tontorrean idatzitakoak… Bonattiren paperak ilusio handiarekin jaso ditugu, baita Conrad Ankerren Patagoniako oharrak edo Jordi Tosasenak ere».

Liburua, mendiko kulturari ekarpen handia egiteaz gain, berritzailea da. Izan ere, krokisen inguruan ekimenen bat edo beste badago, baina bere osotasunean hartzen duenik ez dugu ezagutzen: «Ikertu ondoren, ohartu gara ez ginela  gu bakarrik gai horretan interesatuak. Bi aitzindari aipatu behar ditugu. Armand Ballart katalana da bat. Krokis-egile ospetsua da, eta liburuan parte hartzeko prest egon da hastapenetatik. ‘Alpinist’ aldizkari estatubatuarra da bestea. ‘Art of The Topo’ izenburuarekin ale ezberdinak argitaratu ditu. Aldizkari horrek kontaktuak bilatzen lagundu digu. Guk dakigula, libururik ez dago, ezta erakusketarik ere. Esan daiteke esku artean izango duzuen liburua berritzailea dela».

Liburuaren edukien sakontasuna zein irudiak ez ezik, Patagoniako bideen inguruko krokis-egile nagusietako batek idatzi du liburuaren hitzaurrea, Rolando Garibottik: «Inplikazio izugarria izan du liburuan. Ohore bat da, eta ilusio handiarekin jaso dugu bere ekarpena. Pertsona oso serioa, zorrotza eta langilea da. Alpinista handia ere bai, eta alpinismoaren inguruko informazioan, batez ere Patagoniari buruzkoan, aditua».

‘El arte en el croquis de escalada’ -ren mamian sakondu eta gero, liburuaren aurkezpena azaroaren 24an egingo da, Bilbon, Mendi Film Jaialdiaren barruan. Hain zuzen ere, Berreginen Museoaren Aztarnategian, erakusketarekin batera. Horren ondoren, aurkezpen “bidaia” luzea izango dute: Donostia, Jaka, Madril…

Bi hizkuntzatan idatzia dago lana, gaztelaniaz eta ingelesez: «Atzerrian ere jakin-mina sortu du eskalatzaileen artean. Ez dakigu harrera ona izango ote duen, baina badaezpada ere ingelesezko bertsioa prestatu dugu. Bestalde, crowdfundingaren bitartez liburua salneurri berezian (30 euroan) aldez aurretik erosi nahi duenarentzat oraindik aukera badago Verkami.com webgunearen barruan ‘Arte en el croquis de escalada’ bilatuta. Datorren larunbatean amaituko da epea. Liburua argitaratzen denean 38 euroan salduko dugu».